Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eider Mendozak eta Ion Gambrak errepidean dauden hainbat puntu arriskutsu bisitatu eta segurtasuna indartzeko hartu beharreko neurriak aztertu dituzte
Bi hautagaiek Azkiagako eremua ere bisitatu dute, eta Mendozak bertatik bertara ezagutu du alderdi jeltzaleak bertan berdegune bat sortzeko duen nahia.Mutrikuko herrigunea gurutzatzen duen GI-638 errepideak, segurtasun aldetik hobetu beharreko hainbat puntu ditu, azken urteetan herritarren artean zenbait istripu eta susto eragin dituztenak. Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusirako hautagaia Mutrikun izan da gaur, Ion Gambra eta honen taldearekin batera, errepide eta puntu beltz hauen egoera bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.
Ion Gambra alkategaiak azaldu duen moduan, puntu beltz hauei irtenbidea emateak lehentasuna izan behar du bi erakundeentzat hastear den legealdi berrian: “segurtasuna bermatua ez dagoen hainbat puntu ditugu herrigune barruan, eta gure egunerokoan, joan-etorrian, aurrez aurre izaten ditugu: ikusgarritasun gutxi duten zebra-bideak, ikuspen gutxiko auzuneetarako sargune-irteerak… Hauen eraginez hainbat istripu eta susto gertatu dira azken urteetan gure herrian, eta herritarren segurtasuna bermatzeak lehentasuna du EAJ-PNVrentzat”.
Hala, Gambrak azaldu du bi erakundeen elkarlanaren ondorioa izan behar duela egungo errepidearen eta puntu arriskutsuen egoera aztertzeak: “epe motzean egin beharreko azterketa da hau, ezbeharrak saihesteak lehentasuna duelako, ezinbestekoa baita mutrikuarren eta bertatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea”.
Eider Mendozak gogoratu duenez, legealdi honetan zehar hainbat esku-hartze egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko errepideetan, hala nola GI-638 errepidean eraiki den biribilgune berria, Ondarroako irteeran; Saturrarango hondartzako sarbidean egindako hobekuntzak; edota Ondarbeltz eta Debako zubiaren artean egin den oinezko pasealekua. Gainera, legealdi honetan amaitu dira baita ere herri hau eta Deba lotzen duten errepideko hobekuntza lanak, 10 milioi baino gehiagoko inbertsioa suposatu duen proiektua eta Mutriku eta Gipuzkoaren arteko lotune “moderno, seguru eta lehiakorra” irekitzea ekarri duena.
“Orain, gure helburua herriaren eta herri inguruko bide azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetzea jomuga”, nabarmendu du EAJ-PNVren hautagaiak. “Lurralde orekaren ikuspegitik, garrantzitsuak dira ingurune honetan egiten ari garen esku-hartzeak, gure helburua baita gipuzkoar guztiei oinarrizko zerbitzu berdinak ematea, berdin du non bizi diren”, azpimarratu du. Gaineratu duenez, ahalegin honetan guztian “funtsezkoa” da erakundeen arteko elkarlana, bakoitzak dituen eskumen-eremutik eragin eta errepideetan behar diren hobekuntzak ezartzeko. “Horregatik, Mutrikun ere, udal gobernu sendoa eta kudeaketarako gaitasuna duena behar dugu. Eta, gaur gaurkoz, horretarako aukerarik onena Ion Gambra buru duen hautagaitza da”, adierazi du.
Gune berdea Azkiagan
Era berean, eta Diputatu Nagusirako hautagaiaren bisita baliatuz, Ganbrak EAJ-PNVrentzat datorren legealdian estrategikoa izango den proiektuetako bat aurkeztu dio Eider Mendozari: Azkiagan herritarrentzat eskuragarri egongo den berdegune bat sortzea.
Hala, Gambrak azaldu du Mutrikun dauden berdegune gutxietatik gehienak herrigunetik kanpo daudela, eta hauek txikiak eta aldapatsuak direla: “mutrikuarrok ez dugu aukera handirik herrigunean bertan espazio berdeez gozatzeko. Horregatik, Aisialdi ludiko eta sozialeko berdeguneen urritasun horri aurre egiteko, uste dugu Azkiaga inguruan aukera garrantzitsua izan dezakegula. Gure alderdiaren proposamena da Udalak lursail horren zati handi bat erostea, Mutrikuk merezi duen berdegunea sortzeko bertan, herritar guztien eskura egongo dena”.
Era berean, Gambrak gogorarazi du egun etxebizitzak egitea aurreikusita dagoela bertan, eta nahiz eta lur horiek eskuratzea ahalegin handia izan, pasatzen utzi ezin daitekeen aukera dela: “beharrezkoa izango da Udalean ordezkaritza dugun alderdion adostasuna, udala zorpetu egin beharko delako. Pasatzen utzi ezin den aukera dela uste dugu eta Mutrikuk eta mutrikuarrok merezi dugula apustu hori”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31