Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/02/10

Mendicute, EAJ-PNVren Eibarko Alkategaia

Alderdiaren Uri Batzarrak Josu Mendicute (Eibar, 1987) jeltzaleen zerrendaburu izendatu du

Jeltzaleen udal bozeramaileak aldaketa defendatu du, Eibarrek aurrera egiteko
Mendicute, EAJ-PNVren Eibarko Alkategaia

Josu Mendicute Rodríguez (Eibar, 1987) izango da EAJ-PNVren zerrendaburua maiatzeko udal hauteskundeetan, Eibarko Alkatetza berreskuratzea xede. Mendicute 2015ean sartu zen Eibarko Udalean, laugarren postuan, eta hilabete batzuk geroago bozeramaile izendatu zuten. 2019ko hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz alkategai gisa. Bertan, buru zen hautagaitzak boto-emaileen kopurua % 30 handitzea lortu zuen, seigarren zinegotzia lortuz eta EAJ-PNVren proiektua sendotuz, aldaketa bultzatzeko alternatiba gisa.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta bigarren hezkuntzan euskara-eskolak emateko irakasle gaitua, 20 urterekin hasi zen lanean, ikasten ari zela. Komunikazio digitalaren sektorean lan egin du, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrean, 2019ko azaroan buru-belarri Udalean aritzeko Gasteizko ganbera utzi zuen arte.

Bi agintaldiotan hainbat aholku- eta lan-batzordetan aritu da, hala nola, kultura, hirigintza, obrak, zerbitzuak, euskara, ogasuna, Ego Ibarra edo gai instituzionalak. “Hautagai gaztea izanik, 35 urterekin udal- eta erakunde-jardueraren ezagutza zabala du. Udala gidatzeko eta gainerako erakundeekin batera lan egiteko gai da”, adierazi du EAJk. 

Ezaguna da herrian, hainbat eta hainbat jarduera sozial eta kulturaletan parte hartzeagatik. Saxofoia jotzen du Cielito Musika Bandan eta Ustekabe txarangan. Azken horrekin, iaz, Eibarko Kantak diskoa argitaratu zuen. Urkizuko Auzokoak batzordearen koordinatzailea da, eta …eta Kitto! Euskara Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, besteak beste. Gazte-gaztetatik hirian antolatzen diren era guztietako jardueretan inplikatuta, hiriko bizitza sozialarekin duen lotura benetakoa da. %100 eibartarra dela. Euskara eta ingeles maila altua eta frantseseko oinarrizko ezagutzak ditu.

Alderdiaren babes osoa

Eibarko alderdikideen babesa jaso ondoren aurkeztu da Mendicute Alkatetzara. EAJk indartsu ikusten du bere burua, azken urteetan pisu espezifikoa berreskuratu baitu, 35 urte lehenagotik lortu ez zuen mailara iritsi arte. Horrela, alderdi abertzalea 2015ean lau zinegotzitik bostera igo zen, eta 2019an bat gehiago irabazi zuen, 6 zinegotzirekin bigarren udal indar bezala finkatuz.

Jeltzaleek ahaleginak areagotuko dituzte hazkunde joera horri jarraipena emateko eta, horrela, hiri armagineko Alkatetza berreskuratzeko. Alkatetza EAJren esku egon zen 1979-83 eta 1983-87 agintaldietan. 35 urteren ondoren, aldaketaren beharra inoiz baino agerikoagoa da, hurrengo belaunaldiei herri hobe bat uzteko. Eibarrek bere lekua berreskuratu behar du, eta horretarako, EAJk Mendicuterengan jarri du konfidantza. Laster bere hiri proiektuaren ildo nagusiak azalduko ditu jendaurrean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube