Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pasaiako EAJ-PNVK Loreto Osa Ocon aurkeztu du datozen hauteskundeetarako alkategai
Loreto Osa Ocon: “Hautagaitza ilusio eta erantzukizun handiarekin hartzen dut eta gogoz nago Pasaiaren alde lan egiten jarraitu eta herritar guztiak aintzat hartuko dituen etorkizuna eraikitzeko”Pasaiako EAJ-PNVk Loreto Osa Ocon aurkeztu du datozen hauteskundeetarako alkategai, Pasaiako lau barrutietan EAJ-PNVk bere hautagaitza babestu eta berretsi ostean. Urko Iturbe, Nahikari Otermin eta Oihana Gay batzarkideen ordezkariek babestuta, kargua “ilusio eta emozio handiz” hartzen duela adierazi du Osak, eta “Pasaiaren alde eta Pasaiarentzat lanean jarraitzeko eta herritar guztientzako etorkizuna eraikitzeko gogoz eta inor atzean utzi gabe” lan egingo duela gaineratu du. Lau barrutietako ordezkari jeltzaleek Osak lan egiteko garaian duen “gertutasuna eta adorea” nabarmendu dituzte.
Pasaiako EAJ-PNVko alkategaia jeltzaleen ordezkari gisa sartu zen legegintzaldi honetan Udalean. 2021eko irailean EAJ-PNVko bozeramaile izendatu zuten, Nahikari Otermini lekukoa hartuta. Gainera, Osa, legealdi hasieratik Donibaneko alkateorde ere bada eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen, Hiri Birgaitze, Gizarte Ekintza eta Berdintasun batzordeetako presidenta da. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk adierazi du pasaitarra Pasaiak izan dezakeen “hautagairik onena” dela: “Pertsona eta hautagai ezin hobea da. Esperientzia, ezagutza eta ibilbide zabala du, eta Pasaia eta udal-kudeaketa ondo ezagutzen dituen herritarra da”.
Esperientzia handia, gertutasuna eta adorea
Osaren ezaugarri eta balio pertsonal nagusien artean, EAJ-PNVko udal taldeak lan egiteko orduan duen “hurbiltasuna, apaltasuna, baikortasuna eta adorea” azpimarratu ditu: “Loreto talde-lanean sinesten duen pertsona da. Baita Pasaia entzuten dakien eta maite duen pertsona ere; udalerrian gertatzen denaz kezkatuta dagoena. Gainera, ondo ezagutzen ditu pasaitarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoak. Pasaia bizi duen herritarra da”. Era berean, eskerrak eman dizkiote hautagaiari erronka handi honi heldu izanagatik: “Erakutsitako prestutasunagatik. Zure konpromisoagatik, eta beti erraztasunak emateagatik, irribarrea ahoan. Pertsonarik egokiena zara taldea gidatzeko eta Pasaiak dituen erronkei aurre egiteko”.
Osak 40 urte ditu, Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da eta aholkularitza fiskaleko graduondoko bat egin zuen. Pasaitarraren ibilbide profesionala sektore pribatuan garatu da, eta udal politikara egin zuen jauzi 2019an, Gizarte Ekintza, Euskara eta Donibaneko alkateordearen funtzio hirukoitza bere gain hartuz. “Urte hauek oso aberasgarriak izan dira, Udal baten kudeaketa barrutik ezagutzeko aukera eman didatelako, eta ulertu dudalako zenbat egin daitekeen herritarren bizi-kalitatea hobetzeko udal-ekintzaren bitartez”, azaldu du hautagai jeltzale berriak. Pasaitarra, gainera, San Markos Mankomunitateko lehendakari da 2020ko urritik, kudeaketa publikoari buruzko bere ikuspegia zabalduz. Orain, urrats bat aurrera eman du Osak, “Pasaia oparoa, euskalduna eta integratzailea nahi duten pertsona horiek guztiak ordezkatzeko eta kalitatezko bizi-proiektu bat gauzatu ahal izateko”. Ildo horretan, Pasaiak hobetzeko ahalmen handia duen udalerria dela azaldu du, eta azken urteotan, erakundeen arteko lana eta lankidetza oinarri hartuta, EAJ-PNVk, gaur egun bera buru den Hirigintza sailetik “oso proiektu garrantzitsuak” gidatu dituela gogoratu du. Horien artean, San Pedroko lonjako plaza, Ondartxoko bidea, San Pedron eta Donibanen zuntz optikoa jartzea, expres lizentziarako ordenantza prestatzea eta portuko agintaritzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin hainbat proiektu aurrera eramateko akordioak sendotzea ahalbidetu izana, hala nola Trintxerpeko Adinberri, zahartze osasungarrirako erreferentziazko zentroa izango dena, San Pedroko lonjaren amaiera, edo Trintxerpe eta Herreraren arteko loturaren urbanizazioaren amaiera, besteak beste.
Emozioa eta erantzukizuna
“Ohore handia da niretzat Pasaiaren alde lan egiteko aukera hau izatea. Ekimen berriak sustatuz, modu aktiboan eta helburu bakarrarekin: Pasaia hobetzea, Pasaiarekin eta pasaitarrekin hartutako konpromisoa betez eta haien beharrei erantzunez. Era berean, EAJ-PNVk eta Jaurlaritzak beti lan egin dugu kudeaketa ona, gardentasuna, hurbiltasuna eta entzute aktiboa bultzatuz. Eskerrak eman nahi dizkiet ondoan ditudan pertsona guztiei, lagunei, herritarrei, udal-teknikariei eta alderdikideei ere”, zehaztu du. Ilusioz eta emozioz hartu du Osak berarengan jarritako konfiantza: “Bihotzez estimatzen dut nigan jarritako konfiantza eta eman didazuen erantzukizuna eta ohorea. Benetan, eskerrik asko”. Eta, bereziki, bere aurreko Nahikari Oterminen babesa eskertu du: "Nire begirune eta mirespen guztia zuretzat, zure lan bikainagatik. Hasiera-hasieratik nire esku jarri dituzu zure ezagutza eta esperientzia, eta zure babesa sentiarazi didazu. Bihotzez, eskerrik asko”.
“Pasaia ekonomikoki oparoa behar dugu, bere nortasunaz harro dagoen eta neurri berean abegikorra eta eskuzabala den komunitate bat; pasaitar guztien ongizateaz arduratzen den herri bat, inor alde batera utzi gabe; eta nola ez, euskaltzalea, kulturalki bizia eta berdintasunaren, klima-aldaketaren eta iraunkortasunaren erronkei erabakitasunez erantzuten asmatu behar duena”, nabarmendu du. Osa pasaitarra izateaz “harro” agertu da eta bere “onena” eskaintzeko konpromisoa hartu du. “Entzute aktiboa, talde-lana eta emandako hitzarekiko errespetua izango dira gure jardunaren ardatzak”, gaineratu du.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31