Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/15

Osasun Sailaren informazioa jasota, HAPOaren aldaketa berrarabiarazi du Udalak Tolosan eraiki dadin eskualdeko ospitale publiko berria

2021ko irailean abiarazi zuen Udalak ospitale publikoa kokatzeko HAPOaren aldaketa puntuala egiteko prozesua. Partaidetza programa onartuta dago eta plan sektorialak eskatuta daude. Osasun Sailak ospitale publiko berriaren inguruko datu nagusiak igorri ditu eta orain, Tolosako Udalak partaidetza prozesua eta dokumentuaren idazketa abiaraziko ditu.
Osasun Sailaren informazioa jasota, HAPOaren aldaketa berrarabiarazi du Udalak  Tolosan eraiki dadin eskualdeko ospitale publiko berria

Tolosako Udala legealdi hasieratik udalerrian eskualdeko ospitalea kokatzeko laneandihardu.

2020. urtean abiatu zuen Udalak kokapen aukera ezberdinei buruzko azterketa. Lan horrek bi fase izan zituen. Lehen fasean, 13 kokaleku aztertu ziren; bigarren fasean, aldiz, 4 kokapenen inguruko azterketa sakona egin zen behin betiko kokapena zehazteko.

Azterketa xehetu horren ondorio eta emaitzak kontuan izanda, eta irizpide ezberdinak kontuan hartuz –irisgarritasuna, mugikortasuna, herritarrenganako eraginak- ondorioztatu zen suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekua zela ospitale publiko berria kokatzeko eremurik egokiena. Hortaz, azterketa sakon horrekemaitza nagusiak jarraituta finkatu zen ospitale publikoa eraikitzeko eremua Osasun Sailarekin elkarlanean eta Osasun sailaren oniritziarekin.

Kokapena zehaztuta, HAPOaren aldaketa martxan

Behin betiko kokapena erabakita, Tolosako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala abiarazi zuen 2021. urtean HAPOak suhiltzaileen etxe pareko eremuan ospitale publikoaren eraikuntza aurreikusi dezan.

Iazko iraileko Osoko Bilkuran onartu zen “Plan Orokorreko 24. Iurre Hirigintza Esparruko Aldaketa Puntuala martxan jartzea eta dagozkion txosten sektorialak eskatzea”. Era berean, herritarren partaidetza bermatzeko parte hartze programa ere onartu zen bilkura hartan.

Geroztik, txosten sektorialak bideratzen aritu da Udala. Parte hartze programa eta aldaketa puntualerako dokumentuaren idazketa martxan jartzeko, Udala Osasun Sailari  zuzendu zaio, ospitale berriaren azalerak jasotzeko.

Azaroaren 30an iragarri zuen Osasun Sailak ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa eraikiko duela Tolosan.  2022ko abenduan 12an aurkeztu du Osasun Sailak Tolosako Udalean HAPOaren aldaketarekin aurrera jarraitzeko beharrezko informazioa eta hortaz, datozen asteetan berrabiaraziko du prozesua Udalak.

17.125 metro karratuko ospitalea

Udalean jasotako dokumentuaren arabera, eta Osasun sailburuak iragarri eta azaldu berri duen moduan, Tolosan eraikiko den eskualdeko ospitale publikoak 17.125 metro karratuko eraikigarritasuna izango du. Zerbitzuei dagokienez: kanpo-kontsultak, eguneko ospitalea, anbulatorio mailako kirurgia, ospitalizazio medikua eta etxekoa, larrialdiak, oinarrizko laborategia, farmazia, X izpiak eta administrazioko, kudeaketa sanitarioko, informatikako, elikadurako zein sukaldeko edo mantentze-lanetako zerbitzu orokorrak izango ditu.

Eta 17 espezialitate izango ditu eskualderako ospitale publiko berriak: kardiologia, pneumologia, dermatologia, neurologia, endokrinologia, erreumatologia, barne-medikuntza, errehabilitazioa, hematologia, osasun mentala, tokoginekologia, traumatologia, oftalmologia, otorrinolaringologia, urologia, kirurgia orokorra eta anestesiologia.

Datozen urratsak

Osasun Sailak jakinarazi du hurrengo urratsa proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lizitazioa abiaraztea izango dela. Horretarako urte beteko epea ezarri dute.

Udalak, bere aldetik, HAPOaren aldaketa berrabiaraziko du. Osasun Sailetik jasotako informazio urbanistikoa oinarritzat hartuta jada onartutako parte hartze programaren baitan, datorren urtean 2 saio ireki egingo dira herritarrekin. Lehen saioa, dokumentuaren idazketaren hasieran egingo da, diagnostiko teknikoa osatzeko herritarren aldetik egon daitezkeen ekarpenekin eta bigarren fasean berriz, hirigintza dokumentua aurkeztuko da. Aurreikuspena da, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan dokumentua behin behinekoz onartua egotea.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube