Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/03/23

Josu Idigoras Egia da Eusko Alderdi Jeltzalearen Zumarragako alkategaia

Hautagaiak “indarrez eta ilusioz” heltzen dio hauteskundeen erronkari, eta esan du “Zumarraga berpiztearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu du.
Josu Idigoras Egia da Eusko Alderdi Jeltzalearen Zumarragako alkategaia

Josu Idigoras Egia da Eusko Alderdi Jeltzalearen Zumarragako alkategaia, datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Hautagaiak azaldu duenez, “indarrez eta ilusioz” heltzen dion erronkari, eta Zumarraga “berpiztearen alde” lan egiteko konpromisoa hartu du. “Herria ahuldade momentu batean dago, urtetik urtera biztanleak galtzen ari da, aukera faltak eraginda”, azaldu du, errealitate honen aurrean Udalak adierazi duen “ezintasuna” deitoratuz. “Zumarragak aldaketa behar du, etorkizuna bermatu eta aurrera egiteko. Eta horretarako, aukerarik onena Eusko alderdi Jeltzalea da”, azpimarratu du.

Idigorasek enpresagintza ikasketak egin zituen eta urte askotan Ordiziako Sueskola Fundazioan ibili izan da lanean, administrazioa, kontabilitate eta finantza departamentuaren arduradun gisa. Aurretik, Urretxu-Zumarraga Ikastolako presidente izan zen bost urtez, eta gaur egun Suhiltzaileen foru zerbitzuko zuzendaria da. Idigorasek eskarmentu zabala du udal kudeaketan eta ongi ezagutzen du barrutik Zumarragako Udala, azken hiru legealditan zinegotzi izan baita. Datozen asteetan aurkeztuko ditu bere hautagaitza osatuko duten pertsonak, eta baita bere hauteskunde programaren ardatzak ere.

Alkategaiak azaldu duenez, Zumarragak bizi duen egoeraren aurrean argi geratu da “errezeta zaharrek” ez dutela balio: “Jarduera industriala ia ezerezera murriztu da, eta langabezia Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago. Egoera honen aurrean, ordea, ez gaude errenditzeko prest, eta Zumarragarentzako etorkizun hobeagoa eraikitzeko grinak motibatzen gaitu”. Ondorioz, esan du ekonomiari lehentasun osoa emango diola, enpresak erakarri, industria berreskuratu eta kalitatezko enplegua sustatzeko.

“Ez gara promesa handien edo esaldi ponposoen lagunak, gure konpromisoa lana, lana eta lana da”, aldeztu du Idigorasek. Agindu duenez, gogotik egingo du lan Zumarraga egungo geldialditik atera eta berriro ere edozeinek bere bizitza proiektua garatzeko leku erakargarri bilakatzeko. “Zumarragarrekin elkarlanean, eta herriko eragileei elkarlanerako eskua luzatuz, ziur nago lortuko dugula”, esan du. “Hamarkadetan euskal erakundeen buru egin dugun lana da gure abalik onena, fidagarritasuna eta eraginkortasuna erakutsi baititugu kudeaketan”, borobildu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube