Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/19

EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuek ez dute etorkizuneko inbertsiorik jasotzen eta ez diete Deba zein debarren benetako beharrei erantzuten

Debako EAJ-PNVk tokiko gobernuaren ekintza eza eta anbizio falta salatu du, eta adierazi du EH Bilduk aurkeztutako 2023ko aurrekontuek ez dutela Debari bultzada edota indar ekonomikoa emateko inbertsio edo apustu politiko argirik aurreikusten, ezta Deba herritarrentzako etorkizuna duen herri bat bilakatzeko apusturik ere.
EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuek ez dute etorkizuneko inbertsiorik jasotzen eta ez diete Deba zein debarren benetako beharrei erantzuten

2023rako aurrekontuak onartzeko Osoko Bilkuraren atarian, EAJ-PNVk hainbat proposamen landu eta aurkeztu dizkio EH Bilduren udal gobernuari, horiek aurrekontu-dokumentuan txertatu eta horien bitartez debarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko helburuz.

Alderdi jeltzaleak EH Bilduren gobernuari aurkeztu dizkion proposamenen artean daude, besteak beste, argiteria publikoa aldatzea, energia sortzeko kooperatiba bat sortzea, Deban zaintza-eredu berria ezartzeko bidean aurrera pausoak ematea, horretarako zaharren egoitza eta tutoretzapeko apartamentuen azterketa bat eginez, haur jolastokiak estaltzea, familia-laguntzetarako partida berri bat sortzea, Itziarko industrialdea garatzeko txostena egitea edota tokiko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko eta bultzatzeko ekintzak eta politikak lantzea.

“Debako EAJ-PNVk debarrentzako etorkizuna izango duen udalerri bat eraikitzearen aldeko apustu irmoa egiten du, herritarren benetako beharrei erantzungo dien herria eta, aldi berean, etorkizuneko beharrei aurre hartu eta erantzungo diena ere”, adierazi du alderdi jeltzaleak.

Hori dela eta, EAJ-PNVk bere kezka adierazi du EH Bilduren gobernuak aurkeztutako aurrekontu-dokumentuaren inguruan. “Dokumentu horrek aurrekontuaren %2 baino ez du bideratzen inbertsioetara, eta horrek eragin zuzena eta negatiboa du gizarte-gastuetara eta garapen ekonomikora bideratutako baliabideetan, 2022koak baino txikiagoak baitira. EH Bilduren gobernuak landutako aurrekontuek ez dute etorkizuneko proiektu, ideia edo helbururik aurreikusten”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Hori dela eta, Debako EAJ-PNVk gobernu taldearen ekintza eza eta anbizio falta salatu du, eta gaineratu du 2023ko aurrekontu dokumentuak ez diela Debaren eta debarren egungo eta, are gutxiago, etorkizuneko beharrei erantzuten. “Udal gobernuak ez du Debari bultzada edo indar ekonomikoa eman diezaioken inbertsio edo apustu politiko argirik aurreikusten, ezta Deba etorkizuna duen udalerria, egungo gazteen bizitokia, bilakatzeko apusturik ere. Nork nahiko du Deba bizitzeko leku gisa egungo dekadentzia honekin? Ez dago etorkizunerako ideiarik, ezta helbururik ere, eta aurrekontu hauek horren adierazle dira”, azaldu dute jeltzaleek.

EAJ-PNVk aurkeztutako emendakinei dagokienez, tokiko gobernuak proposamen horiek kontuan hartu edota aurrekontu txostenean txertatzeko azaldutako konpromiso eza salatu dute. “Energiaren arloan, besteak beste, udalerri osoko argiak aldatzeko 200.000 euroko inbertsioa egitea eskatu dugu, baina gobernu-taldeak argiztapena faseka aldatzeko 8.000 euro nahikoak direla argudiatu du. Debako adinekoak zaintzeko eredu berri bat eraikitzeko urratsak egitea ere eskatu dugu,  baina gure udalerriak epe labur eta ertainean izango dituen beharrak jakinda ere ez dute konpromiso irmorik hartu.  Haur jolastokiak estaltzeko konpromisorik ere ez dute azaldu, leku desberdinak proposatu dizkiegun arren. Gizarte politikei dagokionez, aurten aurrekontu osoaren %5,5 baino ez dela bideratuko salatu nahi dugu. Kopuru hori huskeria bat da,  kontuan hartuta gure herritarrek negu zaila biziko dutela eta datozen urteak ere gogorrak izango direla. Adibide horiek eta beste askok erakusten dute EH Bilduren udal gobernuaren politika ez datorrela bat Debako beharrizanekin, ez arlo sozialean, ezta proiektuei dagokienez ere. Zein bilakaera izan du Debak lau urte hauetan? Norantz goaz? Bi galdera horiei emandako erantzunek agerian uzten dute udal gobernuaren kudeaketa gaitasun eza. Horregatik guztiagatik aurten ez ditugu aurrekontuak babestuko”, azaldu du Debako EAJ-PNVk.

Amaitzeko, EAJ-PNV Debak adierazi du, Debaren eta debarren alde lanean jarraituko dutela, orain arte egin duten bezala, ekintzak proposatuz eta tokiko gobernuaren lanaren jarraipen estua eginez, Deba biztanle guztientzat  herri hobea izan dadin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube