Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/06/28

Eider Mendozaren inbestidura bultzatzeko akordioa itxi dugu EAJ-PNVk eta PSE-EEk

Pertsonen zaintza lehenetsiko duen eta gizarte-, teknologia- eta ingurumen-eraldaketei modu berritzaile eta kolaboratiboan erantzungo dien foru-gobernua eratzea defendatuko dugu bi alderdiek Batzar Nagusietan.
Eider Mendozaren inbestidura bultzatzeko akordioa itxi dugu EAJ-PNVk eta PSE-EEk

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Eider Mendozaren inbestidura bultzatzeko konpromisoa formalki hartzeko akordioa itxi dute gaur, bihar Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran. Batzarkide gehienen babesa lortuz gero, pertsonen zaintza eta babesa lehenetsiko dituen foru gobernu bat eratzeko konpromisoa hartzen dute, aldi berean, ekonomia indartsu bat garatzeko lan egingo duena, Gipuzkoako “familien ekonomia” babesteko, eta gure garaiko gizarte-, teknologia- eta ingurumen-eraldaketa handiei modu “berritzaile, kolaboratzaile eta eraginkorrean” erantzungo diena. Lortutako akordio politikoaren ondorioz, EAJ-PNVk eta PSE-EEk babesa emango diote Eider Mendozari biharko inbestidura saioan.

EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko koalizioko foru gobernuaren azken zortzi urteetako emaitza positiboak baloratu ondoren, gobernagarritasun akordio bat sinatu dute Gipuzkoaren alde, “lankidetzatik abiatuta eta etorkizunera begira, pertsona guztiei kalitatezko enplegua, babes soziala eta bizitza proiektu orekatua bermatzeko”.

Talentuaren alde eginez, gure gazteek beren bizitza eta lana garatu ahal izateko.

Eider Mendoza diputatu nagusi aukeratuz gero, lurralde “kohesionatu, integratzaile eta jasangarri bat” eraikitzen jarraitzea izango du helburu foru gobernu berriak, gizarte desberdintasunei aurre egiteko eta, ekonomia lehiakor batetik abiatuta, Gipuzkoako gizarte osoari “ongizate integrala” eskaintzeko. Halaber, gogor lan egiteko konpromisoa hartzen du “datozen hamarkadetako ongizatearen oinarriak” ezartzeko, lurralde eta herri gisa aurrera egin ahal izateko, “pertsonak erdigunean jarriz”, “ekonomia indartsu, berritzaile eta lehiakor bat garatuz”, eta gure garaiko eraldaketa handiei eraginkortasunez erantzuteko gobernantza kolaboratiboaz baliatuko den erakunde bat gidatuz.

Koalizio gobernuak azken bi legegintzaldietan egindako lana aitortu ondoren Gipuzkoa etorkizunari begira kokatzeko balio izan duena, EAJ-PNVk eta PSE-EEk jakinarazi dute Eider Mendozak gidatutako gobernu proposamena konfiantza, justizia soziala, izaera komunitarioa, berdintasuna, zintzotasuna eta gertutasuna bezalako balioetan oinarrituko dela.

Ildo horretan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk hamahiru helburu estrategiko ezarri dituzte Gipuzkoak aurrera egin dezan. Helburu horiek, hain zuzen ere, Eider Mendozak inbestidura saioan defendatuko dituen ekintza-ildo nagusien oinarri izango dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuari forma emango diote, Batzar Nagusien babesa lortuz gero.

1. Gizarte-politikei bultzada berri bat ematea, pertsonak erdigunean jarriz: Gizartearen zahartzearen eta gaur egungo munduan sortzen diren gizarte-premia berrien aurrean, biztanleria ahulenari etxean bertan zaintza pertsonalizatua eskaintzea, ahal denean eta, bestela, etxetik ahalik eta gertuen, komunitatearen berrikuntzan eta parte-hartzean sakonduz eta egungo eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten zerbitzuen bideragarritasuna bermatuz.

2. Ekonomia indartsu eta lehiakorra eraikitzea: Familien ekonomiari lagunduko diona eta kalitatezko enpleguaren sorreran eragingo duena, etorkizuneko industria-sektoreak garatzeko Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna bultzatuko duena, ehun ekonomikoaren beharrezko eraldaketak bultzatuko dituena eta lurraldean jarduera ekonomikoaren aldeko baldintzak sortuko dituena.

3. Ongizatea eta lehiakortasuna babesteko zerga-politika, kalitatezko enplegua sortuko duen jarduera ekonomikoa sustatzeko eta zerbitzu eta politika publikoen bidez modu ekitatiboan bildutako aberastasun soziala itzultzeko.

4. Demokrazian eta elkarlaneko gobernantzan sakontzea: Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bidez Gipuzkoan abiarazitako elkarlaneko gobernantzaren ereduan aurrera egiteko; Administrazioa burokratizatzeko, gizartera hurbiltzeko eta politika publikoen diseinuan gipuzkoarren parte-hartzea errazteko, eta euskal erakundeak eta autogobernua babesteko eta indartzeko.

5. Klima-aldaketari aurre egitea, erkidego-, udal- eta lurralde-mailan eragina izango duen estrategia sistemiko baten bidez. Estrategia horrek, erakunde publikoen arteko koordinaziotik abiatuta, eraginkortasuna handituko du honako hauen sustapenean: trantsizio ekologikoa, energia-eraginkortasuna, energia-kontsumoaren murrizketa, energia berriztagarrien hedapena, eta ekonomia zirkularra eta birziklapena sustatzea, 2050ean klima-neutraltasuna bermatuz. Aldundiaren erosketa publiko berdean, eraginkortasunean eta autokontsumoan aurrera egitea, alor horretan eredugarriak izanik.

6. Emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzea, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa egiteko, bizitza pertsonalean eta profesionalean emakumeak zigortzen dituzten estereotipoak eta desorekak gaindituz eta indarkeria matxistarik gabeko lurraldea eraikiz.

7. Euskararen erabilera sustatzea bizitzako esparru guztietan, bereziki eremu sozioekonomikoan eta gizarte-erabileran, euskararen arloko eragileekiko lankidetza, gizarte-aktibazioa eta berrikuntza ardatz hartuta.

8. Mugikortasun iraunkor eta konektatuan jauzi bat egitea, garraio publikoa hobetzeko eta eskualde guztietan haren erabilera sustatu, deskarbonizatutako garraio publiko baterantz aurrera eginez eta lurraldea konektatzen lagunduko duten bidegorri-sareak bultzatuz, mugikortasun-proiektuak eta azpiegitura jasangarriak garatzeko eta errepide-sare seguru, jasangarri eta adimendun bat garatzeko.

9. Gipuzkoako Zientzia eta Berrikuntza Sarea indartzea, ezagutza zientifiko aurreratua sortzeko, ekonomiaren lehiakortasunean eragiteko eta enpresa txiki eta ertainetan digitalizazioa eta berrikuntza sustatzeko.

10. Kultura demokratikoan, elkarrekiko errespetuan eta balio humanistetan oinarritutako lurralde inklusiboa eraikitzea, giza eskubideetan oinarritutako memoria eta bizikidetza indartuko dituena eta pertsona guztiei berdintasunezko eta orekatutako bizi-proiektua eskainiko diena.

11. Kultura-sorkuntza babestea eta sustatzea, eskaintza eta kontsumoa indartuz, munduari geure kulturatik ekarpena egiteko eta, bereziki, gazteen artean euskarazko edukien kontsumoa areagotzeko.

12. Herritarren bizi-ohitura osasungarrien alde egitea, gipuzkoar guztiok modu orekatuan lan egin eta bizi gaitezen, osasun mentala, nahi ez den bakardadea eta adikzioak bezalako errealitateen prebentzioan sakonduz, eta bizi-ohitura osasungarriak zabalduz, hala nola kirola eta ariketa fisikoa.

13. Lurralde-oreka berdea herri txikien eta landa-ingurunearen etorkizuna bermatzeko, lehen sektore bizi baten aldeko apustua eginez, baso-kudeaketa jasangarria garatuz eta ingurune naturalak eta biodibertsitatea zainduz.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube