Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/01/27

Saihesbide berriari esker, Zarauzko mugikortasuna nabarmen hobetuko da

AP-8 irteerako biribilgunean hasi eta Frantsesbideko bidegurutzera arte (Abendañon) egingo den kilometro eta erdiko errepideak, herriguneko trafikoa gutxituko du eta industrialderako sarbidea hobetuko.
Saihesbide berriari esker, Zarauzko mugikortasuna nabarmen hobetuko da

Zarauzko saihesbide berriaren lanak aurkeztu ditu gaur Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak. Hala, “aurreko oztopoak gainditu eta gero, aurten bertan hasiko dira lanak, Aldundi honen bultzadari eta konpromisoari esker”, nabarmendu duenez. Izan ere, N-634 errepidearen saihesbidea zarauztarrek luzaroan espero izan duten proiektua da, herriaren erdialdetik trafikoa aterako duelako, eta Abendaño eta Errotaberri industrialdeen jarduerarako berebiziko garrantzia du. Obra hau, hala, “mugarri eraldatzailea izango da Zarauzko etorkizunerako”, Oiarbidek azaldu duenez, saihesbide berriak “industria-guneetara joateko herria alderik alde zeharkatzen duen trafiko astuna erdigunetik aterako baitu eta autobideaz bestalde dauden industria jarduerei bultzada emango zaie, sarbideak erraztuko baitira”. Zarauzko mugikortasuna “nabarmen” hobetuko da horrela, “herria seguruagoa izango da eta, ekonomikoki, lehiakorragoa”, adierazi du Oiarbidek.

Diputatuen Kontseiluaren argi berdea jasota, martxan da proiektua: erakusketa publikoan jarriko da eta lizitatu eta gero, lanei aurten bertan ekin ahalko zaie. Aurrekontua 9.767.654,32 eurokoa da eta exekuzio epea, guztira, 18 hilabetekoa.

Obra berri hau, 2021eko martxoan Frantsesbidea kaletik herrira sartzeko bide berriari lotuko zaio. Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotu ziren orduan, Frantseskuako kaxa berritu zen eta Aitza auzoko bidearekiko konexioa egin zen. Herriarentzako hobekuntza nabarmen hau, areago joango da saihesbide berriarekin orain. Lanon xehetasunak Xabier Txurruka, Zarauzko alkatearekin batera eman ditu Aintzane Oiarbidek. Hala, Txurrukak erakundeen arteko azken hilabeteetako lankidetza aipatu du, “Zarautzentzat estrategikoa den saihesbide honen trazatu egokiena finkatzeko”. Alkateak foru diputatuari eskerrak eman dizkio “hartutako konpromisoa betetzeagatik” eta “proiektua lehen bailehen gauzatu ahal izateko”, Udalaren baliabide guztiak eskaini dizkio, “etorkizuneko Zarautz hobe bat lortzeko egitasmo hau hurrengo agintaldian erabilgarri izan dezaten zarauztarrek”.

Erdigunea biziberritzeko

Saihesbide berriaren eginkizun nagusia Zarautzen sartzen den trafikoaren zati handi bat xurgatzea izango da. Oiarbidek zehaztu duen bezala, AP-8 autobideko trafikoak eta Orio aldetik N-634 errepidetik datozen hainbatek, saihesbide berriari esker, “ez dute aurrerantzean udalerria zeharkatu beharko”. Hala, “trafiko astuna erdigunetik atera egingo da eta, horrekin batera, trenbidearen eta autobidearen arteko auzuneko bizilagunak modu zuzenagoan sartu ahal izango dira auzora”. Hirigunea alderik alde zeharkatzen duen N-634 errepidearen zeharbidea trafikoz deskargatuta, industrialdeak sortzen duen trafiko guztia xurgatuko du, eta inguru hori guztia hobeto komunikatuko da errepide-sare nagusiarekin. Hain justu, lanak gauzatzen direnean Zarautz hegoaldean bizi diren herritarrei N-634arekin eta AP-8arekin lotzeko modu zuzena emango zaie. Horren ondorioz, “erdiguneko zirkulazioa nabarmen arindu” egingo dela azpimarratu du Aintzane Oiarbidek: “Mugarri bat da Zarauzko garapenean eta hobetu egingo dira bizi-kalitatea eta mugikortasuna”.

Errei bikoitza eta hiru biribilgune       

Azpiegitura berriak bi errei izango ditu (bana norabide bakoitzean), 1.560 metro guztira. Bere kilometro eta erdiko luzeran, hiru biribilgune izango ditu saihesbideak, Astiko biribilgunean (AP-8 irteeran) hasi eta Frantsesbide kalearekin bat egin arte. Azken zati hau ‘T’ itxurako elkargune batean amaituko da. Zehaztasunetara jota, Astiko egungo biribilgunea moldatu egingo da eta elipsi forma izango du, adar berriari leku egin ahal izateko. Hortik adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik pasatuko du, Sarobeaundira arte. Biribilgune berri bat egingo da han, hiru adarduna, Buztinzuriko biribilgunera arte. Adarretako batek saihesbidea Zarauzko herrigunearekin lotuko du Buztinzurin, gaur egun existitzen den autobide azpiko pasoaren bitartez.

Aipatu beharra dago puntu honetan, AP-8 autobidean eta Donostiarako noranzkoan, Zarautzerako irteera hobetzeko Bidegik gauzatuko duen jarduna aurreikusita dagoela saihesbide proiektu honetan. Horretarako, besteak beste, albo batean dagoen pabilioiaren zati bat eraitsiko da eta Buztinzuriko azpiko pasabidea zabaldu egingo da.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube