Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/02/18

Eider Mendoza Larrañagaren hautagaitza aurkeztu du EAJ-PNVk, Gipuzkoak “elkarlanean eta norabide argi batekin aurrera egiteko”

Eusko Alderdi Jeltzaleak M28ko foru hauteskundeetarako zerrendaburuak ezagutzera eman ditu Miramoneko Parke Teknologikoan

Gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko garaian, Gipuzkoak “elkarlanean, berme guztiekin eta norabide argi batekin aurrera egiteko”, maiatzaren 28ko hauteskundeetarako Eider Mendoza Larrañagaren hautagaitza aurkeztu du gaur goizean EAJ-PNVk, Miramoneko Parke Teknologikoan egindako ekitaldi jendetsu batean. “Desesperantzaren, egoismoaren, promesa handien eta populismoaren aurrean, gipuzkoarrei eskaintzen diegu ilusioa, komunitatearen indarra, demokrazia, proposamen zintzoak eta lana, lana eta lana”, laburbildu du gaur egungo foru diputatu eta Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiak.

Donostian elkartutako 300 lagunen aurrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkeztu ditu EAJ-PNVk. Mendozaz gain, izan ere, Olatz Peon (Oria), Xabier Ezeizabarrena(Donostialdea) eta Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) izango dira zerrendaburuak. Horrez gain, Eider Mendozaren lagun eta lankide izandako hainbat lagunek diputatu nagusitarako hautagaiaren izaera eta zaletasunen berri eman dute ekitaldian zehar. Solasaldi labur batean, hitza hartu dute Arantzazu Ocio Larrañagak –Eiderren lagun mina–, Bakartxo Tejeria Oterminek eta Ricardo Gatzagaetxeberria Bastidak  –legebiltzarrean lankide izanak– eta Markel Olano diputatu nagusiak berak.

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek nabarmendu du Eusko Alderdi Jeltzalea izan dela Gipuzkoa eta Euskadi gaur egun dauden lekura ekarri dituena, eta esker hitz bereziak izan ditu azken bi legealditan diputatu nagusi lanetan aritu den Markel Olanorentzan. “Paper nagusia izan du Gipuzkoa honaino ekartzeko; lemazain bikaina izan dugu benetan”, eskertu du. Esker hitzen ondoren, ongi etorria eman die Gipuzkoako lau barrutietan hautagai izango diren Olatz Peon, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Xabier Ezeizabarrenari, “beren buruaz gain, gure Herria maitatzen dutelako eta konpromisoa hartu dutelako”.

Maiatzeko hauteskundeetarako 100 egun falta direlarik, Egibarrek azpimarratu du EAJ-PNVkGipuzkoako gizartearekin bat egiten jakin izan duela eta herri proiektu sendoa abiatu duela, ezker abertzaleak ez bezala. Izan ere, Madrilen ez bezala, “hemen, ez dira bidelagun izan ez akordio ekonomiko, sozial edo kulturaletan”. “Orain estrategia aldatu dute eta eredu aldatu behar dela diote, baina garbi hitz egin behar dugu: EAJ-PNV da gure Herriak aurrera egiteko aukerarik onena”, jakinarazi du.

Amaitzeko, alderdiaren hiru printzipio nagusiak aipatu ditu. Lehena, “abertzaleak garela eta gure nazioak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela defendatzen dugu”. Bigarrena, izaera demokratikoa: “Herritarren eskutik egingo du egin beharrekoa, gehiengo sendoen eskutik”. Eta azkena, “gizarte justuago baten alde lan egiten dugula, inor bazterrean utzi gabe”.

Gipuzkoa: indargune eta helduleku sendoak

Ziurgabetasunen eta garaiko zailtasunen aurrean, herritarrei “ziurtasunak” eskaintzeko determinazioa azaldu du Mendozak eta, ahalegin horretan, Gipuzkoak “indargune eta helduleku sendoak” dituela gogorarazi du. “Gure lurraldean sinesten dugu, gure industria indartsu dago, gizarte dinamiko eta solidarioa da gurea, komunitatea sendoa daukagu”, aipatu du, eta nabarmendu du Estatuko langabezia tasarik txikienetakoa dugula, berrikuntzan Iparraldeko herrialde aurreratuenen pare garela eta gizarte desberdinkeriari aurre egiteko garaian Europako lurralde berdinzaleenen artean gaudela nabarmendu du. “Gipuzkoa, niretzat,  euskal lurralde bikaina da; jende dinamikoa, konprometitua eta zorrotza duena, arazoei aurre egiten diena eta horiek konpontzeko beldurrik ez duena, ezta horien aurrean  kokiltzen dena ere; eta, batez ere, pertsonak zaintzen dituena. Hori da Gipuzkoa, niretzat!”, adierazi du. 

“Denok gogoratzen dugu Gipuzkoa nola zegoen duela zortzi urte eta nola dagoen orain. Iraganeko eztabaidekin eta beste leku batzuetan bizi duten egoerarekin konparatuz, egonkortasun politikoa daukagu eta, ez hori bakarrik, aitzindariak gara eremu askotan. Elkarlanean herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzea lortu dugu, Gipuzkoa aurrerabidean ipiniz eta etorkizuneko erronketan bidegile izanez”, balioa eman dio Mendozak. Ildo horretan, “lorpen” hori gauzatzeko garaian egungo diputatu nagusi Markel Olanoren eta hark gidatutako foru gobernuaren “meritua” aitortu nahi izan du.

“Errealitate lazgarrietatik gertu”

Aldi berean, “Europa osoan” norbanako eta familiek bizi dituzten zailtasun nabariak aipatu ditu EAJ-PNVren hautagaiak, hipoteken, elikagaien eta erregaien prezioen inguruko kezka adierazi du. “Gaurko gazteen belaunaldia gure aurrekoak baino okerrago biziko den ustearen aurrean, nik ez dut amore eman nahi, ez diet gure seme-alabei mundu okerrago bat utzi nahi”, aldarrikatu du diputatu nagusi izateko hautagaiak. 

Hori horrela, Gipuzkoako industria eta enpresak “defendatu” eta “kalitatezko lanpostuen” alde egiteko eta, aldi berean, “gizarte babesteko sistema zaindu eta zabaltzeko” konpromisoa hartu du bere gain, horiek baitira gure lurraldeko “ongizate ereduaren” zutabe nagusiak. “Ongizatea gizarteko kapa guztietara hedatu behar dugu”, esan du eta bestelako gizarte errealitate batzuei ere erreparatu die gainera: “Jatorri, adin eta egoera emozional anitzak bizi dituzte gipuzkoarrek. Hor azpimarra jartzera ere konprometitzen naiz, inor atzean ez uztera eta errealitate lazgarrienak bizi dituztenengandik gertu egotera”, gehitu du, datozen 100 egunetarako hartu dituen hamar konpromiso nagusiak aletzeko garaian.

Hauteskundeetara begira, “ariketa demokratiko” horretan parte hartzeko ilusioa agertu du Mendozak, eta ideia eta konpromiso “positiboak” planteatzeko gogotsu agertu du. “Bakoitzak bere eredua modu natural batean eta mozorrorik gabek aurkeztu behar du, ondoren gero herritarrek erabaki dezaten”, esan du. Bere aldetik, momentu oro “jarrera etiko argiarekin” eta gipuzkoarren “proposamenak, kritikak, kezkak eta eskaerak modu aktiboan jaso eta entzuteko” asmoa azaleratu du.

“Aurrekoek bete dute, dena eman dute. Haiei esker gaude gauden lekuan. Aurrekoek eman digutena aldarrikatuz eta balioa emanez, ondorengoen etorkizuna elkarlanean eraikitzeko erronkari helduz, gure belaunaldiak Gipuzkoa gidatzeko konpromisoari eta ardurari heltzen dio”, laburbildu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube