Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/05/20

Herri txiki gisa dituen aukerak aprobetxatzeko, jarrera aktiboagoa behar du Elgetak Udalean

Lurralde oreka eta lehen sektorea bultzatzeko egitasmoak indartuko dituela hitzeman du Iker Laka alkategai jeltzaleak
Herri txiki gisa dituen aukerak aprobetxatzeko, jarrera aktiboagoa behar du Elgetak Udalean

Iker Laka, EAJ-PNVko alkategaiak, Elgetak “herri txiki gisa dituen aukera guztiak” aprobetxatuko dituela hitzeman du gaur, herriko landa ingurunera egindako bisitan. “Herri txikiak ezinbestekoak dira Gipuzkoaren lurralde oreka, natura ingurunea eta lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko. Gure lurraldearen ezaugarri diren industriaren eta lehen sektorearen erakusgarri da Elgeta, besteak beste. Aukera asko daude, beste erakundeekin elkarlanean, balore horiek indartzeko, baina horretarako jarrera aktiboagoa behar da Udalean, eta gure konpromisoa da alor horretan aurrerapauso bat ematea”, azaldu du.

Lakarekin batera egon dira EAJ-PNVren zerrendan doazen Mikel Larrea, Josu Leturia eta Idoia Ubera; baita Xabier Arruti, Arantxa Ariztimuño eta Jon Ander Azpiroz, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako, Mendietako eta Natura Inguruneko eta Landa Udalerrien Garapenerako zuzendariak Gipuzkoako Foru Aldundian, hurrenez hurren. Zerrendaburuak nabarmendu du Elgetan 180 bat nekazaritza-ustiategi inguru daudela guztira, hau da, lehenengo sektorearekin harreman zuzena duten familiak. “Datu honek agerian uzten du zer-nolako garrantzia duen landa-jarduerak gure herrian eta, beraz, arreta handiagoa eskaini behar diegu udal agenda politikoan. Baserritarren eguneroko esfortzuak eta produktuarekin duten konpromisoak kalitate handiko elikagaiak bermatzen dizkigute; ingurumenaren, paisaiaren eta gure tradizioen kontserbazioan duten zeregina ahaztu barik”.

Aldundiaren babesarekin, eta Landagipuzkoa egitasmoaren pean, azken bi legealdietan Elgetan lurralde oreka, bizi-kalitatea eta baserritarren lana bultzatzeko egin diren ekimenak azpimarratu dituzte bisitan. Horren adibide dira landa eremuko baserri eta etxeetan internet konexio ultraazkarra hedatzeko egitasmoa: dagoeneko 48 dira baserri onuradunak, eta urtea amaitu baino lehen beste 15era iritsiko da banda zabala. Halaber, Arraotz, Gondriña, Mendakorta eta Kortasun Txulokua baserri bideak hobetzeko laguntza eman da foru erakundetik azken bi legealdietan, eta argiteria publikoa zein futbol kantxa berritzeko ere bai.

Goraipatzekoa da ere herriko landa lurren digitalizazioa bultzatzeko Aldundiak sustatutako egitasmo aitzindaria. 18 udalerritan ari dira garatzen, eta Elgeta da horietako bat. Lursailen mugak zehaztea eta eguneratzea da helburua, kartografia digitala ahalbidetzeko eta GPS bidez geoerreferentziatzeko, lurjabeentzako nahiz erakunde publiko guztientzako informazio baliotsua lortuz.  5.308 euroko dirulaguntza eman dio foru erakundeak Udalari lanen kostua finantzatzen laguntzeko.

Lakak konpromisoa hartu du digitalizazio prozesu hori amaitzeko, baita “Elgetarren eta, bereziki, baserritarren bizi-kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko dauden aukera guztiak zukutzeko” ere. “Euskaraz bada esamolde bat dioena: ‘Egon hadi lo, eta jango duk mehe’. Uste dut ondo jasotzen duela Elgetan gertatu dena. Badakigu Udalaren baliabide ekonomikoak mugatuak direla, baina aldi berean, gaur ikusi ditugun proiektuek erakusten dute badaudela beste erakundeekin elkarlanean egitasmoak garatzeko eta finantzaketa lortzeko moduak. Dela Aldundia, Jaurlaritza, Estatua edo Europa arlokoak, herri txikien etorkizuna bermatzeko hainbat egitasmo daude, eta horien garrantziaz jabe gara. Baina potentzial hori aprobetxatzeko jarrera proaktiboa behar da, eta ez konformismoa”, adierazi du hautagai jeltzaleak.

Lakak ziurtatu duenez, EAJ-PNVk baditu “anbizioa, elkarlanerako gaitasuna eta etorkizuneko bisioa” Elgetari bultzada berri bat emateko, lehen sektorearen zein lurralde orekaren esparruan. “Elgeta bezalako udalerriek egiten dute Gipuzkoa. Guretzako lehentasuna da bertan bizitzen jarraitzeko baldintzarik onenak sortzea, eta baita lehen sektore bizi eta dinamiko bat izaten jarraitzea ere, aktibo handia delako. Baserritarrengandik gertu egongo naiz, haien kezkak eta beharrak entzun, eta haien jarduna erraztuko duten proiektuak garatzeko”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube