Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/01

Zumarditxikiaren garai bateko izaera eta erabilera soziala berreskuratzeko proiektua aurkeztuta

• Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Guretzat balio berezia duen eremua da Zumarditxikia, balio historikoa duena, erabilerari lotuta. Zumarditxikia berriro ere balioan jarri nahi dugu, garai batean zuen erabilera eta izaera sozialari lotuta, horregatik egin dugu espazio hau berreskuratzearen aldeko apustua, Zumarditxikia izan dadin berriro ere tolosarron elkargunerako, topaketarako eta gozamenerako erreferentziazko gunea, tolosar guztien erabilerarako parkea, herriko eguneroko jardunean integratuta egongo dena”.
Zumarditxikiaren garai bateko izaera eta erabilera soziala berreskuratzeko proiektua aurkeztuta

Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua tolosarrei bilera ireki batean aurkeztu ondoren, gaur, udal gobernuak publiko egin du proiektua. Udal webgunean atal berezia sortu da proiektuaren inguruko informazioarekin eta irudiekin, tolosarrek proiektua ezagutzeko aukera izan dezaten (https://udala.tolosa.eus/zumarditxikia).

Erabilera eta izaera soziala berreskuratzea helburu duen proiektua

Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuaren atzean “apustu bat” dagoela, udal gobernuak egindako “apustu ausarta, orain artean inork egin ez duena”. “Guretzat balio berezia duen eremua da Zumarditxikia, balio historikoa duena, erabilera sozialari lotuta; 1970. urtean erabilera hori galtzen du espazioak, aparkaleku erabilera ematean; gobernu honek Zumarditxikia herritarren eskura jarri nahi du,  garai batean zuen erabilera soziala eta izaera soziala berreskuratzeko, Zumarditxikia balioan jarri nahi dugu, tolosar guztien erabilerarako parkea izan dadin aurrerantzean”.

Bi legealdi eta bi partaidetza prozesu, elkarlanean garatzeko proiektua

Aurkeztutako proiektuak aurreko legealdian du abiapuntua. 2018an ekin zion Tolosako Udalak Zumarditxikia berreskuratzeko aurre lanketari. 2015-2019 Legealdian, aurreproiektua landu zen eta partaidetza prozesua egin zen herritarrekin eremuak bete beharreko baldintzak eta helburuak zehazteko eta legealdi honetan garatu da proiektua,  aurrez herritarrekin zehatutako baldintza eta helburuak oinarri hartuta, tolosarrekin elkarlanean, tolosarren iritziak eta ekarpenak proiektuan barnebiltzeko.

Tolosarrekin zehaztu ziren eremuak bete beharreko helburu eta baldintzak dira:

  • Eremua izatea irigarria, irisgarriatsun unibertsala bermatuz.
  • Tolosar guztien erabilerarako espazioa izatea, parke erabilera izango duena, ibaira begira, ibaira jaisteko aukerarekin.
  • Azpierabilera ezberdinak ahalbideratuko dituena.
  • Ingurumena errespetatuko duena.

Teknikoki landu den proiektuak kontuan hartu ditu, baita ere, indarrean dagoen Mugikortasun Plana, Oria ibaiaren Udal Ekintza Plana, Ingurumen irizpide eta legediak, genero ikuspegia eta uholdegarritasuna.

Erabileran, espazioaren izaeran eta ingurumenaren zaintzan ardazten den proiektua

Egoitz Sorozabal, Lurralde arloko zinegotzi arduradunak azpimarratu du: “proiektua lantzean garrantzia handia eman zaio historiari, garai batean Zumarditxikiak izandako erabilerari; eta herritarrekin adostutako helburu eta baldintzak izan ditu abiapuntu”.

Proiektuak Naparzubitik, Dama Berderako  eremu osoa hartzen du, zubi batetik besterako eremua proiektuan integratzeko beharra pataidetza prozesuan adierazi zen. Herritarrek ez zuten Dama Berdea bere horretan utzi nahi eta eremua berreskuratu egingo da Dama Berdearen esentzia mantenduz, espazio hobetuta.

Santa Klara kalea ere osotasunean eraberrituko da, bidegorri berria kokatuko da bertan eta espaloiak zabaldu egingo dira. Eremu osoa seguruagoa eta irisgarriagoa egiteko.

Zumarditxikiari dagokionez, oinezkoen ardatz berria sortuko da oinezkoentzako pasealeku irisgarriarekin. Parkean ere bide alternatiboak egongo dira eta erabilera anitzeko espazioak aurreikusten dira parkean: egoteko eremuak, berdeguneak, itzalguneak, ibaira begirako terraza, besteak beste, eta kota desberdintasuna gainditzeko harmailak eta begetazioa duten eremuak uztartuko dira. “Esanguratsua da harmailen zergatia, harmailak jarriko baitira ibaiara begira, ibaiarekin harremana handitzeko, balioa eman nahi zaiolako Oria ibaiaren ertzari, beraz, ibaira hurbilduko gaituen parkea izango da, ibaira jaisteko aukera emango diguna erdialadean, eskaileren bidez” azaldu du Sorozabalek.

Hiri-altzarien kasuan, egurrezko eta harrizko eserlekuak jarriko dira, argiztapena energia kontsumo baxukoa izango da, eta mota ezberdineko argiteria jarriko da, ibaitik gertuen dagoen eremuan altuera baxuko argiak jarriz ta parkearen goikaldean farolak, ureztatzeko sistemak ere jarriko dira landarediaren zaintzarako, iturriak, bizikleta aparkaleku berriak eta komun publikoa ere izango du parkeak.

Ibaiertzari dagokion landaredia, bertako habitat eta biodibertsitatea babesteko

Bertako zuhaitzen azterketa sakona egin da. Antzinako zuhaitz asko galdu egin dira eremuak azken hamarkada luzetan izandako erabileragatik eta zuhaitzen arteko distantzia ezagatik. Egun 69 zuhaitz daude, oro har, egoera txarrean daude hazteko aukerarik izan ez dutelako eta kalteak eta arazoak izan dituztelako sustraietan eta adarretan. Gauzak horrela, segurtasun arrazoiak medio, 69 zuhaitz horietatik soilik 5 mantendu daitezkeela ondorioztatu du egindako azterketak, eta lanekin hastean aztertuko da berriro ere horiek mantentzeko aukera. Udalak ahal diren zuhaitz guztiak mantentzearen alde egingo du lan.

Ibaiertzari lotutako landaredia jarriko da eta zuhaitz berriak kokatuko dira parkean eremu horretarako egokiak diren zuhaitzak jarriz eta zuhaitzak hazteko beharrezkoa den espazioa bermatuz.

Askotariko erabilerak ahalbideratuko dituen parkea

Zumarditxikia garai bateko zein egungo erabilera puntualari lotutako eremua da. Tolosarren imaginarioan daude garai bateko dantzaldiak, euskal jaiak, estropadak, Mikologika, Kultura Plazara, Haragi...  “Zumarditxikiaren izaera, Zumarditxikiaren balioa, erabilerari lotuta dagoelako, hein handi batean” azpimarratu du Xarles Iturbek, Herritarren arloko zinegotzi arduradunak.

“Egungo Zumarditxikiak, egungo errealitateari erantzun behar dio,  egungo ohiturei eta herri dinamikei, erreferentziazko eremua bilakatu dezagun berriro ere. Tolosar guztientzako eremua izatea nahi dugu, aisialdiari eta ibaiari lotutako parke sozial eta ludikoa. Espazio hau berreskuratzean, herriari eskainiko dizkio mila aukera, egunerokotasunean edota ekintza berezien ospakizunari lotuta: kontzertuak, azoka bereziak, ibaiari lotutako kirol probak... egoteko eremuak izango ditu, irakurtzeko, haurrak jolasean ibiltzeko... berdegune eta itzalguneak ere izango ditu, ibaira jaisteko eta bainatzeko aukera ere bai” adierazi du.

“Belaunaldi ezberdinen arteko elkargunea izatea nahi dugu, asteburuetan, aste egunetan, udan zein neguan, urteko 365 egunetan. Espazio anitza izango da, parke bat, tolosar guztiei irekia, itxura modernoagoa izango duen arren, betiko esentziari, erabilerari eta izaerari eutsiko diona, baina XXI. mendera egokituta” azpimarratu du Iturbek. .

Amaiatzeko, alkateak esan du udal gobernu honek eutsi egiten diola Zumarditxikia berreskuratzeko konpromisoari. “Bizilagunekin aparkalekuaren gaia lantzen jarraituko dugu eta lanean jarraituko dugu Zumarditxikia berreskuratzeko, herritarren eskura jartzeko, pausoz pauso. Uste dut herriari eskaini diezaiokegun proiekturik onena dugula eskuartean, bai mugikortasun ikuspegitik, bai ingurumenaren eta biodibertsitatearekin ikuspegitik, genero ikuspegitik, irisgarritasun ikuspegitik eta baita  erabileraren ikuspegitik ere, Zumarditxikia izan dadin berriro ere elkargunerako, topaketarako eta gozamenerako erreferentziazko gunea, herriko eguneroko jardunean integratuta egongo dena, erabilerari lotuta, horretan baitu Zumarditxikiak bere baliorik handiena, erabileran eta kokapenean”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube