Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Zergatik ari da EH Bildu herria nahasten beti dikea bukatzearen alde egon bada?
Alderdi jeltzaleak argitu du egungo babes dikeak ez duela bermerik, aurreikusitako lana amaitu gabe dagoelako. Gogoratu du babes dikeak izan behar duen luzera osoan oinarria egina duela eta orain egin behar diren lanak Mutrikuko Udaletik urte luzeetan behin eta berriz eskatutakoak direla.Mutrikuko babes dikea bukatzeko lanak esleitu dira dagoeneko eta obrak uda ostean hastea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. Hala azaldu zieten udaleko hiru alderdiei, maiatza amaieran, Aitor Etxeberriak, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak eta Aitor Aldasorok, aholkulariak. Alderdi jeltzaleak adierazi du berri ona dela Mutrikurentzat: «babes dikearen obra amaitu egingo dela esan nahi baitu horrek. Mutrikun orain dugun babes dike zatiak ez du bermatzen muturreko egoeren aurrean babesa ematea».
EAJ-PNVk lan hauek sortu duten kezken eta zalantzen aurrean argitu nahi du Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako lanek ez dutela ezer berririk proiektatzen: «babes dikea gaur egungo egoeran uztea, amaitu gabe, arduragabekeria bat izango litzateke. Klima aldaketa medio, muturreko egoerak geroz eta ugariagoak dira gurean. Eta orain 20 urte proiektatu zen babes dikeak, garaiera eta luzera bat aurreikusten zuen, itsasoaren indarra eutsi ahal izateko. Orduan babes dikearen zati bat egin zen, eta horrela utziz gero, bere funtzioa ez dago bermatua. Izan ere, babes dikeak orain duen neurria izango balu sorreratik, beste egitura bat izango luke. Babes dikea ez da epe motzerako funtzioarekin egiten soilik, baizik eta etorkizunera begira egiten den proiektu bat da. Ez bada behar bezala eraikitzen, egiturak kalteak jasan ditzake eta azpitik pitzatzen hasi daiteke».
Babes dikea, aho batez bultzatua
Era berean, alderdi jeltzaleak gogorarazi nahi du Mutrikuko Babes Dikea Udalean ordezkaritza zuten alderdi guztiek onartua izan zela, aho batez: «Ezker abertzalea taldekoa zen orduan Gobernu Taldea eta eurena izan zen proiektuaren lidergotza. Argi utzi nahi dugu Mutrikuko Portuko Babes Dikea proiektu estrategikoa zela herriaren etorkizunerako, eta Udal Gobernu osoaren ahaleginarekin egin zuela aurrera. Aho batez onartu eta bultzatutako proiektua izan zen, nahiz eta gaur egun kontrakoa pentsarazi dezaketen mezuak zabaldu».
Harreman zuzena Udal Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean
EAJ-PNV alderdiak gogorarazi du, EH Bilduko Udal ordezkariak legealdi osoan zehar hainbat alditan elkartu direla Portuetako Zuzendariarekin: «bilera horietan behin eta berriz azaldu izan da proiektu hau abiarazteko asmoa eta udal gobernuak bere adostasuna eta sintonia osoa adierazi izan dio beti Jaurlaritzari. Informazio osoa izan du udal gobernuak hasiera-hasieratik, eta inolaz ere ez da Interneteko iragarki baten bidez enteratu».
EH Bilduren mezu nahasiak
Azkenik, EAJ-PNVk azaldu du mezu nahasiak zabaltzen ari dela EH Bildu herritarrak manipulatzeko asmoarekin, eta argi utzi nahi du aurreikusita dagoen lan bakarra babes dikearen amaiera dela: «ez dago beste proiektu edo lanik aurreikusita, eta beraz, babes dikea amaituko da, besterik gabe. Etorkizunean etorriko da babes dikeak sortuko duen espazioari eta portuari eman beharreko erabilera aztertzeko unea. Proiektu berri bat izango da hori, eta prozesu parte hartzaile bat egingo da, baina ez EH Bilduk eskatzen duelako, baizik eta legeak hala zehazten duelako».
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31