Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/12

Andoainek tokiko kontsumoa sustatzeko 2.300 bonu kaleratuko ditu Gabonetako kanpainarako

Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria Sailak 115.000 euroko zuzeneko bultzada aurreikusten du udalerrian.
Andoainek tokiko kontsumoa sustatzeko 2.300 bonu kaleratuko ditu Gabonetako kanpainarako

Andoaingo Udalak kontsumo-bonuen partida berri bat jarriko du andoaindarren eskura Gabon garaiari begira. HAN EDO HEMEN, EROSI ANDOAINEN kanpainak 2.300 bonu berri jarriko ditu martxan herriko denda eta ostalaritza-establezimenduetan kontsumoa sustatzeko, Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak SALKIN elkartearekin lankidetzan sustatutako ekimen honen barruan.

Oraingo honetan bonu mota bakarra egongo da edozein saltoki edo ostalaritza establezimendutan erabiltzeko. Bonuek 50 euroko balioa izango dute eta 25 euroko prezioan salduko dira, gainerako erdia Udalak finantzatuko du. Bonu bakoitza 10 euroko 5 kupoitan banatuta egongo da, eta bereizgarri espezifikoa duten establezimenduetan kontsumitu ahal izango dira. Erabiltzeko epea azaroaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartekoa da.

​Mari Jose Izagirre zinegotziak kanpainaren xehetasunak deskribatu ditu eta ekimenak Andoaingo ekonomian izango duen eragin nabarmena azpimarratu nahi izan du. Hala, kontsumo-bonuen Gabonetako kanpainak 115.000 euroko inbertsio zuzena ahalbidetuko du, azaldu duenez, eta ekimena "pandemiaren osteko lehen Gabonetarako benetako pizgarri ekonomikoa" izatea espero du. Izagirrek legegintzaldiko apustua berretsi du: “Herriari, andoaindarrei eta gure ostalarien-merkatarien jarduerari zuzenean mesede egingo dieten ekintzak egitea sustatu nahi dugu, eta kanpaina hau ezin eraginkorragoa da zentzu horretan”.

Izagirrek gogorarazi duenez, kanpainak izan ohi duen harrera bikaina kontuan hartuta eta bonuak eskuratu nahi dituzten pertsonek ahalik eta  modu erosoagoan eskuratu ahal izateko, aldez aurretik erosketa-tiket zenbakidunakbanatuko dira. Horrela, azaroaren 16tik 18ra bitartean, interesdunek txartela aldez aurretik eskuratu ahal izango dute, eta, ondoren, 5 eguneko epea izango dute bonuak erosteko.

Nola eskuratu bonuak

Kontsumo bonuak azaroaren 21etik 25era erosi ahal izango dira SALKINen lokalean (Agustin de Leitza kalea, 11 zenbakian) izakinak agortu arte. Ilarak saihesteko eta erosketak errazteko, tiket zenbakidun bat eskainiko da, gero bonuagatik trukatu eta erosi ahal izateko.

Andoaingo adin nagusiko guztiek 25 euroko prezioan erosi ahal izango dute bonua. Horretarako, NANa aurkeztu beharko dute (gehienez, bonu bat salduko da NAN bakoitzeko, eta gehienez bi NAN onartuko dira pertsona bakoitzeko). SALKINen arreta ordutegia goizeko 10:00etatik 14: 00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara izango da. Kreditu-txartelarekin ordaindu beharko da erosketa, eta ez da eskudirurik onartuko.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube