Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/02/17

Deba da Gipuzkoako kostaldean garapen ekonomikoan eta gizarte-zerbitzuetan gasturik txikiena duen udalerria

Alderdi jeltzaleak azpimarratu du atzo Osoko Bilkuran onartutako aurrekontuek jarraipena ematen diotela legegintzaldiko joerari: “Deba etengabeko gainbehera batean bizi da, eta kezkatuta gaude 2023rako onartutako aurrekontuek ez dutelako inbertsio edo apustu politiko argirik aurreikusten”.
Deba da Gipuzkoako kostaldean garapen ekonomikoan eta gizarte-zerbitzuetan gasturik txikiena duen udalerria

Debako Udalak atzo onartu zituen, ezohiko Osoko Bilkuran, 2023ko udal aurrekontuak, Debarren Ahotsaren abstentzioari esker; EAJ-PNVk kontra bozkatu zuen. Aurrekontu horiek, talde jeltzaleak salatu duen bezala, gobernu taldearen ekintza falta eta anbizio eza agerian uzten dute: “ez dute aurreikusten inbertsio edo apustu politiko argirik Debarentzat, ez udalerriari indar edo muskulu ekonomikoa emateko, eta ezta ere Deba etorkizuna duen herria  izan dadin”.

Era berean, alderdi jeltzaleak gogorarazi du EH Bilduren gobernuaren kudeaketa gaitasun faltak eragin duela Deba izatea Gipuzkoako kostalde osoan garapen ekonomikoan eta gizarte zerbitzuetan gastu txikiena duen udalerria: “atzo onartutako aurrekontuek jarraipena ematen diote legegintzaldi osoko joerari. Inbertsio faltak eta aurreikuspen ezak Deba etorkizun gutxiko herri bihurtzen dute. Eta debarrok horren jakitun gara, gu eta bisitatzen gaituzten pertsona guztiak. Deba urrun dago izan beharko lukeenetik, merezi duenetik”.

“Etorkizuna izango duen udalerri baten aldeko apustua egiten dugu”

Horrela, EAJ-PNVk dio bere alderdiak debarrentzako etorkizuna duen udalerri baten alde egiten duela lan, herritarren benetako premiei erantzungo diena eta, aurrea hartzen eta etorkizuneko beharrizanak aurreikusteko gai izango dena: “onartutako aurrekontuak, aldiz, %3 baino ez du bideratzen inbertsioetara; gastu pertsonala %34tik %39ra igo da; eta gastu arruntek aurrekontuaren %52 suposatzen dute. Era berean, Gizarte Gastuaren kapitulua (100.000 euro) edo Sustapen ekonomikoa (30.000 euro) bezain beharrezkoak diren partidak murriztu egin dira 2022an aurreikusitakoarekin alderatuta”.

Aurkeztutako zirriborroaren aurrean, eta egoera hori zuzentzeko asmoz, talde jeltzaleak 7 proposameneko zirriborro bat aurkeztu zuen: “200.000 euroko partida bat bideratzea eskatu genuen argiteria publikoa aldatzeko; 60.000 euro energia sortzeko kooperatiba bat eratzeko; 10.000 euro azterketa bat egiteko etorkizuneko tutoretzapeko erresidentzia eta apartamentuen inguruan, Deban zaintza-ekosistema bat ezartzeko helburuarekin; 200.000 euro jolasgune bat estaltzeko; 100.000 euroko partida bat Debako familiei laguntzeko; 12.000 euro Itziarko industrialdearen garapenari buruzko txosten bat egiteko eta, horrela, haren garapena bultzatzeko; eta, azkenik, eskatu dugu lehentasuna ematea gure udalerriko turismoaren eta merkataritzaren garapenari”. Hala ere, EAJ-PNVk azaldu du EH Bilduren udal gobernuak ez zuela inolako konpromiso irmorik agertu bere taldeak aurkeztutako proposamenen aurrean, nahiz eta ildo horiek indartzeko beharraz jakitun izan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube