Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Adineko pertsonentzako gune berritzailea garatuko du Aretxabaletako EAJ-PNVk Komentuan
Mikel Uribetxebarria: “Aretxabaletako zaintza ekosistemaren bihotza izango diren zerbitzuak eskainiko dira bertan, pertsona bakoitzaren beharretara egokituta".Gaur arratsaldean Komentuko obretara bisita egin dute Mikel Uribetxebarriak, Aretxabaletako EAJ-PNVren alkategaiak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak, Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak eta Karmele Uribarrik, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Herriko erdigunean dagoen gunean garatuko du alderdi jeltzaleak zaintza ekosistema berritzailea: autonomoak diren edo mendekotasun maila arina duten adineko pertsonentzako arreta zerbitzu integratua eta jubilatuen elkartearen egoitza. Aretxabaleta arreta eta zaintza eredu komunitarioago baterantz doala defendatu du Uribetxebarriak, pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan oinarrituta dagoena.
Zahartzearen erronkari “proposamen ausartekin eta proiektu estrategikoekin” aurre egingo diela esan du hautagai jeltzaleak bisitan eta adibide gisa jarri du, hain zuzen ere, Santa Rita Komentuaren eraikina. Bertan egokituko den adineko pertsonentzako gizarte zentroaren lanak martxan daude jada eta Aretxabaletako “zaintza ekosistemaren bihotza” izango diren zerbitzuak eskainiko dira, pertsona bakoitzaren beharretara egokituta. “Pertsona erdigunean kokatzen dugu, bakoitzaren beharrak eta nahiak kontuan hartuz”, esan du Uribetxabarriak Komentura egindako bisitan.
Aretxabaletak, “aurrerapauso esanguratsua” emanez, zaintza eredua eraldatzeko oinarriak ezarri dituela zehaztu du alkategai jeltzaleak. Epe labur, ertain eta luzera adinekoen arreta eta zaintzaren erronkei heltzea funtsezkoa delako, “ibilbide orri zehatza” landu du Aretxabaletako EAJ-PNVk, helburu bakarrarekin: atxabaltarron bizitza hobetzen jarraitzea. “Gure ereduaren trantsizioa sustatzeko, pertsonalizaziotik, berrikuntzatik eta lankidetzatik abiatu behar gara”, jakinarazi du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko landu beharreko erantzunak ez direlako ohiko tresnen bidez etorriko. “Berritzen jarraitu beharra dago”, esan du.
“Gure eredua zainketak pertsonalizatzea da. Pertsona bakoitzari nahi eta behar duena eskaintzea. Zainketen kalitatea bermatu behar da uneoro, eta hori da gure konpromisoa datozen urteetarako. Berrikuntza, hurbiltasuna, pertsonalizazioa eta kalitatea”, laburbildu du. Horretarako, komunitatea aktibatzearen beharra aipatu du Mikel Uribetxabarriak. Aretxabaleta herri “abegitsua, irekia eta kohesionatua” da, eta hori islatuko da Komentuan, lankidetzazko sareak eraikiko baitira bertan. Horrelako gune berritzaile batean herritarren, tokiko eragileen eta entitate sozialen inplikazioa eta parte hartzea funtsezkoa dela esan du Uribetxebarriak, eta adibide gisa jarri du bertan egongo direla kokatuta, baita ere, jubilatuen etxearen egoitza, taberna eta jantokia. “Espazioak partekatu egingo direnez, sinergiak batuko dira eta, horrela, guztion integrazioa sustatzeko gune aproposa eratuko da Komentuan”, azpimarratu du alkategai jeltzaleak. Eraikinaren beheko solairuan dagoen kapera kultura anitzeko gunea bihurtuko da, eta hartara, herrian antolatzen diren ekintzetarako erabili ahal izango da, “komunitatea indartuz”. Halaber, Uribetxebarriak gaineratu duenez, Komentua ingurunean integratuko da eta, horretarako, horma eraitsi, transformadorea lurperatu eta zubi bat egokitzea aurreikusten da inguruan. Era berean, Iturrizarretik Txarapeara igogailu publikoa jarriko da martxan.
Erakundeekin elkarlana, “ezinbestekoa”
Komentura egindako bisitaren aurretik, Uribetxeberriak, Mendozak eta Peñak lan bilera emankorra izan dute Aretxabaletak eta Gipuzkoak gizarte politiken eta zaintzaren esparruan egiten ari diren lanaren inguruan hausnartzeko. Era berean, aukera probestu dute etorkizunera begirako gakoak, erronkak eta proiektuak partekatzeko. “Herritarrekin, hirugarren sektorearekin eta tokiko eragileekin elkarlana funtsezkoa da, eta nola ez, baita erakundeekin ere”, esan du Uribetxebarriak.
Horren harira, gaineratu du Arreta Soziosanitarioko Zentroaren proiektua, komentuaren ondoan dagoena eta egun eraikitze-lanetan dagoena, elkarlanean hezurmamitzen ari direla Debagoiena ESIarekin (Osakidetza), udaleko gizarte-zerbitzuekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Adinberrirekin. “Zaintza HerriLab estrategiaren baitan kokatzen den ekimen berritzailea da Komentuan gauzatuko dena, Foru Aldundiaren gidaritzapean”. Alkategaiaren hitzetan, zaintza ekosistema lokala garatzearen aldeko “apustu irmoa” berresten du alderdi jeltzaleak Aretxabaletak.
Eider Mendozak, bere aldetik, adineko pertsonen arreta EAJ-PNVren gizarte politika ereduaren lehentasunetako bat dela gogoratu eta, momentu honetan, zaintza ereduaren trantsizioan murgilduta dagoela. “Hurrengo legealdian, esku artean izango dugun erronka nagusietako izango da. Eredu berriaren oinarriak pertsonalizazioa, komunitatea eta berrikuntza dira”, zehaztu du. Apustu honen parte izango da Aretxabaletan gauzatuko den zaintza ekosistema lokala, herriz herri bultzatzen ari diren tokiko babes sozialeko sistema sarearen parte izango dena. “Hauekin batera, etxeko arretan ere emango da trantsizioa, 10 adinekotatik 8k etxean bizitzea nahiago duelako. Hirugarrenik, egoitzen arloan, etxean ez bada, etxean bezala sentiarazi nahi dira adinekoak”, osatu du, gogoratuz jada lurraldeko 30 adinekoen egoitzetan hasiak direla eredu berri ezartzen. Bileran ere komentuan planteatutako etxebizitza komunitarioen bideragarritasun-proiektua aztertzeko aukera izan dute.
Gizarte politikarekin batera, Mendozak ekonomia sustatzen jarraitzearen garrantzian ere jarri du arreta, “txanpon beraren bi aurpegiak direlako”. Nabarmendu duenez, horiek dira Gipuzkoako ongizate ereduaren funtsezko zutabeak, “eta EAJ-PNVk funtsezko ekarpena egin du eredu horren eraikuntzan”. “Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Aretxabaleta, Debagoiena eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”, adierazi du. Azkenik, Mikel Uribetxebarriaren lanerako gaitasuna jarri du balioan, eta bere kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea nabarmendu ditu.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31