Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/25

El Corte Inglés-eko aparkalekua berreskuratu behar du Eibarko Udalak

Txosten juridiko batek Udalari eskatzen dio El Corte Ingles azpian dagoen aparkalekua berreskuratzeko, udal jabetzakoa; EAJk hori eskatzen zuen eta PSEk uko egin dio orain arte. Udal Idazkaritzak arrazoia eman dio EAJri, eta Josu Mendicute bozeramaileak hori betetzea eskatu du: legezko betebeharra da.
El Corte Inglés-eko aparkalekua berreskuratu behar du Eibarko Udalak

Mendicuteren ustez, Udalak ez du egun bakar bat gehiago atzeratu behar El Corte Ingleseko lurpean jabetza publikoko aparkalekua berreskuratzeko. Jabetza hori berreskuratzea nahitaezko betebeharra da, bai legezkoa, bai morala.

EAJ-PNVk urte eta erdi darama El Corte Ingles merkataritza-gunea zenaren azpian dagoen udal-jabetzako aparkalekua erabiltzea eskatzen, eta proposamenari muzin egin dio orain arte egungo udal-gobernuak. Hala ere, Udal Idazkaritzaren txosten batek EAJk eskatutako urratsak jarraitzera behartzen du orain udal gobernua.

EAJ-PNVk beti bilatu ditu hiriarentzat onenak diren akordioak. “Horregatik eskatzen dugu aparkalekua berreskuratzea, Eibarrentzat ona delako, eta eibartarroi dagokigulako. Luzamendutan aritu dira urte eta erdiz, eta, orain, txosten juridiko batek dio hasieratik arrazoia genuela demostratu du”. Zinegotzi abertzaleak azaldu duenez, txostenak udal gobernua juridikoki behartzen du aparkaleku hori berreskuratzeko erabakia hartzera.

200 plazatik gora daude, “eta horiek oso beharrezkoak dira Amaña, Ipurua eta Erdialdeko bizilagunentzat”. Gainera, jeltzaleek egin nahi duten Aparkaleku Perimetralen Planean jasota dago. Plan horren bidez, aparkalekuak sortu nahi dira eremu estrategikoetan, kaleetako trafikoa murriztu ahal izateko.

Itxierak eragindako haustea

Txosten juridikoa irailaren 30ekoa da, eta oposizioko udal-taldeek azken asteetara arte ez dute eskuratu. Txosten horren arabera, merkataritza-gunearen jarduera ixteak aparkaleku horren emakida bertan behera uzten du, horrela jasotzen baitzen hitzarmenean, zeinaren bidez UAR 44 Alfa-San Andresen (Ego Gain kalea) dagoen jabari publikoko lurzatiaren aparkaleku-erabilera pribatiborako administrazio-emakida formalizatu baitzen.

Horixe da, hain zuzen ere, Udal Batzarrak apirilaren 25ean onartutako mozioan eskatzen zuena, oposizioko beste bi taldeen aldeko botoekin: Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu, eta sozialisten kontrako botoarekin. “Neurri hori hartu ezean, El Corte Inglesek 2082ra arte kudeatzen jarraitu ahal izango luke aparkalekua”, eta hori, jeltzaleentzat, pentsaezina da.

Sei hilabeteren ondoren, udal gobernuak ez du bete apirileko osoko bilkuraren erabakia. Osoko Bilkurak emakida ebatzitzat jotzea erabaki zuen, emakida arautzen duten baldintza juridiko-administratiboen pleguko zortzigarren klausulako 3. idatz-zatian jasotakoa aplikatuz. Zehazki, txosten juridikoak aipatzen duen klausula bera da.

“Kontua ez da zer gustatzen zaigun eta zer ez. Kontua da aparkaleku hori Udalarena dela, ez El Corte Inglesena. Eta, beraz, eibartarroi dagokigu. El Corte Inglesi lagata zegoen bere merkataritza-jarduerarako, eta dagoeneko itxita dago. Bada garaia herritarren interesak aurretik jartzeko”, eskatu du Mendicutek, eta galdetu du ea zergatik egin ote dioten uko hainbeste hilabetez “begi-bistako zerbaiti”.

Urte eta erdi eskatzen

EAJk plaza horiek berreskuratzeko egindako eskaera ez da berria, espainiar kateak Eibarko erdiguneko zentroa itxiko zuela iragarri zuenetik behin eta berriz errepikatu baitu proposamena. EAJk uste du Eibarrek merezi duela herritarren interesetan pentsatzen duen alkate bat. Herritarren interesen defentsan erakusten da hiriarekiko konpromisoa, eta horixe da EAJren helburua, jeltzaleek diotenez.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube