Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Orion zaintza ekosistema bat garatzeko konpromisoa azaldu du
Herriko gizarte eragileekin bildu dira gaur goizean Noemi Ostolaza alkategaia eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua.Saretxo aretoan egin dute gaur goizen bilera EAJ-PNVko Orioko hautagaiek herriko gizarte eragileekin: eguneko zentroa, Zaharren Babes Lekua, Ostargi, Esperientzia Eskola eta Ahalduntze Eskola. Azken asteetan banakako topaketak egin dituzte, eta gaur, Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako foru diputatua, gonbidatu dute zaintza ekosistemen inguruan aritzeko. Orioko EAJ-PNV taldearen helburua da datorren legealdian herrian zaintza ekosistema bat garatzea, zaintzak behar dituzten pertsonak “erdigunean” ipini eta erakunde, eragile eta herritarren inplikazioa bilatuz, oriotar guztien bizi kalitatea hobetuko duen ekosistema bat sortzeko.
Horretarako, gaurko lansaioan Peña diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatzen duen Zaintza HerriLab estrategiaren berri eman du. Herrietan, maila lokalean, proiektu komunitario, partekatu eta berritzaileak garatzen ari direla azaldu du, helburu hartuta mendekotasun eta hauskortasun egoeran dauden herritar guztien bizi kalitatea hobetzea, bakoitzak behar dituen zainketen bidez, harreman, sinergia eta ekosistema berriak garatuz.
Noemi Ostolazak azaldu du Orioko EAJ-PNVk datozen maiatzaren 28ko hauteskundeetarako prestatutako programan “giltzarria” izango den puntua dela. “Orio eta oriotarren izaera, aniztasuna ea ongizatea oinarri hartuta egingo dugu lan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egongo den herri bat eraikitzeko”. Bide horretan, zainketen alorrak garrantzia berezia hartzen du alderdi jeltzalearentzat eta programaren hiru oinarrietako bat izango da zaintza, osasuna eta berdintasunari zuzendutakoa.
Alkategaiak azaldu du Orion osatu nahi den zaintza ekosistemaren bidez, adineko pertsonek behar duten zaintzaz gain, kolektibo ezberdinek dituzten beharrei erantzuteko prest egongo den herria eraikitzea dela asmoa, “pertsonalizazioan, berrikuntzan eta komunitateak duen indarrean oinarrituta”. Zentzu horretan aurreratu du eragileek “oso paper garrantzitsua” izango dutela, eta horregatik proiektua hasiera-hasieratik beraiekin batera lantzeko konpromisoa hartzen duela.
Gaineratu du etorkizuneko erronken erantzunak ez direla soilik ohiko bide eta tresnen bidez etorriko, eta “Gipuzkoari ere gure ekarpena egin nahi diogu, lurraldearekin konektatuta egon nahi dugu, guk Orion herri mailan lantzen duguna izan dadin baliagarri Arrasaten, eta Pasaian egiten ari denetik ere ikasi dezagun”, azaldu du.
Zentzu horretan, Maite Peña diputatuak azaldu du Gipuzkoa osoan 12 direla dagoeneko martxan diren ekimenak, 12 udalerri ezberdinetan, eta beste lautan proiektuak garatzen ere hasita daudela. “Espero dugu Orio ere Zaintza HerriLab estrategiaren parte izatea, elkarrengandik ikasten jarraitu dezagun eta oriotar guztien bizi kalitatea hobetzen jarraitu dezagun”.
“Konpromiso sendoa adierazten diogu Orioko herriari: oriotar guztien kezkak entzun, lehentasunak ezarri eta lanerako prest gauden taldea gara; eta zaintza ekosistema honen bidez, adinean aurrera doazen oriotar guztiak herrian bertan zainduak izateko aukera bermatzeko lan egingo dugu buru-belarri”, gaineratu du Ostolazak.
Nabarmenak...
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Andoain
2024/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31