Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/06/29

Eider Mendoza da Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko behar duen diputatu nagusia

Maria Eugenia Arrizabalagak azpimarratu du “zilegitasun oso-osoarekin” izango dela Mendoza diputatu nagusi, eta datozen lau urteetan Batzar Nagusiak akordio zabalagoak lantzera behartuta egongo direla, “herriaren onerako jarduteko betebeharra daukagulako”.
Euge Arrizabalaga

Maria Eugenia Arrizabalaga Eusko Abertzaleak EAJ-PNV taldeko bozeramaileak gaurko Osoko Bilkuran adierazi du alderdi jeltzaleak Eider Mendoza aurkeztu duela Gipuzkoako diputatu nagusi izateko “zilegitasun demokratiko oso-osoarekin”, EH Bilduk azken urteotan Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean egin duen bezala. Gipuzkoarrentzat hautagaitzarik onena Eider Mendozarena dela aldarrikatu du, proiektu onenaren eskutik, eta nabarmendu du Batzar Nagusiak datozen urteetan akordio zabalagoak lantzera behartuta egongo direla, “beti ere herriaren onerako jarduteko bete beharra daukagulako”.

Era berean, hauteskundeak geroztik, “errelato politiko okerrei erantzuteko” premia ere aldarrikatu du, EAJ-PNVri “legitimitatea kentzeko diseinatuak” izan direnak. Horregatik, “egiak esatera” igo da Arrizabalaga tribunara: “Egia-osteko garaietan ere ez baita egia bihurtzen gezurra, milaka aldiz errepikatzen bada ere”.

Bost adibide ipini ditu bozeramaileak: lehena, inork Gipuzkoan VOX-i propaganda egin badio, hori EH Bildu izan dela ohartarazi du, “erabat arduragabea” dela argudiatuz. Bigarrena, PP eta VOX-ekin alderdi jeltzaleak daukan ustezko paktuaren errelatoa elikatu nahi izana; hirugarrena, Espainiatik politika egiteko estiloa ekarri izana; laugarrena PPk EH Bilduren beharra duela Pedro Sanchezekin lehiatzeko; eta bosgarrena, Bilduk PP behar duela Espainian ultraeskuinaren mehatxuaren biktima izateko eta EAJ-PNVren aurkako kontakizuna elikatzeko.

Arrizabalagak gogorarazi du atzo bertan alderdi sozialistarekin gobernu-akordioa itxi zela, “eta hori dela egia”, hauteskundeen aurretik iragarri zena, erakundeen gobernagarritasuna bermatzeko aukerarik zentzuzkoena delako: “Bi alderdion alde botoa emandako gipuzkoar guztien zilegitasun demokratiko zuzen-zuzenarekin”. Eta horixe da, bozeramailearen hitzetan, Eider Mendozaren hautagaitza sostengatzen duten bi oinarrietako bat; eta bestea, programa “sendo eta mardula”, gipuzkoar bakoitza erdigunean jartzen duena eta erronkei aurre egiteko gai dena. Zentzu horretan, Mendozak berak azaldutako programa laburbildu du, erronka demografikoa, zaintza sistema berritzailea, aldaketa klimatikoa, ekonomia indartsua, fiskalitate progresiboa, kultura, kirola, euskara, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna oinarri hartzen dituena.

Proposamen “sendo” horren aurrean EH Bilduren asmoak alderatu ditu Maria Eugenia Arrizabalagak, gogoraraziz kanpaina amaieran argitaratu zuen “dozenatxo orri eskaseko” dokumentua, zehaztasunik gabea. Era berean, nabarmendu du ezker abertzaleak diagnosi “beltzak” eta “ezkorrak” egiteko duen gaitasuna: “Jendeari bizi dugun errealitatea benetan dena baino askoz beltzagoa dela sinestaraziz”. Gaineratu du errealitatea ez dela “perfektua”, “arazo handiak eta erronka latzak” baditugu ere, jarrera ezkorrak alde batera utzi eta blokeoak gainditzeko beharra ere azpimarratuz.

EH Bilduk 2011-2015 urte bitartean Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatu zueneko garaia ere ekarri du gogora EAJ-PNVren bozeramaileak, orduan gauzak ondo egiten ari zirela defendatu eta orain urte haietako lana “isilpean” mantendu eta kanpaina osoan zehar “atzera begiratu gabe” ibili direla gogorarazi du; “kuriosoa eta kontraesankorra”, Arrizabalagaren iritziz.

Ezker abertzalea tematzen bada ere EAJ-PNV eskuinean kokatzen, alderdiaren “deslegitimizazioa” bilatuz, bozeramaileak nabarmendu du alderdi jeltzalearena eredu abertzalea aurrerakoia dela: “Gure herrigintza aurrerakoia da. Beti izan da aurrerakoia. Ez ezkerrekoak izateagatik, gure eredu abertzalea aurrerakoia delako baizik. Abertzaleak garelako, eta abertzale izateagatik gure helburua gizon eta emakume askez osatutako Aberri aske bat delako”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube