Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/22

Esther Ferrer artistaren esku-hartze bat izango da Tabakalera aurrean sortuko den plazan

Sortzaile donostiarrak dohaintzan emango du “Zenbaki lehenen poema” seriaren obra berri bat, AHTaren geltoki berriaren gainean eraikiko den plazarako
Esther Ferrer artistaren esku-hartze bat izango da Tabakalera aurrean sortuko den plazan

Tabakalerak izango duen erabilera publikoko plazak Esther Ferrer sortzailearen “Zenbaki lehenen poema” seriearen obra berri bat hartuko du, artistak bere hiriari egingo dion dohaintzari esker. Hala iragarri dute gaur sortzaileak berak, Donostiako alkate Eneko Goiak, eta Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroko zuzendari Edurne Ormazabalek. Obra plazan bertan kokatuko den zoru-instalazio bat da eta, bertan, artistaren hitzetan Donostia definitzen duten koloreak nagusituko dira: berdea eta urdina.

Parisen bizi den sortzaile donostiarraren esku-hartzea plazako zoladuran jarriko da, Tabakalerako sarreran, eta Donostiako Abiadura Handiko Trenaren geltokia eraikitzearen ondorioz eremu horretan sortuko den lehen elementu artistikoetako bat izango da.

Geltoki berriaren obrek ibiltzeko moduko estalkia sortuko dute, Tabakalerara bigarren solairutik zuzenean sartzeko aukera emango duena. Esther Ferrer-en esku-hartzea Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroaren sarreran kokatuko da.

Artistak leku honetarako berariaz, zeramikaz egindako instalazio berri bat sortu du, “Zenbaki lehenen poema” seriearen parte dena. Serie honetako beste lan batzuk ikusgai egon ziren Tabakaleran 2019ko apirilean egindako atzerabegirakoan: Esther Ferrer. 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23…

Zenbaki lehenak funtsezko elementua dira Esther Ferrerren obra artistikoan. 70eko eta 80ko hamarkadetatik hona hainbat egitura espazial lauen bidez erabili ditu. Besteak beste, Ulam espiral ezagunean.

“Niretzat denbora mentala da eta, aldi berean, oso fisikoa. Zenbaki lehenekin lan egiten dudanean, papera eta haria ez den elementu material bat balego bezala da […] Une horretan denbora modulatzen ariko banintz bezala. Zenbakiak marrazten ditudan bitartean ozenki kontatzen ditut, eta iragaten den denborak ekintza batean duen garrantzi bera du”, adierazi du Ferrerrek.

Obra iraunkorra eta publikoa Donostian

Eraikitzen ari diren Atotxa-Tabakalerako tren geltoki berriak aldiriko eta abiadura handiko trenen terminala hartuko du. Eraikin berriak ibiltzeko moduko plaza garai bat sortuko du, eta zuzenean lotuko da Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eraikinaren barrualdearekin. Aurreikusita dago 2024 urtean zehar amaituta egotea.

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “ohore eta poz handia da Esther Ferrer bezalako artista donostiar batek bere hirian obra iraunkor bat izatea”. “Esku-hartze kulturalak geltokiaren gainean sortzen den plaza edo parke berriaren profila markatuko du”, gaineratu du.

“Asmo adierazpen bat da. Hiri honek artea, kultura eta bere sortzaileak oso gogoan ditu. Esther Ferrer fisikoki Tabakalerako plaza berrian egongo dela garrantzi handiko mezua da. Donostia kultura da eta kultura kapitala da Donostian”, azaldu du Goiak.

Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Ferrer eta Tabakaleraren arteko harreman estua aintzat hartu du: “Esther Ferrer artista aukeratu zuten Tabakalerako erakusketa-areto nagusi berria inauguratzeko. Emakume aparta, konprometitua eta eskuzabala da, eta hiriko artistarik maitatuenetakoa. Horren erakusgarri dira bere erakusketako bisitari-kopuruak. Tabakaleran gehien bisitatu den erakusketa, alegia”.

Ibilbidea eta ospea

Esther Ferrer sortzaileak (Donostia, 1937) ospe handia du mundu osoan antzeztu dituen bere ekintzengatik (performanceak) eta museo eta erakunde askotan erakusgai jarritako bere obra artistikoagatik. 60ko hamarkadaren hasieran, Jose Antonio Sistiaga margolariarekin batera, Adierazpen Askeko lehen Tailerra sortu zuen, beste jarduera paralelo askoren ernamuina, horien artean Elorrioko eskola esperimental bat.

1967an Ramón Barce, Juan Hidalgo eta Walter Marchettik Madrilen sortutako ZAJ taldean sartu zen, eta bertako kide izan zen 1996an desegin zen arte. 70eko hamarkadatik aurrera, bere jarduera plastikoari ekingo dio berriz, zenbaki lehenen seriean oinarritutako instalazioak, argazkiak, objektuak eta koadroak eginez. Tematika horren inguruan lanean jarraituko du. 1999an Espainia ordezkatuko du Veneziako Bienalean eta 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala jasoko du. 2012an Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea Saria jasoko du, eta 2014an MAV Saria (Emakumeak Ikusizko Arteetan), Marie Claire pour l 'Art Contemporaine Saria eta Velázquez Saria.

2022ko Urtarrilean Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube