Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hondarribiko EAJk eta Sabino Arana Fundazioak gudarien komandante Kandido Sasetaren oroimen eta omenezko ekitaldia egingo dute bere heriotzaren 86. Urteurrenean
Datorren ostegunean, otsailaren 23an, Gorka Ortega eta Koldo Ortega ikertzaileek «Kandido Saseta bizitza Euskadiren zerbitzura emana» deritzon hitzaldia emango dute Hondarribiko Karlos V.a paradorearen areto nagusian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.Aurten, 86 urte bete dira Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandante hondarribiarra Asturiasko frontean hil zenetik. Horren kariz, Hondarribiko EAJ-PNV alderdiaren Uri Buru Batzarrak eta Sabino Arana Fundazioak aurten ere omenaldia egin nahi diote Sasetari, eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Hala, haren oroimenez antolatutako ekitaldien artean, datorren otsailaren 23an, ostegunarekin, 19:00etan, Hondarribiko Karlos V.a paradorearen areto nagusian (Arma plaza, 14) ondoko hitzaldia eskainiko da: Kandido Saseta, bizitza Euskadiren zerbitzura emana.
Kandido Saseta Hondarribian jaio zen, 1904ko abenduaren 12an, Biteri eskolan. Kandidoren aita, Ambrosio Saseta, bertan jardun zuen irakasle, 1896tik 1931ra.
Euzko Gudarosteko kideetan, militar profesional bakarrenetakoa izan zen. 1936ko abuztuaren 4an euskal miliziak antolatzeko eta egituratzeko eskaria jaso zuen EAJ alderdiaren zuzendaritzaren eskutik, eta gerora milizia horietako buru izan zen. Euskal milizien buruzagitzan ziharduela, Azpeitiko Komandantziaren aginduz, Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo herrien arteko defentsa-lerroa antolatu zuen, gudariak gidatu zituen Andatzarrateko borroketan, eta Gipuzkoako erdialdeko defentsa eta erresistentzia koordinatu zituen, lurraldearen zatirik txikiena ere etsaietatik tinko babestuz. Gipuzkoan egindako erresistentzia horrek ahalbidetu zuen orduko Euzkadiko autonomia estatutua onartzea eta lehen Eusko Jaurlaritza sortzea; gero, horren esku geratu zen Euskadiko gerraren kontrola eta koordinazioa.
Kandidok eskolta eman zion Jose Antonio Agirre lehendakari hautatu berriari gobernuari ohoreak egin zizkioten tropen ikustaldian, eta, aldi berean, Elgetako sektorearen inguruko agintea jaso zuen. Hala, Saseta izan zen agintari militar gorena Intxorta mendietan izandako lehen guduan, Euzko Gudarosteko batailoiak ez ezik, sektore hartan borrokan zebiltzan hainbat ideologiatako beste batailioi batzuk ere zuzendu zituela.
Azaroaren erdialdean, Elgetako sektorearen gaineko agintea eman zion Eduardo Urtizberea hondarribiarrari, hots, Sasetak Euskal Milizietan kide izandakoari, Estatu Nagusia Legutioko erasoaldia antolatzen ari zela, eta Saseta hautagai sendoa zen zutabe militarretako baten buru izateko.
1937ko urtarrilean, Estatu Nagusiak Euskal Espedizio Dibisio bat Asturiasera bidaltzeko aukera aztertu zuen, Oviedo konkistatzeko asmoz. Saseta mailaz igo zuten. Intendentziako komandante izendatu zuten eta 2. Euskal Brigadaren agintea jaso zuen ondokoek osatua: ANVko Eusko Indarra 2, UGTko Amayur eta Indalecio Prieto 2 batailoiak, metrailadoreen Ariztimuño batailoiko sekzio batzuk, MAIko sekzio batzuk eta lotura eta transmisioen sekzioa.
Erruz idatzi da Euskadik Asturiasera bidalitako espedizio-indarrei buruz, baina Kandido Sasetak eginkoak azterturik, bidezkoa da haren ekinbide ausarta nabarmentzea, Nalon ibaiaren gaineko zubia suntsituta aurkitu arren, Estatu Nagusiak hertsatu ekintzek aurrera egin zezaten, ibaia gabarraz zeharkatzeko agindu zuen, bere bizitza eta bere agindupeko gizonena arrisku bizian jarriz, azkenek zalantzarik egin ez zutela komandantearen aginduei men egiteko. Baldintza biziki gogorretan, 60 ordu baino gehiago borrokan eman ondoren, dena amaitu zen otsailaren 23ko goizean, Estatu Nagusiak larriki estututa –frontearen egoera larria eta Eusko Indarrak Arecesen zeukan posizio arriskutsua ikusita, Sasetak presazkotzat jotzen zuen atzera-egitea ukatzen baitzion– Kandido Saseta –galoien atzetik ezkutatu ez zela– 8:45ean irten zen aginte-postutik, aginduak lehen lerrotik bertatik emateko, denbora errealean, eta bere patua bere agindupeko gizonen patuari lotzeko. Hala hil zen, beste 100 gudari baino gehiagorekin batera, matxinatutako armadaren eskuetan.
Gaur, Kandido Sasetaren egiazko izaera gogoratu nahi dugu. Pertsona oso-osoa, konprometitua, bere gizonek arras errespetatua, eta Agirre Lehendakariak oso maitatua. 1956an, Parisen egindako Euskal Mundu Biltzarrean, honela gogoratu zuen Agirrek: «Sasetaren oromenez, esan dezadan gure inguruko militarren artean, konfiantza osoa nuela gizon horrengan, erabateko leialtasuna zeukalako, guk ordezaktzen genuen guztiarekiko eta, bereziki, gurasoen lurrarekiko. Sasetak egindako sakrifizioa dela medio, zerbitzua eman nahi izan zuen, eta handi bilakatu zen horrela. Ez dut inoiz ahaztuko».
Kandido Saseta borrokan hil zen 1937ko otsailaren 23an, Areces herrian (Asturias). Datorren ostegunean, 86 urte geroago, Saseta komandantea, haren ekintzak, erabakiak eta heriotza ulertzeko gakoak emango dizkigu hitzaldiak.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31