Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Hauteskunde hauetan jokoan dugu nork eramango duen euskaldunen ahotsa Madrilera, nork defendatuko dituen gure interesak”, azpimarratu du Maribel Vaquerok
EAJ-PNVk uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan Kongresurako eta Senaturako hautagaiak aurkeztu ditu gaur goizean DonostianArgazkiak...
“Euskadiren ahotsa. Con voz propia” leloarekin aurkezten da hauteskundetan alderdi jeltzalea eta horixe izan da, hain zuzen ere, gaurko ekitaldiko hitzaldien ideia nagusia. Zentzu horretan, Maribel Vaquero Kongresurako zerrendaburuak azpimarratu du “Euskadiren ahotsa izan garela Madrilen eta, zuen konfiantzarekin, hala izaten jarraitu nahi dugu”.
Maribel Vaquerok azpimarratu duenez, “Euskadiren ahotsa Madrilen nork izango duen da uztailak 23an jokoan duguna, nork defendatuko dituen hemen bizi garenon interesak, nahiak, identitatea, erakundeak eta autogobernua”. Ildo horretan, gaineratu du “horretarako EAJ-PNVk herri honetan bizi, herri hau maite, herri hau errespetatu, herri hau egunero defendatzen eta defendatuko dugun herritarrez osatutako zerrenda aurkezten du”.
Maribel Vaquerok euskal talde “indartsu eta sendoa” izatearen garrantzia azpimarratu du, EAJ-PNVk aurkezten duena bezalakoa. “Gure lemak dioen bezala, ahots propioa dugu, gure ahotsa zuzenekoa da, bitartekari gabekoa, guk ez baitugu motxilarik, guk ez baitugu besteekiko dependentziarik, gurea soilik Euskadiren eta bere herritarren nahia eta interesak dira”, azaldu du. “Euskadiren ahotsa izan garelako eta zuen konfiantza medio Euskadiren ahotsa izaten jarraituko dugu”, bukatu du.
Bere hitzaldian, Luke Uribe-Etxeberria Senaturako hautagaiak EAJ-PNVk Euskadirekin duen konpromiso esklusiboa azpimarratu du. “Guk ez ditugu Euskadiren interesak, gipuzkoar eta euskaldunon interesak, espainiarren interesen azpian edo mendean inoiz jarriko”, nabarmendu du. Eta botoa “euskal klabean” ematearen garrantzia azpimarratu du.
“Kontua ez da Madrilgo bata edo Madrilgo bestea aukeratzea,ez da Pedro-Alberto edo Alberto-Pedro; gakoa beste bat da”, ohartarazi du. “Gakoa da, gure nortasun eta izaera nazionala defenditzeko, gure autogobernua, guri dagozkigun eskumenak eta gure erakundeak errespetatuak izateko, gipuzkoarrok eta euskaldunok euskal klabea daukan botoarekin joan behar dugula uztailaren 23an; euskal klabean bozkatu behar dugu gure eredu ekonomiko, industrial eta soziala sustatzeko, eta gure kultura eta hizkuntza, euskara, defenditzeko”, azaldu du.
Bere alde aldetik, Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak ekitaldiaren hasieran azpimarratu du hauteskunde berrien atarian, EAJ-PNVk baduela zer “defenditu eta zer esan” Madrilen, horregatik defendatu du Euskadiren “ahotsa” hara eramateko lan egingo duela lantaldeak. Egibarrek adierazi du alderdi jeltzaleak baduela “proiektua”: “Badugu eredu sozioekonomiko bat, gure eskumenak tarteko, lantzen eta zaintzen jarraitu behar duguna. Jasaten ari garen erasoen aurrean tinko heldu behar duguna”.
Halaber, gogorarazi du, “gauzatze bidean dagoen” autogobernua ere badugula Euskadin, rezentralizaziorako etengabeko joera baten ondorioz “izugarrizko atzerakada” jasaten ari dena. “Sanchezek ez du hitza bete, eta etorkizunera begira, estaturik gabeko nazioek etorkizunari buruz behar dugun estatusa eztabaidatzeko garaia iritsi da”, nabarmendu du GBBko lehendakariak, “gurea bezalako nazioek bere lekua izan dezaten”, jarraitu du.
Guzti hori zaintzeko aurkeztu du gaur goizean EAJ-PNVk bere taldea Kongresu eta Senaturako, pertsona “beterano eta berriekin”, etorkizunera begira “ate berriak zabaltzeko” lan egingo duena.
EAJ-PNVren Madrilgo Kongresurako hautagaitza Maribel Vaquero Montero, Joseba Andoni Agirretxea Urresti, Iosu Arraiz Aranburu, Olatz Peón Ormazabal, Loreto Osa Ocón eta Iñigo Barandiaran Benitok osatzen dute. Senatuan, berriz, Luke Uribe-Etxebarria Apalategi, Mertxe Garmendia Bereciartu eta Rafa Uribarren Axpe. Guztiak izan dira gaurko ekitaldian, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Xabier Barandiaran eta Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko burukideak eta beste alderdikide eta jarraitzaile batzuekin batera.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31