Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/10/13

Gipuzkoan mugikortasun eta garraio jasangarria garatu eta sustatzeko behar diren inbertsioak bultzatzen jarraitzen dugu

Deigarria egiten zaigu oso EH Bilduren jarrera: agintean zegoenean, eta Larraitz Ugarte Azpiegitura Saileko arduraduna eta Bidegiko presidentea zela, 2016rako Bidegik porrot egingo zuela aurreikusten baitzuen. Aldiz, gaur egun ez da halakorik gertatu, eta argi geratu da Bilduren kontakizuna faltsua zela
Gipuzkoan mugikortasun eta garraio jasangarria garatu eta sustatzeko behar diren inbertsioak bultzatzen jarraitzen dugu

“Gipuzkoako Foru Aldundia zuhurtziaz jokatzen ari da, beharrezko neurriak aplikatuz, ekintza eta inbertsio ugari eginez bigarren xedapen gehigarria zorrotz betez, betiere Bidegiren eskumen-eremuaren barruan. Eta zalantzarik gabe, egoerak ahalbidetzen duenean, foru gobernu honek urrats gehiago emango ditu mugikortasun eta garraio jasangarria sustatzeko”, adierazi du Eric Galvezek, EAJ-PNV batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauko bigarren xedapen gehigarria betetzeari buruz. “EAJ-PNV batzarkide-taldeak tinko eusten dio Batzar Nagusi hauek, onartu zuten konpromisoari. Konpromiso honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zaio martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren xedapen gehigarria garatzeko neurriak ezar ditzala, eta legegintzaldi honetan aurrera egin dezala Europako zuzentarauek baimendutako eremuan neurri berriak ezartzen, ahalik eta segurtasun juridiko handiena aplikatuz, eta Bidegik bere finantza konpromisoak eta kudeatzen dituen azpiegituretan egin beharreko inbertsioak betetzen dituen heinean” nabarmendu du jeltzaleak.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak – azpimarratu du EAJ-PNVko batzarkide Eric Galvezek – inbertsioak egin ditu bigarren xedapen gehigarria betetzeko, betiere bere eskumen-eremuaren eta Europako zuzentarauaren jarraibideen esparruan; izan ere, 9.2. artikuluan argi eta garbi adierazten da zein den kanpo kostuengatiko tasek sortutako diru sarreren xedea, edo balio finantzarioari dagokionez zenbateko baliokidea den, eta horrek markatzen duelarik eskumen-eremua zein den. Ildo horretan, gogorarazi nahi dut une honetan Errenterian kutsadura akustikoaren aurkako panelak jartzen ari direla, hurrengoak Zarautzen, eta ahalegin handiena Andoainen egingo dela, Bazkardon eta Sorabillan, eta aurrerantzean Bidegik inbertsio horiekin jarraituko duela" azpimarratu du. "Kutsadurari aurre egiteko eta garraio jasangarriagoa garatzeko neurriak (Aritzetako aparkaleku disuasorioa, Elgoibarko, Zestoako eta Oiartzungo parking disuasorioak)… Astigarragako AP-8an Garraio Zentro Integrala eraikuntza. LED argiztapena ezartzeko edota zoladura hobetzeko material berriztagarriak aplikatzeko inbertsioa. Hau da, Gipuzkoan garraioa garatzeko eta hobetzeko inbertsioak” zehaztu du Galvezek.

“Azaldutako guztiagatik, ez dugu ulertzen oposizioko taldeek xedapen gehigarri hau betetzeko eskatzen jarraitzea behin eta berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia, betiere bere eskumen-eremutik,  araua betetzeko neurri eta ekintza guztiak hartzen ari denean. Bereziki, oso deigarria egiten zaigu EH Bilduren jarrera, agintean zegoenean, eta Larraitz Ugarte Azpiegitura Saileko arduraduna eta Bidegiko presidentea zela, 2016rako Bidegik porrot egingo zuela aurreikusten baitzuen. Aldiz, gaur egun ez da halakorik gertatu, eta argi geratu da Bilduren kontakizuna faltsua zela. Bidegi, gaur egun, funtsezkoa da gipuzkoarrentzat" azpimarratu du Galvezek.

“Eta gaur ganbera honetan Bidegiren diru-sarrerak han eta hemen inbertitzeko eskatzen ari zarete. Horrek zer esan nahi du, azkenean onartzen duzuela Aldundian gobernatzen zenutenean gezurretan ari zinetela?" galdetu du." Argigarria da oso, galdera honen aurrean, zuen isiltasuna" adierazi du Eric Galvezek. “Oposizioko taldeek akats berbera egiten dute behin eta berriz, edozein gai baliatu etekin politikoa lortzeko helburu bakarrarekin, gipuzkoarren interes orokorretik gero eta gehiago aldenduz" amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube