Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Mikel Lete: “Elementala kultur ekipamendu bihurtzeko proiektuarekin, ilusioa piztu nahi dugu Bergarak aurrera egin dezan”
EAJko alkategaiak eta bera buru duen taldeak “herritarrak entzun eta Bergarak behar duen aldaketa” bultzatzeko programa aurkeztu duMaiatzaren 28ko hauteskundeen atarian, Bergarako EAJ-PNVk prest du herriak behar duen aldaketa bideratzeko programa, herriari bultzada berria eman eta eraldatu egingo duten ekimen eta proiektu estrategikoekin. Hala, Mikel Lete alkategaiak, bere lantaldeak lagunduta, Bergarako EAJ-PNVren apustuen eta programaren ildo nagusien berri eman du gaur Elementala eraikinaren aurrean (Miguel Altuna zaharra). Hain zuzen, Letek azaldu duenez, bertan kokatu nahi dute jeltzaleek “Bergarak aurrera egin dezan ilusioa piztuko duen” proiektu kuttunetako bat.
Utzita dagoen eraikina biziberritu
Erdigunean kokatzen den eta azken urteetan hutsik egon den Migel Altuna zaharreko eraikina Bergarako kultur taldeentzat – arte eszenikoak lantzen dituzten taldeentzat- bideratzea aurreikusten dute jeltzaleek eta aukera izan dute jada herriko kultur eragileekin partekatzeko. Letek adierazi duenez, “ilusioa eta lan egiteko gogo handia ikusi dugu herriko kultur eragileen aldetik eta EAJtik babes osoa eta bultzada eman nahi diogu ilusio horri”. “Bergarak bere nortasunean txertatua du kultura. Gure altxorretako bat da eta taldeek beraien jarduerak elkarlanean aurrera atera ditzaten espazio duin bat izatea ezinbestekoa da. Eskaera historikoa baita. Posible da eta elkarlanean errealitate bihurtuko dugu”, agindu du Mikel Lete alkategaiak.
Kulturara bideratutako espazio beharrak asetzeko proiektu berritzaile hau aurkezteaz gain, beste hainbat lerrori ere bultzada emango diotela aurreratu dute jeltzaleek. Batetik, bergararren ongizatea bermatzeko, nagusiak eta gazteak erdigunean jarri eta zerbitzu berritzaile eta integralak martxan jartzea proposatzen dute. Arin zentroko zerbitzuak zabaltzea eta eskaintza handitzea da bultzatuko duten egitasmoetako bat, esaterako, gaueko zerbitzua martxan jarriz.
Gainera, gazteei begira babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairurako dirulaguntzak indartuko dituzte eta herriko merkataritza elkartearekin elkarlanean herria biziberritzeko neurriak indartu. “Herriko enpresei lagunduko diegu dituzten proiektuak aurrera eraman ditzaten. Halaber, enpresa berriak erakartzeko lan egingo dugu. Gaur egun dauden lanpostuak ziurtatzeko eta berriak sortzeko”, aurreratu du Letek.
Agorrosini behar duen bultzada
Halaber, kirol elkarteekin elkarlanean, Agorrosin esparruan egin beharreko proiektua eta exekuzioa egiteko konpromiso irmoa azaldu du Letek: “Agorrosin eremuko bigarren eta hirugarren faseak pendiente daude eta baita Ipintzako zelaiaren lur aldaketa ere. Behin Labegaraietako eremua amaituta, garrantzitsua eta beharrezkoa da Agorrosineko kirol esparruaren berrikuntzarekin jarraitzea eta horretarako gure konpromiso osoa azaltzen dugu”.
Azkenik, irisgarritasuna eta mugikortasuna ere izan dituzte hizpide jeltzaleek. Hain beharrezkoa den Simon Arrieta berrurbanizatuko dutela aurreratu dute: “Azken urteetan aritu gara plazaren egoera txarra salatzen. Euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta arriskutsua da oso. Ez du irisgarritasuna bermatzen. Ezinbestean eman behar zaio irtenbidea”.
Horrez gain, Martoko-Labegaraietako berrurbanizazioa edota Udalaren esku dagoen bidegorri sarea amaitzea ere proposatu du EAJk. “Eta lehentasuna emango diogu landa eremuko beharrak asetzeari. Azkeneko legealdian erabat utzita egon dira eta EAJko taldekideek argi dugu bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko lan egingo dugula gogor. Beraien beharrak asetu eta elkarlanean egoerak hobetzen saiatuko gara”, gaineratu dute jeltzaleek.
Udal gobernutik beste modu batera lan egiteko beharraren inguruan ere hitz egin du EAJk eta Bergarak behar duen aldaketa gidatzeko prest agertu dira jeltzaleak. “Gertutasunean oinarritutako gobernantza behar du Bergarak. Elkarlana, elkarbizitza, entzute aktiboa eta gertutasuna ardatz dituena. Herritarrak entzun eta bizikidetzaren aldeko pausoak emateko garaia da”, gaineratu du Letek.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31