Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eneko Goiak donostiarren gizarte-babesaren ekintza komunitarioa indartzearen alde egin du
Donostiako alkate eta EAJ-PNVren berrautaketarako hautagaiak bizikidetzarako, inklusiorako eta elkartasunerako gizarte politikak bultzatzen jarraituko duEneko Goia, Donostiako egungo alkate eta berrautaketarako EAJ-PNVren hautagaiak, konpromisoa hartu du Udaletik ematen diren zaintza eta arreta zerbitzuak hobetzen lagunduko duten politikak sustatzen jarraitzeko; betiere gainerako erakundeen eta hirugarren gizarte-sektorearen eragilerekin elkarlanean, inor atzean utziko ez duen sare komunitarioa indartzen jarraitzeko.
Goiak konpromisoa hartu du Goyeneche Fundazioko Amarako Garagunera egindako bisitan. Bertan, azpimarratu du Goyeneche Fundazioak edota Aspace edo Gureak bezalako eragileek desgaitasuna duten pertsonekin egiten duten lana bizitza oso bat izan dezaten.
Horren harian, honakoa gaineratu du: “Azkeneko zortzi urteetan gizarte ekintzako aurrekontua %40 handitu dugu, eta beraz, 2015ean 24,7 milioikoa izatetik 2022an 34,1 milioikoa izatera pasa da. Eta kopuru horretatik 9,2 milioi gizarteratze politiketara bideratu dira, hau da, 340 euro donostiar bakoitzeko”.
Era berean, adierazi du, pertsonek Udalak zein gainerako erakundeek hartzen dituzten erabaki guztien erdigunean egon behar dutela“, eta segidakoa gogorarazi du: “Aurten Gizarte Ekonomiaren Hiriburu gara, eta aukera hori baliatu behar dugu Donostiak desgaitasuna duten pertsonen lan-inklusioan zein gizarteratzean duen erreferentzialtasuna sendotzeko”.
Horiek horrela honakoa esan du: “Donostia Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izendatua izan bada, arlo honetan hiriak zein lurraldeak egin dezaketen ekarpen handiagatik da”.
Zaintzen duen hiria, abegitsua eta solidarioa
Alkate eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak nabarmendu du, Donostia zaintzen duen hiria dela, gure artean bizitzea erabakitzen duten pertsonei harrera ona egiten duena, eta solidarioa dela, izan ere, behar gehien dutenei laguntzeko beti prest dago.
Horrenbestez, gogoratu du, Donostia Gipuzkoan gizarte zerbitzu gehien eskaintzen dituen udalerria dela, hain zuzen ere, gizarte zerbitzuen karterak agintzen dituen zerbitzuak baino askoz gehiago; eta horrek erakusten duela hiriaren konpromisoa behar gehien duten pertsonak laguntzeko eta zaintzeko.
Hortaz, bere konpromisoa berretsi du, bizikidetza, gizarteratze eta elkartasun politikak bultzatzen jarraitzeko: “Izan ere, politika horiek gazteenak babesteko, babesgabetasun egoerak ekiditeko behar den detekzio goiztiarra hobetzeko, edo adineko pertsonei zein etxerik gabeko pertsonei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko aukera emango digute”.
Eneko Goiak, halaber, azpimarratu du, Erlauntzak gizarte dinamika bultzatzen jarraituko dutela. Dinamika honen barruan inguru hurbilean ematen diren hainbat zerbitzutan lan egiten duten eragile publiko zein pribatuak daude, eta helburua da komunitate bakoitzak dituen beharrei erantzuteko behaketa, prebentzioa eta elkarlana sustatzea.
Era berean, Udalaren hainbat departamentutik egiten den lana nabarmendu du donostiarrek bizitza oso bat bermatzeko behar diren osasun eta zaintza prebentzio politikak garatzeko. Eta politika horien helburua da, besteak beste, adineko pertsonak hiriaren eguneroko bizitzan integratzea eta parte hartzea, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako baliabideak egokitzea, eta adineko pertsonei etxean zein udalak dituen baliabide ezberdinetan eskaintzen zaizkien etxez etxeko arreta hobetzea.
Eta hori guztia, Goiaren hitzetan, “etorkizunari begira, eta beraz, familien eta gazteen bizi-kalitatea hobetuko duten politikak bultzatuz, eta besteak beste, amatasun eta aitatasun lehen urteetan laguntza zerbitzua eskainiz, kontziliazioa hobetuko duten ekintzak sustatuz edo haurtxokoetan 5 urtetik beherako haurrentzako zerbitzuak handituz”.
Azkenik, Eneko Goiak honakoa adierazi du: “Donostiarrok egiten dugu egunero Donostia. Eta horretarako guk bide orri argia dugu eta lan-talde sendoa, hain zuzen ere, ilusio handia eta donostiarrekin zein gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko gogo handia duen lan-taldea. Eta horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu elkarrekin Donostiak aurrera egiten jarrai dezan”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31