Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/04/19

Eider Mendozak Leitzarango bailaran martxan jarritako aisialdi berdeko eta turismo jasangarriko ekimenak ezagutu ditu

Diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Imanol Goenaga Andoaingo alkategaiarekin batera, “naturguneen zaintza lehen sektorearekin, turismo berdearekin eta bioekonomiarekin batera” garatzeko hautua egin du
Eider Mendozak Leitzarango bailaran martxan jarritako aisialdi berdeko eta turismo jasangarriko ekimenak ezagutu ditu

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNV-ren hautagaia, Eider Mendoza Larrañaga, Andoainen izan da gaur, herrian bultzatu dituzten aisialdi berdeko eta turismo jasangarriko ekimenak gertutik ezagutzeko. Leitzarango bailarara egindako bisitan, Imanol Goenaga herriko alkategaia izan du alboan, eta elkarrekin ibilaldia egin dute ingurune natural hartako apustu eta asmoen berri bertatik bertara ezagutzeko.

Eider Mendozak, Leitzaranen egindako lanak ezagutu ondoren, “natur-ondarea eta garapen ekonomikoa eta soziala modu orekatuan uztartzen jakitea funtsezkotzat” jo du etorkizunari begira. “Naturguneen zaintza ezinbesteko balioa da Gipuzkoan eta, aldi berean, bestelako aktibitateekin batera garatu eta gauzatu beharrekoa, batez ere lehen sektoreari, turismo jasangarriari, ekonomia zirkularrari edota bioekonomiari lotuta; osasunean eta ongizatean dituen onurekin batera”, gogoeta egin du.

Horrez gain, diputatu nagusi izateko hautagaiak gogorarazi du “gure ongizatea zein datozen belaunaldiena, ekosistema osasungarriak mantentzeko dugun gaitasunak” baldintzatuko duela. Gaineratu duenez, Leitzarango bailara lurraldean daukagun eta Nafarroarekin lotzen daituen “altxor natural, sozial eta historikoa” da, ondare natural eta biodibertsitatearen “gordailu”. “Gipuzkoan jakin dugu balio horiek babestu, berreskuratu eta modu orekatuan herritarren gozamenerako egokitzen. Orain, oreka berde horretan aurrera egiteko momentua da”, adierazi du.

Aisialdi eta turismo berdean erreferente

Balio natural handiko espazioa da EAJ-PNVko hautagaiek gaur bisitatu dutena. Leitzarango bailara herriko “arnasgune naturala” da, Imanol Goenagaren hitzetan, eta, hain zuzen, Andoaingo etorkizuneko herri-proiektuaren apustu nagusietako bat aurkitzen da bertan, “herritarren bizi kalitatea hobetu eta aisialdi osasungarriarekin lotutako ekimenak bultzatzeko gune ezin hobea baita”. Leitzarango bailaran egindako apustu estrategiko honek “nabarmen hobetu du naturgunearen egoera eta bertako biodibertsitatea” eta bailararako dituen etorkizunerako proposamenak azaldu ditu Andoaingo alkategaiak. 

Hain zuzen, Otieta parkean aurkitzen den Bisitarien Zentroa eta bertan eskaintzen den aisialdi zerbitzua, EAJ-PNVk Andoainen garatutako udal-jardunean azken urteetan egindako apustu handienetako bat da, Uraren Interpretazio Zentroak eta bertan garatzen diren zerbitzuek (mendi-bizikleta irteerak, Ferrata Bidea, orientazio ibilaldiak, natura ezagutzeko txangoak, kultur ekimenak…) osatzen dutena. Eskaintza hau slow tourism delako ereduan oinarritu dela azaldu du hautagaiak eta etorkizunean planteamendu hori hedatzen jarraitu nahi dutela azaldu du. “Turismo eredu honek jasangarritasuna eta ingurune natural eta kulturaren zaintza ditu oinarri” eta Leitzaranen azken urteotan garatutako proiektu eta zerbitzuen oinarria izan da. Eredu horri eusteko konpromisoa hartu du alkategaiak, hain zuzen ere.

Honela, azken urteotan eskaini den hezkuntza eta aisialdi berderako proiektuak izan duen “erantzun ezin hobea” kontuan hartuta, “orain urrats bat gehiago egiteko garaia da”. Andoain turismo  berde eta jasangarrian erreferente izateko lanean jarraitu nahi dutela azaldu du Goenagak, Leitzaran bailaran hasitako proiektuari jarraipena eta hedapena emanez. Hala, Leitzarango ibai-parke berria da hautagaiaren eta haren lantaldearen proiektu nagusienetako bat, datorren legealdirako proposamenen artean. Papelera–ren eraikina zena eraitsi, bertako lurzoruak deskontaminatu eta birgaitutako eremu horretan aisialdi gune berri bat egitea planteatzen du EAJ-PNV-k, bainurako guneak eta igerileku irekiak sortuz, eta kirol-arrantzarako guneak egokituz, besteak beste.

Halaber, mugikortasun eredu jasangarriak sustatzeko egin den apustua azpimarratu du Goenagak, autoaren erabilera mugatu eta oinezko zein bizikleta bidezko mugikortasuna lehenetsiz. Esate baterako, Leitza eta Andoain lotzen dituen bide berdea, ibilbide aproposa da kirola eta natura uztartzeko, eta pandemia garaian egiaztatu ahal izan duetez, ezinbesteko arnasgune bilakatu da andoaindar askorentzat ingurune hori guztia. Horregatik, Plazaolako ibilbideaz haratago, bidegorri sareak osatzen eta zabaltzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du Goenagak “bai herri mailako barne-konexioak osatuz, baita inguruko herriekin lotura berriak sustatuz, adibidez, Lasarte-Oriarekin N-I errepidearen paraleloan”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube