Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/04/25

EAJk Gorka Sagarna aurkeztu du Irurari behar duen bultzada emateko Alkatetzatik

Sagarnak tokiko ekonomia bultzatu eta indartzeko eta gizarte politiketan zaintza-eredu berria ezartzeko lan egingo du
EAJk Gorka Sagarna aurkeztu du Irurari behar duen bultzada emateko Alkatetzatik

Eusko Alderdi Jeltzaleak Gorka Sagarna Larrañaga aurkeztu du Irurako Alkategai, datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira. Iruran familia lotura sendoak ditu Tolosan duela 37 urte jaiotako hautagaiak eta Alkatetza lortzeko erronkari “ilusio handiarekin eta Irurako herritarren alde lan egiteko gogoarekin aurre egiten dio”. “Ohorea da niretzat hain gertu sentitzen dudan udalerri honentzat ekarpenak egin ahal izatea”, aitortu du.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta 7 urtez Tolosaldeko tokiko telebistan aritua, Sagarna Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia Digitaleko Zuzendaritzan ari da lanean duela zortzi urtetik hona. Bertatik lan sendoa egiten aritu da digitalizazioak eta administrazioen eta herritarren arteko harremanak arazo izateari utz diezaioten, eta mundu guztiarentzat eskuragarri izan daitezen. Gaur egun duen postuari esker, Sagarnak egunero lan egiten du Gipuzkoako eta Euskadiko hainbat erakunde, udal eta elkarterekin, eta sare zabala du, orain Irurako Udalean egingo duen lanaren eskura jarriko duena. “Orain arte Gipuzkoako herritarrei zerbitzu bat eskaini diet eta orain irurarrak izango dira nire lehentasuna”, ziurtatu du.

Sagarnak ekonomia eta gizarte zerbitzuak finkatu ditu bere proiektuaren zutabe nagusi gisa, eta aurreratu du eragile ekonomikoekin gertutik lan egingo duela lan-eskaintza indartzeko,  Irurak Gipuzkoako langabezia tasaren bataz bestetik beherago egoten jarrai dezan. Gainera, lankidetza estua izango du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailarekin, udalerrian zaintza-eredu berria ezartzeko, bereziki adinekoei zuzendua.

Azkenik, hautagai jeltzaleak aurreratu du umiltasunetik eta modu eraikitzailean lan egingo duela, betiere argi izanda lehentasuna Irurako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea dela eta izango dela.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube