Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/13

EAJ-PNV Mutriku: «Babes-dikea bukatzeko obrak martxan direla jakitun, erreferendumak ez du zentzurik»

Alderdi jeltzaleak argitu du erabakia alderdi guztien aldeko botoarekin hartu zela, eta ordutik Udalak behin eta berriz eskatu duela obra bukatzea. Egun amaitzeko lanak martxan dira eta herri galdeketak ez du aurrera biderik izango.
EAJ-PNV Mutriku: «Babes-dikea bukatzeko obrak martxan direla jakitun, erreferendumak ez du zentzurik»

Mutrikuko babes dikearen eraikuntza aspalditik datorren kontua da. Orain 20 urte egin zen dikearen zati bat, eta irailean hasi ziren berau amaitzeko lanak. Izan ere, Mutrikuko EAJ-PNVk gogorarazi duen moduan, babes-dikea jatorrizko neurrian amaitu beharra dago, orain modu prekarioan baitago eta horrela uztea arriskutsua baita Mutrikurentzat eta mutrikuarrentzat: “muturreko egoeren aurrean ez du behar adina babesik bermatzen. Lanak amaitzeak onurak ekarriko dizkio herriari, ingurua txukundu eta obra osotasunean bukatzea ekarriko baitu”.

Informazio eza, herritarren nahasmenaren oinarri

Proiektuak, baina, nahasmen eta kezka handia sortu du herritarren artean eta horren harira, Mutrikuko EAJ-PNVk argitu du Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako lanek dikea amaitzea soilik aurreikusten dutela, eta ez, horrekin batera, kirol portua edo bestelakorik eraikitzea: “dikea amaitzeaz haratago ez dago beste proiektu edo lanik aurreikusita, eta hala jakinarazi du idatziz Eusko Jaurlaritzak”.

Nahasmen horren arrazoi nagusia, halaber, informazio zuzena eman ez izana dela azpimarratu du EAJ-PNVk: “EH Bilduren udal gobernua prozesu osoaren jakitun izan da hasieratik, Udal ordezkari nagusi gisa, bere ardura baita. Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin elkartu da behin baino gehiagotan eta uneoro izan du proiektuan zein dikearen baitan egingo diren lanen berri. Udalak badaki orain babes-dikea amaituko dela, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela bestelako proiekturik aurreikusita erremu horretan. Erakunde publiko eta herritarren ordezkari nagusi gisa, Udalari dagokio herritarrak informatuta mantentzea. EH Bilduren udal gobernuak anbiguetatean dihardu ordea, ez du proiektuaren garapena behar bezala azaldu eta argitu,  eta herritarren artean nahasmena nagusitzen utzi du”.

Herriaren hitza baliogabetzea

Ildo horri jarraiki, Danborzaleakek egingo duen galdeketari ere egin dio erreferentzia alderdi jeltzaleak. “EAJ-PNV beti izan da eta izango da herriari hitza ematearen aldekoa, baina, kasu honetan, Danborzaleak plataformak abiatutako galdeketak herritarrak are gehiago nahasteko besterik ez du balioko, edozein delarik emaitza, ez duelako inolako eraginik edo ondoriorik izango”. Bilerak egin ditu Mutrikuko EAJ-PNVk Danborzaleak plataformarekin eta bakoitzak bere posturatik, aberasgarriak izan direla azaldu du: “guk argi azaldu diegu gure ikuspuntua, babes-dikea amaitzeko lanak nahitaez egin beharrekoak direla, herriaren eta herritarren segurtasunaren alde. Etorkizunera begira inguruko espazioan bestelako lanik egingo balitz, orduan, legeak hala esanda, parte-hartze prozesu bitartez emango litzaieke ahotsa herritarrei, hori baita elkarlanaren bide zuzenena eta horrela lortuko baitugu, gainera, guztion beharretara egokitutako Mutriku eraikitzea”. Hori horrela, EAJ-PNVk azaldu du ez duela galdeketan parte hartuko, ez antolaketan, ez bozketan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube