Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/05/05

Bizitza ohitura orekatu eta osasuntsuak sustatzeko lurralde estrategia abiarazteko konpromisoa hartu du Eider Mendozak

Nahi gabeko bakardadea eta buruko gaitzena bezalako “errealitate sozialak lehen mailara ekarri” eta erantzun “komunitario eta berritzaile” bat ematearen garrantzia nabarmendu du gaur diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak.
Bizitza ohitura orekatu eta osasuntsuak sustatzeko lurralde estrategia abiarazteko konpromisoa hartu du Eider Mendozak

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Eider Mendozak, bizitza ohitura orekatu eta osasuntsuak sustatzeko lurralde estrategia abiarazteko konpromisoa hartu eta, ahalegin horretan, hauteskunde programan jasotako ekintza lerroen berri eman du. Gaur goizean elikadura osasuntsuari buruzko tailer batean parte hartu ostean, gipuzkoarron artean kontziliazio erantzunkidea, ariketa fisikoa eta ongizate emozionala sustatzearen garrantziaz mintzatu da, pertsona orok “ongizate osoa, bizitza orekatua eta zoriontsua” garatu ahal izan dezan.

Aldi berean, nahi gabeko bakardadea, buruko gaitzak edota adikzioena bezalako “errealitate sozialak lehen mailara” ekartzeko konpromisoa hartu du Mendozak. Horretarako, “komunitate osoa” inplikatzearen alde hitz egin du eta, baita ere, buruko gaitzak pairatzen dituzten adingabeko eta helduen “arreta sozio-saniotarioan” aurrera egiteko “egitasmo eta zerbitzu berritzaileak” martxan jartzen jarraitzeko determinazioa adierazi du, azken legealdi honetan Gipuzkoako Foru Aldundian egin bezala, alor honetako eragileekin eta gainontzeko euskal erakundeekin elkarlanean.

“Egungo ziurgabetasun testuinguruak, pandemiaren ondorioak, indibidualismoaren hedatzeak eta pantailekiko bizi dugun menpekotasunak eragina du gipuzkoarron bizitzan eta ongizatean”, adierazi du. Horregatik, diputatu nagusi bezala, Foru Aldundiaren eskuduntzetatik eraginez bizitza ohitura orekatu eta osasuntsuak bultzatzeko ekimen berriak martxan jarriko dituela aurreratu du. “Dela kirolaren eta naturguneen alorrean, dela elikadura jasangarriaren eremuan, dela gizarte babeseko zerbitzuen bitartez. Ulertuz pertsonak gizarte bizitzan, ingurukoekin harremanetan, lortzen dugula oreka emozionala eta ongizate osoa. Eta, baita ere, eguneroko estres eta pantailetatik urrun, naturarekin kontaktuan egoteak orekatzen gaituela gure buruarekin eta gure ingurunearekin”, gogoeta egin du.

Horrez gain, diputatu nagusi izateko hautagaiak gogorarazi du ongizate osoa “gipuzkoar guztiengana” hedatu dadin, berebiziko garrantzia duela “emakumezkoek ere beren bizitza pertsonala eta profesionala berdintasunez garatu” ahal izatea. “Emakumeen eta gizonen arteko desoreka nagusietako bat da emakumeek jasaten duten jardunaldi hirukoitza deitzen diogun hori. Horregatik, neurri berritzaileak sustatuko ditugu zaintzak berdintasunez partekatu daitezen eragiteko eta kontziliazio erantzunkidea gure gizartean errealitate bilakatu dadin” gehitu du.

Horrela, bizitza ohitura orekatu eta osasuntsuak sustatzeko lurralde estrategia abiarazteko garaian, “bi eremu nagusi” lantzeko beharra plazaratu du, 18 neurri proposatzen dituena. Batetik, gipuzkoarron “ongizate emozionala eta buru osasunaren aldeko apustua”. Alor honetan EAJ-PNVk proposatzen du, besteak beste, adineko pertsonen artean nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko lurralde estrategia garatzea, bakarrik bizi diren herritarren gizarte eta komunitate loturak indartuz; haur, nerabe eta gazteen artean pantaila eta sare sozialen erabilera orekatuaren aldeko prebentzioa sustatzea; buru osasunaren errealitatea eta bere prebentzioaren inguruko sentsibilizazioa indartzea, alorreko elkarte eta gizarte eragileekin elkarlanean; gaixotasun dualaren inguruan –buruko gaitzen bat eta adikzioren bat simultaneoki–, egoera lazgarri hori bizi duten herritarrentzako eta senitartekoentzako arreta zerbitzu integrala garatzea Debagoienan.

Bestetik, kirola, ariketa fisikoa, elikadura jasangarria eta osasuntsua indartzeko hainbat proposamen plazaratu ditu. Hala nola, eskualde guztietan ibilbide irisgarri eta sentsorialak kokatzeko guneak identifikatu, diseinatu eta egokitzea; lurraldeko urtegien inguruan ibilbide osasungarriak egokitu eta garatzea, herritarrek ingurune naturalean ariketa egiteko guneak egokituz; lehen sektoreko eragileekin eta baserritarrekin elkarlanean, tokiko elikadura jasangarria eta osasuntsuaren kontsumoa sustatzeko estrategia bultzatzea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube