Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aholku Batzordeak EAJren Estaziño Intermodala babestu du
Hirigintza Aholku Batzordeak babestu egin du proiektu hau HAPO berrian sartzea. Mendicutek pozez hartu du lortutako adostasuna, eta baieztatu du errealitate izango dela EAJk 2023ko hauteskundeak irabazten baldin badituEAJ-PNVk proposatutako geltoki intermodala jasoko du ziur aski HAPO berriak, horixe baita adostasun zabalena duen proiektua. Hainbat urtez alderdi politikoen arteko tirabirak sortu baditu ere, aurten erabateko babesa lortu du Hirigintza Aholku Batzordean. Batzorde honek Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzea du xede, eta bertan parte-hartzen dute herriko hainbat eragilek;alderdi politiko guztiak tarteko.
Eibarko jeltzaleen bozeramaileak, Josu Mendicutek, pozez hartu du lortutako adostasun zabala: “iraganean kritikatua izan zen, baina ez dut denborarik galdu nahi horri buruz hitz egiten. Garrantzitsuena da honezkero eragile guztiak lerrokatu garela ideia horren inguruan. Ideia egia bihurtzeko garaia da orain”, azaldu du, eta ondorioztatu duenez, “ideia hori gauzatzeko tresna EAJ da. Maiatzeko hauteskundeak irabazten baditugu, datorren agintaldian martxan jarriko dugun egitasmoa izango da, zalantza barik”.
Aholku Batzordean parte-hartzen dute udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, eta baita hiriko elkarte askotako ordezkariek ere. Tartean daude EAJ-PNV, PSE-EE PSOE, EH Bildu eta Podemos alderdiak; Baso Biziak, Merkatarien Elkartea, Merkatarien Federazioa, IMP Ipurua Merkatu Plaza, Errebal Bizirik, La Plazoleta, LAB edo Andirao Baserritarren Elkartearekin batera.
Udalak subkontratatutako enpresak hiru kokapen proposatu zizkion batzordeari autobus geltokia egiteko: Azitaingo gasolindegia, Otaola hiribidea eta Estaziño-Matsaria. Azken honek (eta ez besteek) talde guzti-guztien babesa lortu zuen. Beraz, pentsatzekoa da hori izango dela Udalaren etorkizuneko aukera.
Geltokiaren kokapenaren inguruan lortutako adostasun zabala 2019-2023 agintaldiko albisterik onena dela uste du Mendicutek. “Agintaldi gogorra izaten ari da, ez soilik pandemiagatik. Hiri mailan ere hainbat ezbehar izan ditugu, Arraguetako etxeen erorketa edo El Corte Inglés-aren itxiera, adibidez. Kontestu horretan, hiriaren etorkizunerako hain garrantzitsua den gai baten inguruan adostasuna lortu izana albiste ezin hobea da”, uste du.
Mugikortasun iraunkorraren aldeko apostua
EAJ-PNVk hiru agintaldi daramatza geltoki intermodala egitea proposatzen, Matsariako beheko aldean, trenbidearen alboan. Proiektu estrategikoa da, ahalbidetuko duelako autobusak saihesbidetik zuzenean sartzea, hiribarruko kaleak zeharkatu gabe. Kontuan izan beharra dago horrek sortzen dituen segurtasun arazoak, autobusek espaloi gainetik pasa behar izaten dutelako hainbat gunetan.
Autobus geltokia tren geltokiarekin batera egiteak garraio modalitateen bateragarritasuna hobetuko du, zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko. “Helburua da erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzea. Horretarako, leku berean bateratu nahi ditugu autobus eta tren geltokiak, bidegorria eta aparkaleku handi bat. Eta, horrekin batera, oinezkoen ardatza sortu hortik herriko beste puntaraino”, azaldu du. Ikuspegi horretatik, “Estaziño da aukera logikoena. Gainera, Matsaria berreskuratzen hasteko abiapuntu moduan balioko digu. Eta Matsariak badauka berreskuratzeko premia”, gaineratu du.
Behin geltokia lekualdatuta, zinegotzi jeltzaleak Ego Gain kalea berrantolatzearen alde egin du. “Kalea oinezkoentzat bihurtu beharra dago, Ego Gain eta Toribio Etxebarriako oinezkoen guneak batzeko. Horrekin batera, Ego errekaren berreskuratzearekin jarraitu nahi genuke, bizitzeko leku atseginagoa lortuz. Estaziño Intermodalaren proiektuak lagunduko digu bide horretan aurrera egiten”. Horrekin batera, Matsarian makroaparkaleku bat egitearen alde egin du bozeramaile abertzaleak, Eibarko erdialdeko eta ekialdeko aparkaleku-arazoa behin betiko konpontzeko. “Hori da jendearen arazoak konpontzea eta tokiko merkataritza laguntzea”, uste du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31