Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hizkuntza-eskubideak herritarrenak dira, eta erakundeoi dagokigu eskubide horiek errespeta daitezen bermatzea
Saioa Bandres: “Sektore publikoko langile bati lurraldeko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez da diskriminatzailea, eskakizun horrek bermatzen baitu hain zuzen, herritarren hizkuntza-eskubidea”“Sektore publikoko langile batek lurraldeko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez da diskriminatzailea, eskakizun horrek bermatzen baitu hain zuzen, herritarren hizkuntza-eskubidea. Ulergaitza egiten zaigu Gipuzkoako Batzar Nagusi hauetan herri honetako herritarren hizkuntza-eskubideen defentsan bat egiten ez duten talde politiko batzuren jarrera. Edo Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legean ezarritakoari muzin egiten diotenak. Uste dugu euskararen erabateko defentsa beharrezkoa dela, bai botere judizialetik jasaten ari den erasoen aurrean, bai talde politiko batzuen aurrean, haien botoarekin eta gaur erakutsitako jarrerarekin argi eta garbi hausten baitute hizkuntza-normalizazioaren inguruko adostasuna”, adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVko bozeramaile Hizkuntza Berdintasuneko batzordean Saioa Bandresek, Uliazpi Fundazioko zaintzaile-plazak eta Administrazioko lanpostuak betetzean herritarren hizkuntza-eskubideak bete beharrari buruz. “Enplegatu publikoak herritarren zerbitzura daude, eta, besteak beste, haiek aukeratutako hizkuntzan hartu behar dute arreta – jarraitu du –. Horrela bakarrik bermatzen baitira herritar guztien hizkuntza-berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak. Herritar euskaldunek eskubide osoa dute sektore publikoko langile guztiekin eta administrazio-eremu guztietan euskaraz aritzeko”.
“Erakundeek eta herritarrek elkarrekin egindako ahaleginari esker – adierazi du bozeramaile abertzaleak – asko aurreratu dugu hizkuntza-berdintasuna lortzeko eta euskara berreskuratzeko bidean. Eta Gipuzkoako Batzar Nagusi hauetatik berriro adierazten dugu hizkuntza-eskubideen normalizazioaren eta defentsaren aldeko erabaki irmoa. Horregatik guztiagatik, Eusko Abertzaleak EAJ-PNV eta EH Bildu batzarkide taldeek batzordean erdibideko zuzenketa onartu dugu gaur, non Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogun herritarren eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak babesteko konpromisoari eutsi diezaiola Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989ko legeak agintzen duena betez, alegia , lanpostu bakoitzari esleitutako hizkuntza eskakizunak eta, hala badagokio, horien derrigortasun-data, lanpostuen zerrendan ipintzea beharrezkoa zela eta dela defendituz. Eta Uliazpi Fundazioaren kasuari erreparatuz – zehaztu du Saioa Bandresek – hogeita hamalau zaintzaile-plaza betetzeko deialdiari eusteko eskatzen diogu, auzitara joz eta behar diren helegiteak aurkeztuz”. Zuzenketaren azken puntuan, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote, Euskadin euskara normalizatzeko prozesuan, jarrai dezala Gipuzkoan herritarrek dauzkaten hizkuntza eskubideak ahalbidetzen Administrazio Publikoak dituen betebeharrak eginez, azken hamarkadetako erabakimen eta adostasun politiko eta sozialen bitartez gizartean zuzentasuna eta berdintasuna eraikitzeko.
EAJ-PNVko batzordeko bozeramaile Saioa Bandresek, adierazi du amaitzeko, “Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi eta garbi adierazten dugu, langile publiko bati Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez dela diskriminatzailea, eskakizun horrek bermatzen baitu hain zuzen, herritarren hizkuntza-eskubidea. Herritar euskaldunek eskubide osoa dute sektore publikoko langile guztiekin euskaraz hitz egiteko. Horregatik guztiagatik, Batzar Nagusi hauetatik azken instantziara arte defendatuko dugu euskararen normalizazio prozesuan eta hizkuntza eskubideen defentsan hasitako bidea”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31