Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/03/17

EAJ-PNVk Xabier Otxoa aurkeztu du Usurbilgo alkategai

"Herriaren etorkizuna definituko duten proiektu estrategiko nagusiak bultzatzeko, lidergo berria eta talde indartsu bat behar dira".
EAJ-PNVk Xabier Otxoa aurkeztu du Usurbilgo alkategai

Usurbilgo EAJren udal batzarrak Xabier Otxoa Muñoz (Aretxabaleta, 1992) hautatu du datozen udal hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendaburu. Hala, alderdiaren babesarekin eta militantziak berretsita, Otxoa izango da "Usurbilgo herritarrei aukera berriak" eman nahi dion apustuaren buru, "ilusioz eta proiektu sendoekin, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko prest".

Asmo irmo horrekin, hautagaiak "ilusioz eta lanerako gogo handiz" onartu du izendapena, eta helburu bat finkatu du: "Usurbil aurrera eramateko erabakitasunez lan egitea, proiektu eta plan guztiak errealitate bilaka daitezen". Horretarako, "lidergo argia, kudeaketa talde bat eta EAJ-PNVren indarra" behar direla gaineratu du.

Udal batzarrak, bere aldetik, hautagaiaren prestakuntza, esperientzia eta ilusioa nabarmendu ditu eta, bereziki, "bere lanerako gaitasun handia" nabarmendu nahi izan du, haren ekarpena "erabakigarria" izan daitekeela azpimarratuz, "Usurbil berpizteko garrantzi handiko une honetan".

Usurbilera etorritako gazteak dio bere bizitza proiektua Usurbilen hasi berri duela eta bera bezala, hainbat direla bertara etorri diren gazteak. “Horregatik behar du Usurbilek gidaritza berri bat, Usurbilen jaiotakoak zein kanpotik etorritako usurbildarrak gidatzeko aintzat hartzen dituen proiektu bat behar du”, dio Otxoak.

Hautagai jeltzalea, ubide eta portuetako ingeniaria da, hirigintzan espezializatua, eta lanbide horretan ingeniaritza enpresa batean eman ditu azken urteak bazkide bezala. Orain enpresen administrazio eta zuzendaritza master exekutiboa egiten dabil. Gizarte-bizitzan eta alderdian oso inplikatutako pertsona da, eta orain Otxoak konpromiso hori "urrunago eraman" nahi du, kudeaketa pribatuan zein publikoan egin duen ibilbidean lortutako esperientzia eta berrikuntzarako gaitasuna eskainiz.

Otxoa hain zuzen, Aretxabaletako udalean zinegotzia eta  hirigintza burua da, eta azken 4 urteetan hainbat izan dira atxabaltarren bizitza hobetzeko bultzatutako lanak eta proiektuak. Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, batzarkidea da Otxoa, bertan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketa, Bide Azpiegiturak eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako batzordeetan lanean dihardu legealdi honetan.

Talde lana eta esfortzua

"Abertzale eta euskaltzale" honek, bere burua definitzen duen bezala, "ilusio handiz eta erantzukizunaren zentzu handiz" hartu du izendapena.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie alderdiari eta berarengan konfiantza jarri duten pertsona guztiei. Otxoak taldea berritzeko borondatea azaldu du, "ideia eta ilusio berriak ekarriko dituzten pertsona berriak inplikatuz".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube