Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/03/01

Europako kamioi-aparkalekurik onenari saria jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Astigarragako Garraio Zentro Integralagatik

ESPORG elkarteak, gune honek garraiolarien lan- eta bizi-baldintzetan suposatzen duen hobekuntza eta eskaintzen duen segurtasun maila gorena nabarmendu ditu, Europar Parlamentuan egin den sari-emate ekitaldian
Europako kamioi-aparkalekurik onenari saria jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Astigarragako Garraio Zentro Integralagatik

ESPORG, Europako Kamioientzako Aparkaleku Seguruen Elkarteak, Astigarragako Garraio Zentro Integralari (GZI Astigarraga) European Truck Parking of the Year saria eman dio, Europar Parlamentuan, Bruselan, egin duten Urteko Batzar Orokorrean. 2021eko abenduan martxan jarri zen azpiegitura honen segurtasun eta zaintza maila gorena, eta kamioilarientzako eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea saritu ditu Europa mailako elkarte honek. Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiak sustatutako Garraio Zentro Integral hau eta Gipuzkoako errepideak, “Europa zeharkatzen duen Atlantikoko garraio-ardatz nagusiaren barruan, digitalizazio- eta segurtasun- erreferente gisa kokatzen ditu” errekonozimendu honek.

Europar Batzordeko Lurreko Garraioko Zuzendari Nagusi, Kristian Schmidt-en eskutik jaso du saria foru diputatuak. Schmidtek nabarmendu duenez, Astigarragako zentroaren “kalitatea duten aparkaleku gehiago behar ditugu Europar Batasunean, garraiolarien lanbidea erakargarriagoa izan dadin, eta, aldi berean erregai alternatiboen hornidura lurralde osoan zehar hedatzen laguntzeko azpiegitura estrategikoak direlako”. Foru diputatuarekin batera, Miguel Angel Poza, Astigarragako GZI-a kudeatzen duen EYSA Group-en ordezkaria izan da ekitaldian.  

ESPORG elkartearen sari honek segurtasun, kalitate, konektibitate eta zainketa baldintza maila gorenak dituzten kamioientzako aparkaleku eta zerbitzu guneak saritzen ditu. Bidegi foru elkartea ere sare honetako partaide da; Europa osoko enpresa, garraiolari elkarte eta erakunde publikoekin batera. Astigarragako gunearen kasuan, sari hau, instalazioak inauguratu eta urte betera etorri dena, gunea Europako garraiolarien artean ezagutzera emateko “momentu ezin hobean” datorrela azpimarratu du Oiarbidek: “Gipuzkoa Europa mailako errepide seguru, konektatu eta adimendunen artean kokatzen du Garraio Zentro Integralak”. Ekitaldian, sari honek Gipuzkoa eta Euskadi Europarekin erabat lerrokatzen dituela aipatu du foru diputatuak, azpiegitura honetan egindako 15 milioi euroko inbertsioa azpimarratuz. Jasangarritasun politiketan egindako bide aitzindaria sendotzen du errekonozimendu honek, “inbertsio hauek bidesariei esker egin daitezkeelako, lurralde guztietako garraiolariek ordaintzen dituztenak, ez soilik gipuzkoarrek”. Finean, diputatuaren arabera, “Europako herri txikien herrigintzan aritzeko erabakiak hartu dira, bai ingurumen jasangarritasunean eta baita jasangarritasun ekonomikoan ere”.

Halaber, garraiolarien sektorearentzat funtsezkoa da mota honetako zerbitzuak eskaintzea, garraiolarien bizi-kalitatea eta lan-baldintzak hobetzen duelako eta, baita ere, haiei atsedenerako leku eroso eta seguruak eskainiz, errepideak seguruagoak direlako. GZIaren instalazioek europar araudi eta prozedura zorrotzenak betetzek dituzte, zerbitzu aurreratuekin eta segurtasun maila gorenarekin. Europar Batasuneko segurtasuneko urrezko maila ziurtatua du GZIak. 

Gipuzkoako Garraio Zentro Integrala

Gaur egun Europa mailan kamioiak aparkatzeko eremu seguruak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten instalazio gutxi daude, baina Europar Batasuna geroz  eta zorrotzagoa da azpiegitura hauek bultzatu eta baldintzak ezartzerako orduan. Hain zuzen, ESPORG elkartearen egiteko nagusietako bat da gune hauen sustapena egitea eta Europar Batzordearen aholkularia da gai hauetan. Gipuzkoako Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integralak kamioientzako 525 plaza seguru, babestu eta konektatu eskaintzen ditu guztira (Astigarragan 341 eta Oiartzunen 184). Instalazio moderno eta seguru hauetan, jatetxe-, konektibitate- eta hornidura- zerbitzuak eta higienerako, aisialdi zein kirolerako eta garbiketarako instalazioak eskaintzen dira. Aparkalekuekin, 25.563 m2 ditu azpiegitura osoak Astigarragan. Barrutiak, halaber, 930 metroko luzerako itxitura perimetral bikoitza du, eskaladaren aurkako hesiekin, 2,5 eta 3,5 metro arteko altuera aldakorrarekin, Europako urrezko ziurtapenak eskatzen duena betez. Oiartzungo guneak Astigarragako aparkalekuaren ezaugarri eta zerbitzu berdinak ditu eta garraiolariek 184 plaza dituzte 16.220m2-ko azaleran. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube