Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk tasak, zergak eta prezio publikoak izoztea eskatu du, eta egungo krisiaren aurrean herritarrekin egoteko garaia dela argudiatu du
EH Bilduren gobernu taldeak %4ko igoera onartuko du Osoko Bilkuran, herritarren ongizaterako beharrezkoak diren zerbitzuei eusteko ezinbestekoa dela justifikatuz.Alderdi jeltzaleak azpimarratu du irtenbidea ez dela herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea, baizik eta Udalak kudeaketa egokia egitea, hurrengo Udal Aurrekontuetan lehentasunak ezarriz.
Oñatiko Udalak urriaren 27ko Osoko Bilkuran onartuko du 2023ko tasak, zergak eta prezio publikoak %4 igotzea. EH Bilduren gobernu taldeak proposatutako eta onartutako igoera hori neurrigabea eta justifika ezina da EAJ-PNVren arabera: “hauek izoztea eskatu dugu, herritarrentzat garai zailak dira eta une honetan haien ondoan behar gaituzte. Aurreikuspenen arabera, 2023a urte zaila izango da ekonomikoki, eta ez da igoera edo karga gehitzeko unea. Herritarrek aurre egin beharko diete, besteak beste, argiaren, gasaren, erosketen, erregaiaren eta finantza-interesen igoerari”.
EH Bilduk igoera hori justifikatu du Ordenantza Fiskalei buruz erabakitzen denak Udalaren finantzaketan garrantzi handia duela argudiatuta, eta, beraz, azaldu du guztiok erantzukizunez eta seriotasunez jokatu behar dugula. Era berean, aipatu du igoera hori beharrezkoa dela Oñatik ezin duelako gelditu, eta Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu behar duelako, herritarrei eta udal elkarteei lagunduz. EAJ-PNV kezkatuta agertu da argudio horien aurrean, eta azaldu du Oñati eta oñatiarren ongizatea beti daudela beren erabakietan, eta alderdiak proposatutako izozteak ez duela Udalaren etorkizuna hipotekatzen, ezta hark bermatu behar dituen zerbitzuen kalitatea ere: “irtenbidea ez da herritarrei ahalegin handiagoa eskatzea, baizik eta udal kudeaketa egokia egitea, hurrengo udal aurrekontuetan lehentasunak ezarriz. Inoiz baino garrantzitsuagoa izango da eraginkorrak izatea eta kontuak zorrotz kudeatzea”.
Foru Funtsa, Oñargi eta Ur Jauziak
Horrela, EAJ-PNVk azpimarratu du Udalak ahalegin berezia egin behar duela egoera horri aurre egiteko, eta are gehiago, hurrengo ekitaldian aurreikusten diren aparteko diru-sarrerak ezagututa: “alde batetik, Foru Funtsetik jasoko den zenbatekoa dago. Gipuzkoako Finantza Kontseiluak, urriaren 14ko bileran, zerga-bilketaren aurreikuspenak eguneratzea erabaki zuen eta udal ordezkariei jakinarazi zien Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino diru gehiago jasoko zutela. Horrela, aurreikusten da Oñatiko Udalak espero zena baino 285.000 euro baino gehiago jasoko dituela 2022ko aurrekontuen itxieran (likidazioa). Horrela, 2023ko aurrekontuen estimazio bat eginda, Udalak, 2022an baino 600.000 euro gehiago izango ditu gutxi gorabehera. Gainera, gogorarazi nahi dugu Oñatiko Udalak beste udal batzuek ez duten aparteko beste diru-sarrera bat duela: Oñargi eta Ur Jauziak. 1989 urtean, Udalak, EAJ-PNV gobernuan zela, Ur-Jauziak erostea erabaki zuen eta honi esker, gaur egun honek ahalbidetzen duen diru-iturriak ere balio du kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta Oñatiko herritarrei eta elkarteei laguntzeko. Ez gara soilik Ordenantza Fiskalen bidez finantzatzen”. Azkenik, alderdi jeltzaleak gogorarazi nahi du Udalak Foru Funtsetik jasoko duen aparteko dirua inflazioaren ondorio dela: “izan ere, BEZa mantendu bada ere, prezioen igoerak, oro har, diru-bilketa nabarmen handiagoa izatea ekarri du. Era berean, Ur Jauziak-en kasuan, Udalak jasoko duen igoera energia elektrikoaren kostua altuagoa delako izango da. Beraz, herritarrei ezin diegu karga ekonomiko gehiago gehitu”.
Hobariak
Hobariei dagokienez, alderdi jeltzaleak begi onez ikusten du gobernu taldeak egindako proposamena, kiroldegiari dagozkion hobarietan guraso bakarreko familiek familia ugarien eskubide berak izan ditzaten.
Era berean, jasangarritasuna eta klima-aldaketa jomugan hartuta, EAJ-PNVk eskatu du Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergaren hobaria %75ekoa izatea motor hibridoa duten ibilgailuen kasuan: “adibidez, gasolina eta elektrizitatezko, diesel eta elektrizitatezko, eta gas eta elektrizitatezko motor hibridoak dituzten ibilgailuek izatea hobari hori, beti ere motorrak fabrikatik homologatuak badatoz. Gaur egun ezarritako hobaria %50ekoa da”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31