Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Imanol Goenaga aurkeztu du Andoaingo alkategai
Goenaga, 36 urteko andoaindarra, izango da maiatzeko udal hauteskundeei begira jeltzaleen proiektuaren buru."Herriaren etorkizuna definituko duten proiektu estrategiko nagusiak bultzatzeko, lidergo berria eta talde indartsu bat behar dira".
Andoaingo EAJren udal batzarrak Imanol Goenaga Egibar (Andoain, 1986) hautatu du datozen udal hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendaburu. Hala, alderdiaren babesarekin eta militantziak berretsita, Goenaga izango da "Andoaini bultzada berria" eman nahi dion apustuaren buru, "ilusioz eta proiektu sendoekin, etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko prest".
Asmo irmo horrekin, hautagaiak "ilusioz eta lanerako gogo handiz" onartu du izendapena, eta helburu bat finkatu du: "Andoain aurrera eramateko erabakitasunez lan egitea, proiektu eta plan guztiak errealitate bilaka daitezen". Horretarako, "lidergo argia, kudeaketa talde bat eta EAJ-PNVren indarra" behar direla gaineratu du.
Udal batzarrak, bere aldetik, hautagaiaren prestakuntza, esperientzia eta ilusioa nabarmendu ditu eta, bereziki, "bere lanerako gaitasun handia" nabarmendu nahi izan du, haren ekarpena "erabakigarria" izan daitekeela azpimarratuz, "Andoainentzat garrantzi handiko une honetan".
Hautagai jeltzalea arkitektoa da ikasketaz, hirigintzan espezializatua, eta lanbide horretan hainbat estudiorentzat lan egin du, birgaitze, energia-eraginkortasun eta obra zibileko proiektuen arduradun gisa. Andoaingo gizarte-bizitzan eta alderdian oso inplikatutako pertsona da, eta orain Goenagak konpromiso hori "hurrunago eraman" nahi du, kudeaketa publikoan egin duen ibilbidean lortutako esperientzia eta berrikuntzarako gaitasuna eskainiz.
Goenaga, hain zuzen, Arantxa Tapiaren kabineteko kide izan da azken urteotan, eta sailburuaren konfiantza-nukleoaren parte izan da. Gure herriaren garapen ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan buru-belarri murgildu den taldea izanik; Euskadiko eragile, enpresa eta elkarte nagusiekin elkarlan estuan aritu da hautagaia azken urteetan. Nabarmentzekoa da Azpiegituren eta Garraioaren arloan izan dituen ardurak, tren-garraioari bultzada berezia emanez eta Topoaren, Bilboko metroaren, tranbiaren edo Abiadura Handiko Trenaren obra nagusiak koordinatuz. Gaur egun, ekonomia zirkularreko eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agendako ekimenak bultzatzen ari da. Udal mailan, azpimarratzekoa da URAtik Ziako errekastoa saneatzeko eta bideratzeko lanak bultzatzeko egindako lan erabakigarria.
Talde lana eta esfortzua
"Abertzale eta euskaltzale" honek, bere burua definitzen duen bezala, "ilusio handiz eta erantzukizunaren zentzu handiz" hartu du izendapena. Bere hitzetan, "Andoainen garai berri bat alkatetzatik gidatu ahal izatea baino harrotasun handiagorik ez dago". Imanol Goenaga oso inplikatua egon da Andoaingo bizitza sozial eta kulturalean, batez ere Musika Eskolan eta Andoaingo igeriketa taldean (AKEK), han hasi zuen bere kirol-ibilbidea, eta gainera Buruntzaldeko entrenatzailea izan zen beheko mailetan. Horregatik, boluntariotza, parte-hartzea eta herriko jardueretan inplikazioa "funtsezkoak" direla uste du, eta horiek bultzatzen jarraitu beharra dagoela pentsatzen du.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie alderdiari eta berarengan konfiantza jarri duten pertsona guztiei. Goenagak taldea berritzeko borondatea azaldu du, "ideia eta ilusio berriak ekarriko dituzten andoaindar berriak inplikatuz". Datozen asteetan egingo du lehen ekitaldi publikoa, hautagai gisa, eta bertan bere lan ildo nagusiak azalduko ditu. "Harrotasun handia da ideiaz betetako proiektu zabal honen buru izatea, ilusioz beteriko plan batekin eta giza talde handi batekin", esan du.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31