Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoar berriek lurraldearen aberastasunari eta ongizateari egiten dioten ekarpena aldarrikatu du Mendozak
Diputatu nagusi izateko hautagaia Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten atzerritik etorritako hainbat pertsonekin batzartu da Ordizian, eta gizarteko esparru guztietan aktiboki parte hartzeko deia luzatu die.Argazkiak...
Eider Mendoza diputatu nagusi izateko hautagaia atzerritar jatorriko Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten hainbat herritarrekin batzartu da gaur Ordizian, eta haiekin partekatu ditu bai EAJ-PNVren hauteskunde-programaren jarduera-ildo nagusiak, bai ekonomiaren alorreko ekimenak, bai lurraldean integrazioa eta aniztasuna sustatzera berariaz bideratutako neurriak, haien proposamenak entzun eta jasotzeaz batera. “Gipuzkoa gero eta gizarte pluralagoa da, kultura, jatorri edo erlijio desberdinak dituzten pertsonek osatua. Aniztasuna aberastasuna da, eta indartu egiten gaitu. Baina erronka kolektibo berriak ere badakartza, hala nola benetako gizarte-kohesioa lortzea. Ez da nahikoa elkarrekin bizitzea, benetako bizikidetza eta inklusioa nahi ditugu, errespetuan, elkar ezagutzan eta partekatutako balioen lurzoru batean oinarrituta. Beharrezkoa da, zuen lanarekin, gure herriaren aberastasunari eta ongizateari ekarpena egiten diozuen gipuzkoar berrien papera aldarrikatzea eta aitortzea”, adierazi du. Bileran parte hartu du, baita ere, Ordiziako EAJ-PNVren hautagaiak, Joseba Aranburuk.
Topaketan jakitera eman duenez, dagoeneko mundu osoko 130 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira gure lurraldean, eta biztanleen % 8,6k jatorri atzerritarra dute. Eskualde batzuetan, Goierrin esaterako, ehuneko hori % 15etik % 20ra bitartekoa da. “Herri abegikorra eta solidarioa gara etorkizun hobe baten bila bizitzera eta bizimodua irabaztera datozenekin, besteak beste, gure memoria kolektiboan gordetzen dugulako gerratik, pobreziatik edota etorkizun eskas batetik ihesi etxea utzi behar izateak zer suposatzen duen. Migrazioen fenomenoa handituz doa mundu mailan, eta erronka konplexuak jartzen ditu mahi gainean, hala nola balio partekatuei eta kohesio sozialari eustea, kanpotik datozenak euskarara hurbiltzea, prestakuntza, lanaren bidez gizarteratzea edo kalteberatasun-egoerei erantzuteko baliabideak handitzea”.
Gaineratu duenez, gure lurraldearen errealitate demografikoak berak, jaiotze-tasa gainbeheran dagoenez eta gizartea gero eta zaharragoa denez, beharrezkoa egiten du migratzaileen ekarpena, gure lehiakortasuna eta ongizate-sistema mantentzeko. “Egunero gogor lan eginez, bere ezagutza, gaitasunak eta talentua Gipuzkoari eskaintzen dioten pertsonez osatutako lurralde bat eraikitzen jarraitu nahi dugu. Baten edo bestearen jatorriari erreparatu gabe, gure industriarekin, ekonomiarekin eta gizarte kohesioarekin konprometitutako herritarrez osatutako Gipuzkoa bat nahi dugu, alegia, eta horretarako beharrezkoa da gipuzkoar berrien ekarpena”, adierazi du Mendozak, eta pertsona guztiek lana, etorkizuna eta bizitza proiektu orekatu bat izan dezaten lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
“Prozesu horri berme osoz heltzeko, ahalegina egin beharko dugu bai hemen jaio garenok, bai atzerritik etorritakoek. Lurraldearen izaera komunitarioa sendotu behar dugu, eta bizikidetzan sakondu. Posible da kultura-aniztasuna komunitate bateko kide izatearen sentimenduarekin bateragarri egitea. Horrela bakarrik lortuko dugu eskubide-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea, eta Gipuzkoako desberdintasun sozialei aurre egitea”, dei egin du.
Horregatik, Mendozak atzerritik etorritako pertsonei eskatu die modu aktiboan parte har dezaten “gizarteko esparru guztietan, ez bakarrik lan arloan, baita elkarteetan, boluntariotzan edo politikan ere. Zuen ekarpena funtsezkoa da etorkizuneko erronka sakonei lurralde gisa erantzuteko, eta gizarte indartsuago eta kohesionatuago bat eraikitzeko denon artean. Pixkanaka hori gertatzen ari da, bilera honetan parte hartzen ari zaretenok horren adibide zarete, baina oraindik asko dago egiteko”. Era berean, hori gertatzen den heinean, “diskurtso populista eta xenofoboen aurrean” babestuko garela ziurtatu du, “beldurra eta gorrotoa politikoki erabili nahi dutenen aurrean, alegia”.
Hala, programa jeltzaleak hainbat neurri aurreikusten ditu Gipuzkoan talentua sortu, finkatu eta erakartzeko. Baita ere, herritarren arteko integrazioa, diskriminaziorik eza eta bizikidetza sustatzen jarraitzeko, jatorria, hizkuntza, kultura, sexu-orientazioa, genero-identitatea, etnia, erlijioa, ideologia eta gaitasun funtzionala edozein direla ere. Besteak beste, maila anitzeko lankidetza-gobernantza baterantz aurrera egitea gizarte zibil antolatuarekin eta aniztasunaren arloko beste eragile batzuekin, erakundeen arteko koordinazioa indartzea, interakzio positibo handiagoa sustatzea eta atzerritik iritsitako pertsonen inplikazioa sustatzea gizartearen esparru guztietan, migrazioei buruzko sentsibilizazioa indartzea, eta zerbitzuak eta baliabideak eskaintzea gure lurraldetik igarotzen diren migratzaileen edo errefuxiatuen duintasuna, giza eskubideak eta ongizatea bermatzeko, gainerako erakundeekin lankidetzan.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31