Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/01/25

Alazne Txurruka Allika izango da Debako EAJ-PNVren hautagaia 2023ko Udal Hauteskundeetarako

Herri batzarrak hautatu du Alazne Txurruka eta gogotsu azaldu da, Deba hobeago baten alde lan egiteko prest, horrek duen erantzukizunarekin eta eskatzen duen prestutasunarekin.
Alazne Txurruka Allika izango da Debako EAJ-PNVren hautagaia 2023ko Udal Hauteskundeetarako

Alazne Txurruka Allika aukeratu du Debako EAJ-PNVren herri batzarrak EAJ-PNVren zerrendaburu izateko 2023ko Udal Hauteskundeetan. Herri batzarrak esker oneko hitzak izan ditu hautagaiarentzat, Deba eta debarrekiko erakutsitako konpromisoagatik, eta lanerako duen jarrera eta ilusioagatik. Deban 1969ko urtarrilean  jaioa da, eta debar gazte baten ama. Euskal filologian lizentziatua da, Deustuko Unibertsitatetik. Hizkuntza Plangintzako Graduondoko Diplomatura eta Bibliotekonomia Masterra ere baditu, EHU-UPVn ikasiak biak.

Ibilbide profesionaleko aurreneko zazpi urteetan euskara irakasle izan zen Txurruka, eta azken 20 urteak Debako Ostolaza Udal Liburutegian daramatza. Tarte horretan, Udaleko Euskara sailean, Erabilera Planeko Teknikari ere aritu zen, hilabete batzuetan. EAJ-PNVko hautagaiak euskararekiko duen konpromisoren beste adierazleetako bat da Badihardu euskara elkarteko koordinatzaile gisa egindako lana, eta EGA eta C1 aztertzaile  gisa daramatzan 20 urte baino gehiagoko ibilbidea.

Guraso debarrak izaki, herriarekiko sentimendua eta lotura barrutik datorkio Txurrukari. Horrek mugituta, Debak azken urteetan bizi duen egoerari aurre egiteko gogotsu azaldu da: “Deba hobeago bat merezi dugu, aurrerakoia, berdintasunean eraikia, euskarari eta gure sustraiei lotua, turismoari irekia… Debak bizitoki bat baino gehiago izan behar du, bere izaera berreskuratu, inor atzean utzi gabe. Pausuak eman behar ditugu, guztiontzako herria izan dadin, irekia eta abegikorra. Eta horretarako dudan onena eskainiko diet debarrei, gogotsu egingo dut lan, erantzukizunez eta halako kargu batek behar duen prestutasunarekin”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube