Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/05/20

Gazteen alde lan egiteko konpromisoa hartu du Mendozak, etorkizun txarragoa izango duten usteari ekintzekin aurre egiteko

Diputatu nagusi izateko hautagaiak Madrilgo alderdien kudeaketa “arduragabea” kritikatu du, “barku denak orainean erretzen ari direlako, interes elektoralista batzuei jarraiki, eta gero esaten dute gazteek etorkizun iluna dutela”.
Gazteen alde lan egiteko konpromisoa hartu du Mendozak, etorkizun txarragoa izango duten usteari ekintzekin aurre egiteko

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Eider Mendozak adierazi du gazteen eta belaunaldi berrien “ekarpena” eta “indarra” sentitzea ezinbestekoa izango dela datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetan. “Beraiena izango da etorkizuna, eta beraiekin eraiki behar dugu geroa. EAJ-PNVn inkonformistak gera, ez gara konformatzen gazteek etorkizun txarragoa izango duten ustearekin, eta horren kontra lan egiteko konpromisoa hartu dugu”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak, gaur eguerdian Getarian egin den mitin batean egin duen hitzaldian.

Bertan adierazi duenez, orain arte botoa inoiz eman ez duten 27.000 lagun daude deituta maiatzaren 28ko hitzordura. “Egunero-egunero helarazten zaizkien mezuak negatiboak dira: etxebizitzarik ez dutela izango, gutxi irabazten dutela, haientzako ez dela pentsiorik geratuko, gu baino okerrago biziko direla... Honen aurrean ezin dugu etsi, inkonformistak izan behar dugu”, azaldu du. Mendozak azaldu duenez, EAJ-PNVk konfiantza osoa du gazteengan, eta “beraientzako etorkizun hobeago baten alde lan egitearekin guztiz konprometituta gaude”.

Hautagai jeltzaleak Madriletik iristen diren mezu arduragabeak kritikatu ditu, “egunero ari baitira deskonturen bat, txekeren bat edo zerbait debalde izango dela iragartzen”. “Eta nola ordaintzen da hau dena? Estatuaren zorrak ia-ia hilabetero hausten du bere errekorra. Barku denak orainean erretzen ari dira, interes elektoralista batzuei jarraiki gainera, eta gero gainera esango dute gazteek etorkizun iluna dutela”, kritikatu du. Gaineratu duenez, tartean ezker abertzalea ere sartzen da, Madrilen ematen den espektakulu horren parte izateko “ukondo-kolpekak” ematen baitabil.

“Emaitza kortoplazistak eta hurrengo eguneko titularrak bakarrik buruan dituztenen aurrean, guk geroa dugu ardatz. Esaterako, bi legealdi hauetan, Gipuzkoan, 150 eurotan murriztu dugu gipuzkoar bakoitzeko zorra”, adierazi du. Gogoratu duenez, Euskadin krisialdia datorrenean erabiltzen den erreminta da zorrarena, pandemia garaian esaterako, eta bestelakoan baliabideen “kudeaketa zuhurra eta arduratsua” egiten da. “Herri honetako etxe guztietan egunero-egunero egiten den bezala, beti egin izan ohi den bezala. Guk ez gabiltza kredituak eskatzen oporretara joateko, guk hankak lurrean ditugu. Etorkizunak kezkatzen gaitu; ondorengoei, gure seme-alabei utziko diogunak arduratzen gaitu; eta lanean ari gara, gazteei etxea ahalik eta txukunen uzteko”, aldeztu du.

Iosu Mugika

Iosu Mugika Garmendia Getariako alkatetzarako hautagaiak, berriz, bere programaren nondik norakoak eman ditu ezagutara gaurko ekitaldian: “Hurrengo lau urteetan 5 lerro estrategikoren gainean eraiki nahi dugu herri hobe bat: Getariarrak,  ekonomiaren garapena, kirolak, azpiegiturak eta gazteak. Getariak etorkizunerako dituen beharrak bete eta  herriaren garapena bultzatzeko pentsatuta daude ardatz horiek, hau da,  herriaren  etorkizuna gidatzeko giltzarri izango dira. 39 proiektu eta neurri zehatz jaso ditugu guztira.

“Egitasmo hau –gaineratu du-,  ez da EAJ–PNVren  programa bakarrik, herri osoaren programa baizik,  herritar askok parte hartu baitute honen egintzan. Otsailean hasietako entzumen aktiboaren prozesua izan du oinarri, 118 bilerarekin, eta herritarrek eta elkarteek eskatutako proiektuek osatzen dute. Eskaera horiek guztiak landuak izan dira, asko eta asko egingarriak izan daitezen. Batez ere, beste erakundeekin kontrastatu ditugu, euren garapena ziurtatzeko”.

Mugikaren esanetan, “EAJ-PNVk  Getariarekiko duen konpromisoa argia da,  herrian bisitan izan diren erakunde ezberdinetako ordezkarien babesa jaso dugu, eta aipatzekoa da Eider Mendozak  erakutsi duen konpromisoa Getariak aurrera egin dezan, batera.  Hirugarren aldiz egon da Getarian azken asteetan, gure taldearekin batu da, eta herriko ehun ekonomikoa eta herriak dituen beharrak lehen eskutik  ezagutu ditu. Biok elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dugu herri eta lurralde hobe bati bidea emateko”.  

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube