Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ortuzarrek gobernuak eta alderdiak deitu ditu “akordioak egitera” datorkigun “ekaitzaren” aurrean “hiritarrei erantzun egokiak emateko”
Zarautzen, EAJ-PNVk aldi politiko berriari hasiera emateko urtero egin ohi duen ekitaldian, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Pedro Sánchez premiatu du orain arte adostu diren konpromisoak betetzera: “Dei berri hau ezerezean ez geratzea espero dugu”Argazkiak...
-
Ortuzarren hitzaldia 2022-09-02
Hitzaldia - 2022/09/02
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Analistak eta gobernuak ohartarazten ari dira denbora latzak datozela, udazkena eta negua zailak izango omen direla energiaren eskasiagatik eta energiaren prezioagatik, eta inflazioak eta prezioek gora egingo dutelako. Asteartean bertan Lehendakariak esan zuen ekaitza dakarrela eta gutako bakoitzak egin beharko diola aurre, bai eta Herri gisa ere. Akordioak egitea dagokigu, gobernuen artean eta alderdien artean, euskal esparrutik hasita eta Europako esparruraino, Estatukoan barne, egoera konplexu honetara moldatzeko eta, bereziki, hiritarrei erantzun egokiak emateko”. Hau izan da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Zarauzko Malekoian, EAJ-PNVk aldi politiko berriari hasiera emateko egin duen ekitaldian elkarretaratu diren 500 lagunei adierazi nahi izan dien mezua. Mitin berean hitz egin dute Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak, eta Jokin Landak, Zarauzko Uri Buru Batzarraren presidenteak. Halaber, bertan elkartu direnen artean izan dira Eusko Legebiltzarreko presidente andre Bakartxo Tejeria; Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano; Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena; Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile, Bingen Zupiria, baita Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz, Beatriz Artolazabal, Gotzone Sagardui eta Mikel Irujo sailburuak ere, bai eta EAJ-PNVko bestelako herri eta barne karguak ere, hauen artean Bizkai Buru Batzarraren presidente andre Itsaso Atutxa eta Araba Buru Batzarraren buru Antonio Suso, Napar Buru Batzarrarena Unai Hualde eta Ipar Buru Batzarraren presidente Peio Etxeleku.
Ortuzarrek Zarauzko topaketa aprobetxatu nahi izan du Pedro Sánchez Espainiako presidenteari San Inazio eguneko ospakizunean bidali zion mezua berresteko: “Seriotan har itzazu EAJrekiko harremanak, bete ezazu hitzemandakoa, transferentziak arindu itzazu. Konpondu gaitezen, denbora latzak datoz eta inoiz baino beharrezkoagoa izango da indarrak bateratzea. Ea dei hau ezerezean geratzen ez den. Sánchezen inbestiduran hitzeman genituen konpromiso guztiak betetzen ari gara. Sánchezi eta bere Gobernuari dagokie berenak betetzea”, baieztatu du. Buru abertzaleak esan du “oso oso geldoa” dela Sánchezek eta Ortuzarrek 2019ko abenduan izenpetu zituzten inbestidura akordioak betetzeko erritmoa. “Estatutua osorik betetzeko egin behar diren elkarrizketetan dagoen paralisia guztiz ulertezina da, guztiz justifikaezina eta onartezina. Eskerrak kide preferentea garela!”, esan du ironiaz.
Bertokoari begira, Ortuzarrek ohartarazi du oposizioaren nahia izango dela aldi politiko berri honetan joko eremua lokaztea, eta bereziki gogorra izango dela udal eta foru hauteskundeetan. “Gu geurera, gobernatzera eta ondo egitera. Datorkigun panorama ekonomikoarekin ezin gara despistatu, eta ezin gaituzte nahastu kaleko edo saloiko jokoekin, komeni zaienaren arabera”, baieztatu du. Eta puntu honetan gonbidapena luzatu dio Bilduri. “Gas kontsumoa murriztu behar da, baina inork ez du esaten gasik ez badago euskal industria lehiakorrik ere ez dagoela, ezta lanpostuak ere. Ahoa betetzen zaie burujabetzaz, baina energiari dagokionez menpekotasun handia daukagu. Bildu ‘Madril Style’ tokatzen zaigunerako, Bildu suabea eta akordio zalea, bat eskaintzen diot gaur, inoizko garrantzitsuena dena: ea zer egiten dugun Euskadik auto-iraunkortasun energetikorako bidea egin dezan. Baina akordio serio bat, benetakoa, Euskadi errealaren beharrak asetzeko. Ez orain arte entzun dizkiegun funts gabeko proposamenak”, baieztatu du.
Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba azken boladako pandemia eta Errusiak Ukrainari egindako inbasioa izan ditu hizpide Zarauzko mitinean. Azpimarratu du garai zailen aurrean, EAJ-PNVk baduela bereizgarri bat: “elkartetasunea” dauka bere ideologiaren muinean . Alderdi gisa, herri identitate bat eta herriaren parte izateko filosofia bat daukagu. Ni eta nirea baino, gu eta guztiona aldarrikatzen dugu. Hori da abertzaletasunaren ardatza”, azpimarratu du.
“Gure herrian sinesten dugu eta justizia sozialean oinarritutako bide politiko eta demokratikoen bidez egiten dugu”, jakinarazi du Egibarrek, ezker abertzaleak ez bezala, bere alderdiak hautu politiko hori betidanik barneratua daukala nabarmentzeko. “Ongietorri bide honetara etorri direnei, baina ez dezagun ahaztu ez dutela konbentzimentuz egin, baizik eta aginduta, estrategia politikoagatik”, azaldu du. Egibarrek ohartarazi gure Herri honetan ez gaudela amnesial jota. “Badakigu iragana zer den eta etorkizuna nola eraiki behar den: giza eskubideen ardatzekin. Bai iragana irakurtzeko eta etorkizuna erabakitzeko”, erreibindikatu du. "Amnesiaren aurrean, memoria; adanismoaren aurrean, errealitatea eta 40 urtetako nazio eta herri eraikuntza; eta itxurakotasunen aurrean, benekotasuna eta egia”, gaineratu du.
Arnaldo Otegik Ukrainako gerra gelditzearen alde egindako adierazpenen harira, azaldu du ezberdindu behar dela nor den erasotzaile eta nor erasotu. “Errusia eta Putin dira erasotzaileak eta Ukraina da erasotua”, azpimarratu du. Amaitzeko, Putin eta Gorbachoven arteko ezberdintasuna egin du, zendu berri den agintariak zapaldutako herriei autodeterminazioaren eskutik beren etorkizuna erabakitzeko eskubideari bide eman ziola gogoratzeko. “Eta hori Otegik ez du esaten. Zergatik justifikatzen du Putin?”, galdetu du.
Atarian daukagun udazken zail honetan, itxaropentsu agertu da Egibar euskal erakundeek bide zuzenetik erabaki egokiak hartuko dituztelako, “ekonomia indartsu, lehiakor eta aurreratu baten bidez, gizarte soziala bultzatu eta euskal herri burujabea lortzeko”.
Nabarmenak...
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Andoain
2024/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31