Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Leizaola lehendakariaren brontzezko eskulturak Euskadi Plaza aberastu du
Gipuzkoako Foru Jauregian urtetan egon ondoren, Donostiako gune publikoan kokatu da Aldundiak Udalari egindako lagapenari eskerArgazkiak...
Gaurtik aurrera Gros auzoko Euskadi Plazan egongo da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari doan eman dion, Jesus María de Leizaolaren eskultura. Piezak leku berezia du, Santa Katalina zubiari begira eta bakea sinbolizatzen duen olibondo baten ondoan.
Donostiako udalbatzako kideak, Eneko Goia alkatea buru; Gipuzkoako Foru Aldundia, Markel Olano diputatu nagusia buru, Eusko Jaurlaritza, Josu Erkoreka lehendakariordea ordezkari, eta Eusko Legebiltzarreko hainbat alderditako kideak izan dira ekitaldi instituzionalean, eskulturaren kokapen berria ofizialki inauguratzeko. Hauekin EAJ-PNVren ordezkaritza bat egon da Joseba Egibar buru. Ekitaldian, gainera, Leizaola lehendakariaren familiaren ordezkari ugarik parte hartu dute.
Eskultura Xebas Larrañaga artistaren lana da, eta 90.000 euroko balioa du. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen 2007an eta, ordutik, Foru Jauregiko Ohorezko Patioan egon da, lehendakariaren eskultura kalean –defendatu eta ordezkatu zuen herriarekin bat eginda– kokatzeko helburua beti presente egon bada ere. Jesus María de Leizaola irudikatzen duen brontzezko irudia da eskultura, gorputz osokoa, traje eta gabardina jantzita eta ezkerreko eskuan kapela duela ageri da. Guztia material bereko oinarri karratu baten gainean dago.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “ezin ditugu ahaztu Jesus María de Leizaola eta, bera bezala, demokrazia eta askatasunaren alde bere bizitza eman zutenen lana. Haiek izan ziren bakean sinesten zutenen itxaropena eta helduleku. Etorkizunean sinisten zutenen ikur”.
“Geuri, hemen gauden guztioi, dagokigu haiek hasitako bidean jarraitzea. Gu gara amaitu gabeko lanen jardun behar dugunak. Geuri dagokigu bakearen, askatasunaren, eta adiskidetzearen bidean aurrera egitea”, gaineratu du Goiak.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi duenez, Euskadik XX. mendean izandako “erreferente eta lider” garrantzitsuenetako bat da Leizaola eta bere irudiak “belaunaldi oso baten ahalegina eta konpromisoa” dakarkigu gogora. “Gure herriak bizi izandako ataka gogor eta larrienetako batean, gerra eta erbestea ezagutu arren, Euskal Herriaren eta bere autogobernuaren aldarria bizirik mantendu zuen Leizaolak, duintasun osoz, egin ere. Gainera, aldarri hori beti uztartu zuen pertsonen duintasunaren, demokraziaren eta bakearen defentsa irmo batekin”, goraipatu du Olanok.
Gizon aipagarria
Jesus María de Leizaola 1896ko irailaren 7an jaio zen Donostian. Pertsona garrantzitsua izan zen, bai Errepublikaren garaian, Espainiako Gorteetan legebiltzarkide izan zenean Gipuzkoatik EAJ-PNV ordezkatuz, bai erbestean eman zituen urteetan. 1936tik 1946ra bitartean, Jose Antonio Agirre buru zuen Euzko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburua izan zen, eta, ondoren, 1946 eta 1952 bitartean, Ogasun eta Justizia Saila kudeatu zuen. 1952an lehendakariorde kargua hartu zuen eta, 1960an, Agirre hil zenean, lehendakari izateko ardura hartu zuen.
1979ko abenduan itzuli zen erbestetik, Carlos Garikoetxeari kargua uzteko. 1980ko hauteskundeetan legebiltzarkide hautatu zuten eta bederatzi urte geroago hil zen, 92 urte zituela.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31