Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/07/02

Gipuzkoako Batzar Nagusiak Oiartzunen

Uztailaren 2an, urtero, Gipuzkoako herri desberdinetan elkartzen dira Batzar Nagusiak, aspaldi handiko ohiturari jarraituz. Atzo Oiartzuni egokitu zitzaion Bilkura Ibiltaria egitea eta Udaletxean elkartu ziren, legealdia hasi berritan. Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, Oiartzungo alkate Joana Mendiburu eta Eider Mendoza diputatu nagusia alboan zirela, Euskadiko iragan eta orain politikoaren katea egin du Oiartzunen Batzar Nagusien Bilkuran, atzokoa eta gaurkoa Oiartzungo semeak ziren euskal kulturgile handiek, lekuonatarrek eta Letek, egindako ekarpenak aletuz. Hona hemen Ezeizabarrenaren hitzaldia atzo Oiartzunen.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak Oiartzunen

Alkate andrea, Diputatu Nagusi andrea, Foru Diputatu jaun-andreak, batzarkideak, gonbidatu eta etxeko langileak, lagunok, egun on.

Neuk ere aipatu behar ditut oiartzuarrak. Izan ere, azken aldiko Euskadiko historiarako esanguratsua eta euskal kulturarako emankorra ageri zaigu Oiartzungo herria.

Gure historia hurbilaren argiak eta ilunak jasotzean, lekuonatarrak datozkigu: Manuel eta Martin, anaiak; eta iloba Juan Mari. 

Martin Lekuona. Euskal langileen elkartasuneko 800 langileen mugimendu katolikoaren kontseilari zen Errenterian orain ia mende bat. Frankistek fusilatu zuten 14 euskal apaizetako bat izan zen Lekuona, Ondarretako kartzelatik Galarretara eramanda, 1936ko urri hasieran. Kronika makur hartan beste lau apaiz ere fusilatu zituzten Oiartzunen: Joakin Arin (Villabonakoa), Leonardo Guridi (Oñatikoa) eta Joxe Markiegi (Debakoa); Joxe Peñagarikano bizkaitarra ere hemen fusilatu zuten.

Martin Lekuonak eta Oiartzunen fusilatu zituzten hauek ez zuten hileta-elizkizunik izan, ez zen jaso beren izenik hilen erregistroan. Zigor makurra oroimenetik ezabatzea, frankismoak hilketei erantsi zien ankerkeria, giza duintasun eta oinarrizko eskubideen aurkakoa, euskaldunak zapaltzeko. Baina ez ziren ahaztuak izan: euskal elizbarrutiek hileta-elizkizuna egin eta beren izenak eta heriotza jaso zituzten 70 urte eta gehiago igaro ondoren.

Gure herrian jasandako sufrimendu bidegabearen ataletako batek jokabidea erakusten digu: oroitzapenaren garrantzia: iragana gogoratu eta egia jaso, etorkizuna duin eta zuzen eraikitzeko. Honek balio digu gerra garaiko gertaeretarako eta berdin ondorengo indarkeria eta giza eskubideen urraketen aurrean bidea egiteko.

Bestetik, herri baten duintasuna gauza askotan jokatzen da, baina funts-funtsean, bere izatea eta nortasunaren ezaugarriak aintzat hartzean eta goratzean. Hori da kultura lantzeak egiten duena. Eta horretan lekuonatarrak gidari ageri zaizkigu. Manuel Lekuona daukagu, batetik, Gipuzkoako Seme Kuttun izendatua 1980an, ondo merezia izendapen hori eta beste hainbat aitormen. Eta berari zor dio gure herriak ahozko euskal literatura dagokion mailara jasotzea.

Halako pertsonak, berezko dohainei esker ez ezik, belaunaldi baten barruan eta, azken batean, herri batean loratzen dira. Bakanak izan ohi dira, apartak, baina ez bakarrak eta bakarrik aritzen direnak. Adibidez, Manuel Lekuonak “Euskal Idazle Eskola” sortu zuen ikasle gazteen artean, Gasteizen, eta, aldi berean, Joxe Migel Barandiaranek XX. Mende hasierako jakintsuen pentsaera ezagutzeko elkartea. Elkarlana da hori, batzuk eta besteak, bakoitza bere arloan, eragile, bultzatzaile.

Euskal Pizkundearen garaia zen. Euskal metrika eta euskal ahozko literatura ikertu zituen: bertsolaritza, euskal literatura herrikoia, kopla zaharrak, olerkiak. Santi Onaindiak dio: Manuel Lekuonari esker “gure herriak ikasi zuen gure bertsoak barnean duen ederraren ederra. Orduantxe hasi ziren, zer lur zapaltzen zuten zekitela, bertsolari txapelketak antolatzen. Denok dakigu nolako indarra zuten gerra aurretik.” Bertsolari Elkarteko Ohorezko kide izendatu zuten 1987an, hil zen urtean. Euskaltzaindiako buru izan zen eta makina bat aldizkaritan zabaldu zuen euskal folklorea eta kultura. Halakoa zen bere jakituria non, “Zigor” operako libretoa idazteko eskatu zion Frantzisko Escudero konpositoreak, eta halaxe atera zuten aurrera euskarazko opera 1967an.

Euskal ahozko literaturaren aztarna zaharren artean ikusi dut “Del Oiartzun antiguo” liburuan berak berreskuratutako XIV. mendeko kopla:

Mila urte igarota,

Ura bere bidean  …

Gipuzkoarrak sartu dira

Gaztelako etxean;

Naparrakin batu dira

Beotibarren pelean.

Lekuona zaharrari Lekuona gazteak jarraitu zion: Juan Marik. 1927an jaio zen Oiartzunen. Eta gure ahozko literatura ikasia eta, gainera, olerkaria, 1958an bere bokazio poetikoa aldarrikaturik. Hitzaldi honetan ezin esan ahalako ezaugarriak ditu Juan Marik. Baina sorkuntza eta pentsamenduari dagokion zerbait aipatu nahi nuke: isiltasuna eta denbora edo astia, sortzeko, hutsik dagoen papera hitzez betetzeko giro egokia.

Gaur egungo bizimodua zurrunbilo baten antzekoa da, gelditzeko tarterik gabe, eta pentsatzeko ere ez, batez ere aro digital honetan, gai batetik bestera saltoka, burua sakabanaketa betean, burrunba eten gabean. Poesia eta politika egitea ez dira gauza bera, noski, baina Juan Mari Lekuonak bere buruarentzat daukanetik, guk ere, agian, har dezakegu zerbait: gelditu, arnasa hartu eta begirada berritu. Arreta jartzen dio apaiz hark gizarteari eta onginahiz begiratzen du gizakia: “gizon-emakumeen alde ona eta handia ikusi zalea naiz; ezingo diot poeta izateari utzi”, dio oiartzuarrak.

Guk ere politika egitean, herriaren ona eta handia ikusteko giroa behar dugu. Baldintzak sortu lehenik geuk ikusteko, eta, politikaren bidez, Gipuzkoako herritarrei adierazteko; eta, horrela, gipuzkoarrek antzemateko politikaren ona eta handia.

Beste oiartzuar batek ez zeuzkan saltzeko lekuonatarrak: Xabier Letek.

Xabier Lete bizi-bizi daukagu bere abestien bidez. Bere pentsamendutik zertzelada batzuk ekarri nahi nituzke amaitzeko.

Diktadura amaierako eta demokrazia hasierako urte erabakigarrietan, ahotsa altxa zuenetako euskal kultur gizonetako bat izan zen Xabier Lete. Gizakiaz eta gure herriaz gogoeta egina, bere olerki eta kantuetan hustu zuen barruan zerabilena. “Ez dut amets handirik” (1976) abestian entzuten dugu:

“Zergatik kale erdian ipuin erorik kontatu,

bizitza merezi duen gazte ederrik hondatu.

Uste onaren emaitzak gau beltzak ditu urratu,

hobe da etorkizuna adimentsuki moldatu”.

Xabier Lete kontra jarri zitzaion ETAri eta haren bidez eragindako sufrimenduari:

“Garai batean, iraultza unibertsalaren ametsa zegoen, ideologiaren bitartez. (…) ETA horrela sortu zen, iraultzarako amets eta egitasmo handiekin. Baina amets usteko horietatik, ia beti, oinazea, sufrimendua eta miseria morala besterik ez dira sortu. Edo diktadura erraldoi eta ankerrak.”

2004an Hemen aldizkarian argitaratutako hitzak dira aurrekoak. Askoz lehenago altxa zuen ahotsa, ordea, Xabier Letek. 1980an “AÚN ESTAMOS A TIEMPO”, manifestua sinatu zuten 33 bat izan zen (sinatzaileen artean Lekuona Manuel eta Juan Mari, Koldo Mitxelena, Joxe Migel Barandiaran, Gregorio Monreal, Miguel Castells, Eduardo Chillida, Jose Ramon Rekalde,…). Idazki trinkoa, gihartsua da, ez du herdoilik. Honela dio:

“(…) nuestro pueblo, en cuatro ocasiones y libremente, ha optado por las vías pacíficas para la solución de sus problemas. Aquellos que pretendan imponer sus propias y violentas maneras no se oponen, muy a pesar de sus afirmaciones, a ninguna violencia institucional, sino lisa y llanamente a lo que no son sino los deseos de su propio pueblo. Nadie tiene derecho a erigirse, al igual que los antiguos sindicatos verticales y el extinguido Movimiento, en representantes de un pueblo que ya tiene sus organizaciones políticas y sindicales, a las que sostiene con su afiliación, militancia y votos.

(…) a la hora de encaminarnos por las sendas de la libertad y la democracia, los vascos nos encontramos en la necesidad de denunciar una situación de la que no saldremos si no nos protegemos de nuestros «salvadores» y no logramos salvarnos de nuestros «protectores». Aún estamos a tiempo”.

MUGA aldizkariaren inguruan sortu zen agiri hau argitaratzeko ekimena, orain 40 urte baino gehiago. Une larrian eta injustiziaren erdian ahotsa altxatzea, alegia, askatasunez ekitea, ordaindu egiten den une horietan, ausartu egin ziren Xabier Lete eta beste batzuk. Merezi du gogoan izatea.

Lete gizon sakona zen. Eta bizitzari begiratzen zion, nola humanizatzen den bizitza, gizakia eta herriak berak. Pare bat pasarte bere pentsamendutik:

“Nik sinesten dut denak materiatik sortu ginela (…); baina, era berean, hortik, prozesu batzuen arabera sortzen dira, baita ere, izpirituari, adimenari, sentsibilitateari, eta poesiari eta arteari eta abar, dagozkion fenomeno eta adierazpen berezi horiek. Eta, azkenean, gure historia horixe da: lur puska miserable bat izanik, nola edo hala, dignitatea eta duintasuna eta gizatasuna lortu nahia (…)”.

1992ko hitzak dira. 2006an ere konbikzio berarekin mintzo da Xabier Lete:

“Nik nahi dut politikoek eta kudeatzaileek bila ditzatela jendearen bizitza dezenteagoa, dezentziara eraman dezaketen baliabideak eta egoera berriak. Horixe, eta jendearen duintasun handia eta duintasun apala, denak izan daitezela errespetatuak”.

Hitz hauek eramaten naute esatera duintasuna zor diogula politikari eta gure erakundeei. Aspaldi zabaldua dagoen hizkera zabarra eta bestea larrutu beharra ez dira parte onekoak. Ez dira onargarriak ere eraso suntsitzaileak, lehiakide politikoa etsaia balitz bezala hartuz. Letek dioen bezala, “jendearen bizitza hobea” eta “duintasun handia eta apala” errespetatzeko eta zaintzeko gaude, gipuzkoarren ona bilatzeko. Askatasun politikoa ez dadila bihurtu hitz-jario lotsagabe eta oldarkor. Horrek, azken finean, beharrezkoak izango ditugun akordioak saiatzea oztopatu besterik ez baitu egiten.  XII. Legealdian Gipuzkoa eta Euskal Herria izan ditzagula politika aurreratuen hartzaile.

Beraz ba, legealdia abiaturik, datorren urtean Arrasaten elkartuko garela iragartzen dut, 2024ko Bilkura Ibiltarian.

Esker anitz zuei, harreragatik, eta, batez ere, Oiartzungo herriari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube