Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Elkarlanean Gipuzkoari “bultzada berri bat emateko bide orri argia eta zehatza” aurkeztu du Eider Mendozak
EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagaiak 350 neurriz osatutako hauteskunde egitasmoa aurkeztu du, gipuzkoarrei “gaur egungo eta etorkizuneko lana, gizarte babesa eta ongizate osoa” bermatzea helburu.-
Gipuzkoako hauteskunde programa 2023
Egitasmo Politikoa - 2023/05/15
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Eider Mendozak, datozen maiatzaren 28ko foru hauteskundeetarako programa aurkeztu du gaur, lurraldeko barrutietako zerrendaburuekin –Xabier Ezeizabarrena Saenz, Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola eta Olatz Peon Ormazabal– batera. Hautagai jeltzaleek lurraldeari “bultzada berri bat” emateko konpromisoa adierazi dute eta, horretarako, gipuzkoar guztiei “gaur egungo eta etorkizuneko lana, gizarte babesa eta ongizate osoa” bermatuko dien “bide orri partekatua, argia eta zehatza” eman dute ezagutzera.
Mendozak bere hautagaitzaren eta programaren “indarra eta bermea” nabarmendu nahi izan du, mundu osoan bezala Gipuzkoan ere gaur egun bizi ditugun “ziurgabetasun eta zailtasun” guztien aurrean proposamen “berriak eta berritzaileak” jasotzen dituelako. “Beste batzuk nahiago dute, etenik gabe, arazoak eta interroganteak plazaratzea. Baina, zailtasunen aurrean, gipuzkoarrok ez gara kritika hutsarekin konformatzen, konponbide eraginkorrak bilatzeko gogor lan egiten dugu” eta hori da, diputatu nagusi izateko hautagaiak azaldu duenez, hauteskunde egitasmoa osatzeko garaian buruan izan dutena. “Ezkortasunaren aurrean, proposamen positiboak eta eraginkorrak plazaratzen ari gara; azaleko titularretan geratzen diren proiektuen aurrean, etorkizunera begira landutako norabide argi bat”.
Helburu horrekin, sei ardatz nagusi, hamabi helburu eta 350 neurri eta ekimen jasotzen dituen hauteskunde egitasmoa landu du EAJ-PNVk. Gipuzkoak azken zortzi urte hauetan landu dituen “oinarri sendoetatik” abiatuz, helburu dutenak “enpresak etorkizunera begira indartzea eta kalitatezko lanpostuak sortzea; herritar guztien ongizatea babestea eta adineko pertsonak zaintzea; gero eta lurralde berdinzale eta jasangarriago bat eraikitzea”. Hori guztia, gainera, azken bi legealdi hauetan Foru Aldundiak lurralde osoan hedatzea lortu duen “lankidetzazko gobernantza” oraindik eta gehiago garatuz, “elkarlanean gaurko eta biharko Gipuzkoa” eraikitzen jarraitzeko, alegia.
Lana, gizarte babesa eta ongizate osoa
EAJ-PNVren ereduaren muinean dauden bi lehentasun nagusiez gain –ekonomia lehiakorra eta gizarte babesa–, “errealitate eta behar sozial berriei” modu komunitarioan erantzuten dieten proposamenak jasotzen ditu programak, nahi gabeko bakardadea, buru osasuna, bizitza ohitura osasuntsuak, mugikortasun jasangarri eta adimentsua, kasu. “Pertsona erdigunean jarrita”, gipuzkoar ororen ongizatea sei ardatz nagusiren inguruan “babestu eta indartzea” proposatzen du EAJ-PNV, Eider Mendozaren esanetan: egungo eta etorkizuneko lana, gizarte babesa, ongizate osoa, ingurumena eta lurralde oreka berdea, euskara eta kultura, eta herritarren eta erakundeen arteko lankidetza.
Programaren lehentasun nagusia, diputatu nagusi izateko hautagaiak jakinarazi duenez, “ekonomia sendo bat” eraikitzen jarraitzea izango da, “familien ekonomia babestu eta kalitatezko” enpleguaren sorreran eragiteko. Horretarako, “ekonomia sarearen lehiakortasuna eta herritarren ongizatea bermatuko duen” fiskalitate baten alde egin du Mendozak. Baita ere, enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa eta eraldatze energetikoa sustatzeko neurriak proposatu ditu, pertsona gazteen lan ibilbideak sustatzeko konpromisoa hartu du eta etorkizuneko lanpostuak bermatuko dizkiguten “industria sektore berriak” garatzeko proiektu estrategikoak berretsi ditu –Mugikortasun berriari lotutako MUBIL poloa, terapia aurreratuak eta biozientziak eta teknologia kuantikoak, besteak beste–.
Bigarren helburu eta lehentasun nagusia, berriz, “pertsona erdigunean jarrita, gizarte politikei bultzada berri bat ematea” izango da. “Gizartearen zahartzearen eta premia sozial berrien aurrean, herritar zaurgarrienei etxetik ahalik eta gertuen zaintza pertsonalizatua eskaintzeko proposamen sendoak egiten ditugu, berrikuntzan eta komunitatearen partaidetzan sakonduz eta etorkizuneko zerbitzuen bideragarriasuna bermatuz”, gogoratu du egungo foru diputatuak.
Atal honetan, Mendozak gogorarazi duenez, kalitatezko zaintza eredu pertsonalizatu berrirako trantsizioa azkartiko du EAJ-PNVk, egoitza berriak eraikitzeko proiektuak abiaraziz edo gauzatuz, eta gizartearen zahartzeak epe luzera eskatuko dituen azpiegitura eta zerbitzu berriak bermatuz. Aldi berean, etxeko zaintza profesionalizatua indartu eta zaintza ekosistema lokalak herri gehiagotara zabaltzeko proposamenak jaso ditu programan, berrikuntza eta komunitatearen partaidetza areagotuz. Hori guztia, datozen hilabeteetan Pasaian eraikitzen hasiko den Adinberri egoitza esperimentala eta zahartzaro osasuntsua sustatzeko berrikuntza gunea ahaztu gabe.
Hortaz gain, Mendozak xehetu duenez, hauteskunde egitasmoan “klima aldaketari aurre egiteko” hainbat neurri jasotzen dira. Tartean, enpresen energia trantsizioa bizkortzeko, berriztagarriak hedatzeko, ekonomia zirkularra sustatzeko eta birziklapena indartzeko proposamenak. Horrez gain, emakumeen eta gizonen berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta hirien eta herri txikien arteko berdintasuna sustatzeko “neurri berritzaileak” hitzeman ditu EAJ-PNVren hautagaiak, Gipuzkoan “desberdintasun sozialen aurka tinko lanean” jarraitzeko. Bizitza ohitura osasuntsuen aldeko lurralde estrategia abiarazteko asmoa ere aurreratu du, “gipuzkoar guztiak modu orekatuan lan eta bizi gaitezen, buru osasuna, bakardadea eta adikzioena bezalako errealitateen prebentzioan sakonduz, kirola eta ariketa fisikoa egiteko ohiturak zabalduz”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31