Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/14

Aldundia lantzen ari den A-15 eta N-I arteko lotura egokiena da bai trafikoa eta bai andoaindarren bizi-kalitatea hobetzeko

EH Bilduk 500.000 euroko aurrekontu-partida negoziatu du Espainiako Gobernuarekin, beste ibilbide bat aztertzeko. Badirudi EH Bilduk ahaztu egin duela errepideen eskuduntza osoa eta esklusiboa Euskal Lurraldeena dela; kasu honetan, Gipuzkoarena. EH Bilduk, oposizioa egin beharrez itsututa, Troiako Zaldiari alfonbra gorria jarri dio.
Aldundia lantzen ari den A-15 eta N-I arteko lotura egokiena da bai trafikoa eta bai andoaindarren bizi-kalitatea hobetzeko

“Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza bide azpiegituretan eta mugikortasunean giltzarriak diren guneak hobetzen, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean bereziki eraginez eta lurralde orekaren ikuspegitik beharrezkoak diren lanak sustatuz. Ikuspegi horretatik, A-15 eta N-Iaren loturak berebiziko garrantzia du. Foru Gobernua eta Bide Azpiegituretako Departamentua N-1 errepideak Bazkardo eta A-15eko lotunean dituen edukiera eta bide-segurtasuneko arazoak konpontzeko ahalik eta proiekturik onena lortzeko lanean ari dira. Eta baita andoaindarren bizi-kalitatea hobetzeko, gaur egun jasaten duten zarata-maila arintzeko eta auzoen eta Andoaingo erdigunearen arteko konektibitatea hobetzeko ere”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVko bozeramaileak, Bazkardon, Andoainen, A-15 eta N-1 errepideen arteko loturari buruz.

Gogoratu behar da 2011n planteatu zela lehenengo saihesbide proiektua. Baina, gaur egun, egungo ingurumen-irizpideetan oinarrituta, ezin izango litzateke gauzatu. Besteak beste, planteatzen zuen 35 metrotik gorako ezpondagatik, edo Sorabilla auzoa eta bere ingurua zatituko zituelako. Proiektu hori gauzaezina denez, Aldundia beste aukera bat lantzen hasi zen, aztertu dituen proposamenen artean onena, ingurumenarekiko errespetu handiena duena eta gizarte- eta ekonomia-errespetu handiena duena aukeratuz. Andoaingo Udalarekin zuzenean harremanetan, udalak egindako ekarpenak gehituz. Andoaingo herritarrei azaldu zaien proiektua da, herritarren eskaerak kontuan hartu dituena eta, neurri handi batean, trafikoak herriko hainbat tokitan sortzen duen zarata nabarmen hobetuko duena.

"Proiektu berri honek Mimendiko biztanleek gaur egun jasaten duten zarata-maila saihestuko du, errepidea arauzko altueran ezkutatuko duen estaldura baten bidez" zehaztu du Arrizabalagak. Bozeramaileak azaldu duenez, Mimendiko estalki horren bidez oinezkoen zentroa Ama Kandidarekin eta Kalonjeko etxeekin lotuko duen oinezkoentzako ibilbidea egingo da, eta Sorabilla erdigunearekin lotuko duen oinezkoen ibilbidea hobetuko da.

Bozeramaile abertzaleak EH Bilduren kontraesanei buruz hitz egin du, 2011n Aldundiak saihesbidearen proiektua aurkeztu zuenean Bilduk kontra egin zuela gogoraraziz. 2022an, saihesbidea baztertu zenean, kostu ekonomikoengatik, zailtasun teknikoengatik eta, batez ere, ingurumenean izandako eraginengatik, Bildu proiektu horren alde agertu zen. Oso inkongruentzia koherentea da guztiari aurka egitearekin. Baina hori gutxi balitz, EH Bilduk 500.000 euroko aurrekontu-partida negoziatu du Espainiako Gobernuarekin, beste ibilbide bat aztertzeko. "Badirudi EH Bilduk ahaztu egin duela errepideen eskumena osoa eta esklusiboa dela Euskal lurralde bakoitzarena; kasu honetan, Gipuzkoarena azpimarratu du. Euskal lurraldeetako errepideak ez dira inoiz Espainiakoak izan. Ez behintzat Erdi Arotik. Euskaldunok beti egin eta zaindu ditugu geure bideak. Guztiari aurka egiteko asmoz, EH Bilduk benetako «Troiako Zaldia» ekarri digu" nabarmendu du.

“EAJ-PNV batzarkide-taldetik lasaitasun mezua helarazi nahi diegu andoaindarrei. Jakin badakigu Aldundia interes bereziz ari dela gai hori lantzen, eta bere lehentasuna, herritarrekin batera, gauzak ahalik eta ondoen egitea dela” azaldu du Arrizabalagak. “Aldundia lantzen ari den A-15 errepidea Bazkardoko N-I errepidearekin lotzeko proiektua andoaindarren trafikoa eta bizi-kalitatea hobetzeko onena eta egokiena da. Andoaingo Udalarekin zuzeneko harremanean landutako proiektua, udalak egindako ekarpenak gehituz eta herritarren hainbat ekarpen jasoz. Ekarpen horiek, idazketa amaitu ondoren, jendaurrean jarriko dira berriro. Ekarpenak behar bezala aztertuko dira, eta bideragarriak badira, proiektuan sartuko dira” bukatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube