Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/10/20

Bergarako EAJ-PNVk zergak izozteko eskaera egin du, EH Bilduren %4ko igoera proposamenaren aurrean

EAJ PNVk argi du ez dela igoerak proposatzeko urtea, baizik eta kudeaketa zorrotza egiteko momentua: “ezin dugu herritarrak itotzen jarraitu, ekonomia suspertzeko momentua da”.
Bergarako EAJ-PNVk zergak izozteko eskaera egin du, EH Bilduren %4ko igoera proposamenaren aurrean

Bergarako Udalak, EH Bilduren gidaritzapean, 2023ko tasak, zergak eta prezio publikoak %4 igotzea onartuko du datorren astean izango den ohiko Osoko Bilkuran. Negoziazioak hasita dauden honetan, Bergarako EAJ-PNV Udal taldea elkarrizketarako prest azaldu da, azken momenturaino: “argi daukagu: ez da igoerarik egiteko momentua. Negua badator eta badirudi gogorra izango dela guztiontzat, herritarren ondoan egon behar dugu.  Udalak ezin du herritarra gehiago estutu”.

EH Bilduren esanetan, igoera beharrezkoa da udal zerbitzuaren kalitatea mantentzeko. Alderdi jeltzalearen ustez, zergak izoztu arren, Udala eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gai da, eta bestelako zerbitzuak gehitzeko arazorik ere ez luke izango: “alegia, kudeaketa eraginkorrarekin eta planifikazio zehatza izanez gero, Udala 2023an etorriko denari aurre egiteko gai izango litzateke zergak izoztuta ere. Baina, noski, berriz ere EH Bilduren politika agerian geratu da: kudeaketa eraginkorra egin ordez, bide errazena aukeratu dute, herritarren egoera aintzat ez hartzea eta zergak igotzea”.

Horrez gain, EAJ-PNVk azaldu du, inoizko Foru Funtsik handiena jasoko duela Bergarako Udalak 11.962.243€. Honek suposatzen du 2022an aurreikusitakoa baino 800.000€ gehiagoko diru sarrera izango duela Udalak 2023an.Horiek egoki kudeatuz gero, Udalak arazorik gabe jarrai dezake kalitatezko zerbitzuak eskaintzen, baina hor dago EH Bilduren arazoa eta gabezia”.

Bergarako Udalak azken 25 urteetan egindako tasa, zerga eta prezio publikoaren igoera ere kontuan izan beharrekoak direla gaineratu du talde jeltzaleak: “igoera horiek KPIaren aldaketen gainetik doaz, %7 altuago. Beraz, aurten igoerarik ez aplikatzeak ez luke atzerapenik ekarriko”.

Era berean, EAJ PNVren udal taldeak gaineratu du, altxortegi gerakina ere erabilgarri egongo dela, eta bertatik ere, 2023an Udalak izango dituen erronkei aurre egiteko beste diru sarrera bat izango duela: “honetan ere, kudeaketa ereduak berebiziko garrantzia izango du. Momentu honetan, esfortzua Udalak egin behar duela uste dugu, eta ez herritarren gain beste zama bat jarri”.

Azkenik, Alderdi Jeltzaleak gogorarazi du herritarren alboan egoten jarraituko duela eta negoziazioetan, azken unera arte ordenantza, zerga eta tasak ez igotzearen alde lan egingo duela: “erantzukizunez jokatu behar dugu, egungo egoera ekonomikoaren aurrean, Bergarako herritarrak eta sektore ekonomikoa dagoeneko hasiak baitira prezioen igoeraren ondorioak jasaten. Bergararren eros-ahalmenean eta haien negozioen kostu finkoetan eragina izaten ari da igoera. Udal-zergak ez igotzearen helburua da inflazioaren eragina murriztea, nahiz eta Udala ere nabaritzen ari den haren ondorioa. Horrek behartzen gaitu eskuragarri ditugun baliabideak eraginkortasun handiagoarekin gestionatzera, eta hor agerian geratzen da EH Bilduren ahulezia eta gaitasun eza”.

 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube