Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/15

Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute

Etorkizuneko auzoan 1.500 - 1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo da, baita ekipamendu publiko berriak ere
Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute

Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak akordioa lortu dute egun Loiolako Ejerzitoaren Kuartelen lursailaren salerosketa egiteko. Eneko Goia alkateak akordioaren berri eman du gaur. Bertan, zehazten da Udalak 73 milioi euro gainditzen dituen prezioagatik erosiko duela lursaila, eta Ministerioak konpromisoa hartu du instalazioak lau urteko epean uzteko. Alkateak esan du, honezkero Udala eremu berriaren diseinuan lanean ari dela, eta bertan egin daitekeen etxebizitza garapenean gutxi gorabehera 1.500 - 1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo litzatekeela, baita ekipamendu publiko berriak ere. Era berean, auzoan Urumea ibaiaren integrazioa nola egin aztertzen ari da eremuari kalitatea bermatzeko.

Donostiako alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza Sostengagarriko zinegotziak agerraldia egin dute Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioaren berri emateko. 2021Eko Estatuko aurrekontu orokorrak onartzeko EAJ-PNVk eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioaren ondorioz hasi ziren negoziazioak, eta urte eta erdiz luzatu dira.

Akordioaren arabera, Donostiako Udalak erosiko ditu, Loiolako Kuartelak kokatzen den lursaila, ondoan dauden beste bi instalazio militar, eta Ulian Defentsako Ministerioarenak diren hainbat landa-eremu,  osotara 6 hektareako azalerarekin. 

Guztira, salerosketaren objektu den Loiolako eremuak 175.000 m² inguru (17,5 Ha) ditu, baina azalera guztia ezin da urbanizatu. Behin balorazio teknikoa eginda eta aurreikusten diren hirigintza-aprobetxamenduak ikusita, salerosketa 73.323.373,38 eurotan finkatu da.

Balorazioa egiteko merkatuaren egungo baloreak kontuan hartu dira, eta gainera, eremu berriaren urbanizazio kostuak gehitu dira. Bertan, aurreikusten da bi zubi berri eraikitzea eta eremuaren kota bi metro eta erdi igotzea uholdeak ekiditeko.

Hiriaren etorkizuna eta etxebizitza garapena

Balorazioan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia kontuan hartu da, hain zuzen ere, Infanta Mª Teresa eta Princesa Mercedes eraikinak – ibaiaren aurrean dauden eraikinak – katalogatzeko agindua, nahiz eta epaiari buruzko helegitea Auzitegi Gorenean aurkeztuta dagoen. 

Bi eraikin horiek kenduta, prezioa ezartzeko baldintzak segidakoak dira:

            -Bizitegi-erabileren hirigintza-eraikigarritasuna: 142.000 m2

            -Erabilera tertziarioen hirigintza-eraikigarritasuna: 8.000 m2

            -Sistema orokorrak: zuzkidura-bizitegiak eta ekipamendua: HAPOk ezarriko ditu.

Aurreikuspen hori kontuan hartuta, balorazio ekonomikoa egiteko, akordioak Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitzaren Legearen araberako segidako garapena ezartzen du:

            -Etxebizitza libreak (%60): 85.200 m2

            -Babes Publikoko Etxebizitzak (%40): 56.800 m2 (%20 Tasatutako BPE -28.400 m2- eta %20 Gizarte BPE -28.400 m2-)

BIZITEGI-ERAIKIGARRITASUNA GUZTIRA: 142.000 m2

Giltzarria hiriarentzat

Loiolako Kuartelaren lursaila erosteak Udalari hirian barneratuta egongo dren kalitate handiko eremua garatzeko aukera emango dio, Urumeako ibarrak azken urteetan izaten ari den hazkundeari lotuta.

Horiek horrela, alkateak segidakoa esan du: “Udala eremuaren hirigintza-definizioa egiteko lanean ari da arloko hainbat aditurekin, nahiz eta azken zehaztapena Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian sartu beharko den”.

Horrenbestez, Goiak hiru lehentasun ezarri ditu Loiolako etorkizunerako: lehena, hiriko bizitegi-eskaintza hobetuko duen etxebizitza parke berria sortzea; bigarrena, ekipamendu publiko berriak egitea, auzoarentzat trakzio-elementu izan daitekeen ekipamendu bat jartzeko aukerarekin; eta hirugarrena, Urumea ibaian erabat integratuta egongo den eremua sortzea, eremuaren natura-, paisaia- eta ekologia-balioa indartuz”.

Udalaren lehen kalkuluen arabera, auzo berrian 1.500 eta 1.700 etxebizitza artean eraiki ahal izango dira. Dena dela, zifra hori aldatu daiteke tramitazioak irauten duen bitartean.

Akordio historikoa Donostiarentzat

Eneko Goiaren iritziz, akordioa historikoa da, izan ere, hiriaren garapenerako giltzarri izango da, duela ehun urte Defentsa Ministerioari Urgul Mendiaren militar-eremuaren edo San Telmo kuartelaren erosketak izan ziren moduan. Halaber, azpimarratu du, Loiolako eremu berriak – garapena egin arte oraindik hainbat urte igaroko dira –  ahalbidetuko du hiria hedatzen jarraitzea Urumea ibaiaren inguruan. 

Horiek horrela, honakoa gaineratu du: “Hedapena ibaiaren ubidea gorantz jarraituta hasi zen iraganeko Sabin eremuko lurren urbanizazioarekin; Loiolako Erriberekin jarraitu zuen; Hiri Lorategian laster hasiko dugun aldaketarekin jarraituko du; Txominenean ere auzo berria eraiki da; eta etorkizun hurbilean Antzita zein Sarruetan garapenak egingo dira. Hortaz, Loiolako Kuartelen lursaila da hiriaren hedapenari zentzua ematen amaitzeko falta zen zatia”.

Bestalde, alkateak balioan jarri du akordioa, izan ere ahalbidetuko du erabilera militarrerako gune pribatu bat berreskuratzea donostiarren erabilera publikorako.

Azkenik, Goiak nabarmendu du akordioa egitea posible izan dela EAJ-PNVk Kongresuan Espainiako Gobernuaren Estatuko Aurrekontu Orokorra onartzeko egindako negoziazioei esker.

“Ondo dago ondo bukatzen dena”, azpimarratu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube