Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pasaiako Udalak 2022-2030 Euskararen Plana onartu du
Pasaiako Udalak II. Euskararen Plan Estrategikoa du. Urtarrileko udalbatzan aho batez onartu dute udal ordezkariek 2022-2030 urteen bitartean landuko den dokumentua. “Berri pozgarria da euskararen alde lanean jarraitzeko eta pauso berriak emateko aukera eskaintzen digulako II. Euskara Planak”, azaldu du Loreto Osa Udaleko EAJko bozeramaileak eta alkategaiak. Osak plana osatzen lanean jardun duten guztiak, herritarrak, eragileak, zein udal ordezkariak eskertu ditu, eta, bereziki, Euskara zinegotzi den Nahikari Otermin, “egindako lan handiagatik”.Pasaiako Udalak duela 10 urte egin zuen Euskararen lehenbiziko Plan Estrategikoa; haren indarraldia amaituta, bigarren plan estrategikoaren azterketa eta idazketa egiteko garaia iritsi zen eta Elhuyar Aholkularitza aritu da bidelagun plan berria diseinatzeko lanetan. Orain arte egindakoari esker, erronkei heltzeko barruti bakoitzeko beharrak eta lehentasunak jasoz aritu dira lanean. “Euskararen Plan Estrategikorekin datozen urteotan Pasaiako Udalak euskararen arloan zein lehentasun izango dituen argi utzi dugu eta bide hori herritarrekin eta herriko eragileekin egingo dugu”, azaldu du alkategaiak.
Haur eta nerabeen proposamenak ere bai
Lehenengo Euskararen Plan Estrategikoan ez zen haur eta nerabeen iritziak eta proposamenak jasotzeko saiorik egin eta oraingo honetan, helduekin hitzorduak egiteaz gain, haur eta gaztetxoekin ere egin dira. Bestalde, galdetegi bat egin dute eta 253 pasaitarrek hartu dute parte. Batez ere euskaldunek bete dute galdetegia eta ondoko emaitzak jaso dira: %43 hitz egiteko gai da; %20 ulertzeko gai da bai baina hitz egiteko ez, eta, %37ak ez du ulertzen euskara. “Planari esker euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa izatea landuko dugu arlo guztietan; eta horretarako behar diren neurriak erabaki eta euskararen aldeko urratsak areagotuko ditugu”, nabarmendu du Osak. Hori lortzeko, zortzi lan-ildoak zehaztu eta helburuak finkatu dituzte. Hala, aisia kirola eta kulturari dagokionez, haur eta nerabeentzat aisialdi eskaintza guztia euskaraz bermatuko dute eta horretarako, aukerak indartu eta eskaintzaren komunikazioa gehiago bultzatuko dute. Arnasgune funtzionalak sortzea ere aurreikusten dute. Helduen euskalduntze-alfabetatzea da bigarren lan-ildoa. Arlo honetan euskara ikasi edo hobetzeko gogoa sortzeko lanean arituko dira eta doakoa izatea bermatuko dute. Gainera, ikasteko eskaintza herritarren beharretara egokitu eta euskara erabiltzeko espazioak sortuko dituzte. Hezkuntza formala da zehaztu duten hirugarren esparrua eta curriculumean ahozkotasuna sendotuko dute. Halaber, familietan dagoen identitate-aniztasuna kudeatzeko lanean jardungo dute eta gazteekin euren identitatea sendotuko duten egitasmoak bultzatuko dituzte. Lan-munduari dagokionez, enpresei euskara bermatzeko baliabideak ematea aurreikusten dute eta euskararen alde egiten dena ezagutaraztea zein hizkuntza euren ohiko kudeaketan txertatzeko konpromisoa hartzea izango dira helburuetako batzuk. Merkataritza alorrean, berriz, paisaia linguistikoa euskaraz izatea bermatuko dute eta merkatarien euskara-ezagutza sustatuko dute euskaltegiekin batera. Establezimenduetan euskararen erabilera sustatzea izango da beste erronketako bat. Bestalde, gazteekin elkarlanean arituko dira euskararen erabilera bultzatzeko eta Udala eredu eta sustatzaile izan beharko du Euskara Plana bultzatzeko garaian.
Lan-mahaietan burutuko da zortzigarren lan-ildoa. Arlo honetan, alde batetik, herritarrak euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak aktibatzeko lanean arituko dira eta bestetik, Euskararen Aholku Batzordeak bokal gazteen ordezkaritza bermatuko du eta horretarako bideak landuko ditu. Halaber, eragile gehiagorengana iristea izango da beste erronketako bat. Pasaiako II. Euskararen Plan Estrategikoak arlokako ekintza-plana ere jasotzen du eta kontsultatu nahi duen orok www.pasaia.eus web orrian ikus dezake dokumentua.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31