Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk 115.000m2-ko lurzorua industria-jardueretarako gordetzea proposatu du
Josu Mendicute: "Eibarren haz daitezkeen enpresek haztea nahi dugu"EAJ-PNVren ustez, funtsezkoa da industria-erabileretarako lurzoru-erreserba bat izatea. Hala, alderdi jeltzaleak proposatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian (HAPO) Azitaingo eta Matsariako industrialdeak handitzea, bi poligonoetako goiko aldeetan dauden betelanetan, eta Ibur-Errekan gaur egun dagoen eraikuntza-ahalmenari eustea. Hiru jarduera horiek 115.000 m2-ko industria-lurzoruko erreserba dute, Erisonoko Polo Teknologikoaz gain.
EAJ-PNVk proposatutako lurzoru industrialaren erdia baino gehiago Azitain industrialdeko goialdean dagoen betelana da. Eibar Kirol Elkarteak aztertu zuen lur hori Kirol Hiria eraikitzeko. Orduan, 2018an, EAJ-PNVren ekimenez, Eibarko Udalaren Osoko Bilkurak erabaki zuen, behin kirol-erabilera baztertuta, lursail hori industria-jarduerarako erabiliko zela.
Eibarren, industria-jardueretarako hiri-bilbetik kanpo 60.000m2-ko espazio laua lor dezakegun leku bakarra da. Hori Udalbatzan adostu zen eta oraingoz ez da HAPO berriaren Aurrerapenean sartu. Enpresa batzuekin izandako elkarrizketetan egiaztatu dugu horrelako lurzoru batek inbertsioak erakartzeko balio dezakeela, baina, horretarako, Udalak aldez aurreko hirigintza-tramitazioa egin behar du. “Eibarrek ezin du industria gehiago ihes egiten utzi”, Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez.
Debabarrenak doitasun-teknologietan kualifikatuta dauden 9.595 langile ditu. Eskualdearen kokapena estrategikoa da, EAEko hiru hiriburuen artean, eta 500 enpresa baino gehiagok dihardute makina-erremintan, ekipo-ondasunetan, aeronautikan edo robotikan, besteak beste, mekanizazio, artezketa eta mandrinatze jardueretarako industria osagarriaren sare oso batekin. Ekosistema hori Euskadiko Partzuergo Zientifiko-Teknologikoarekin (Mendaron), bi unibertsitaterekin (Eibarren), bi zentro teknologikorekin (Eibarren eta Elgoibarren) eta Lanbide Heziketako 6 zentrorekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 12 unitate) eta ETEentzako berrikuntza eta transferentzia teknologikorako zentroarekin osatzen da.
“Eibarrek eskualdea gidatuko badu, dagoen jarduera mantentzearen eta garatzearen alde egin behar du, negozio-aukera berriak sortzeaz gain. Hori posible da Eibarren, baldin eta eragile instituzional, ekonomiko, akademiko eta sozial guztiak lerrokatzen bagara, eta horixe da EAJ-PNVk Udaletik eskaintzen duena”, azaldu du Mendicutek.
Hamarkadetan zehar jasan dugun desindustrializazioa dela eta, pasa da kexatzeko garaia. “Etorkizuna eraiki behar dugu, eta eskutik helduta egin behar dugu. Eragile ekonomikoak entzun ditugu, eta argi esan digute: industriaren aldeko apustua egin nahi badugu, alternatibak eskaini behar dizkiegu. Azitanen 60.000m2 daude industriarako erabili ahal izateko”, azpimarratu duenez.
Matsaria: berreskuratu eta handitu
Ildo beretik, jeltzaleek Matsaria industrialdeko goiko aldean lurzorua erreserbatzea proposatu dute. “30.000m2-ko zabalgunea da, Mandiolaballe aldera igota, eta planeamenduan etorkizuneko jarduketa posibletzat hartu beharreko lurzoru-erreserba litzateke, Matsariako behealde osoa berreskuratu ondoren”, azaldu dute.
Horrela, EAJ-PNVk Matsariako behealdean eraispen selektiboak planteatzen ditu, eraikin babestuak mantenduz eta kalea zabalduz, espaloiak eta berdeguneak lortzeko. Mendicutek azaldu duenez, Matsariako beheko aldea “Eibarko hazkunde naturala da, erdialdeko eta ekialdeko eremuaren hedapen bat”, konexioak konponduz eta Errebal eta Urkizuko eremu osoari irtenbidea emango dion makroparking batekin.
Zentzu horretan, EAJ-PNVk Tren Geltokiaren intermodalizazioa defendatzen du, inguruari hiri-itxura emanez, horrela Estaziño, Urkizu eta Jardiñeta integratuz. Horretarako, Matsariako behealdea erabat berroneratzearen alde agertu dira, hutsik dauden eraikinen zati bat eraitsiz eta kale berri bati lekua emanez, non jarduera berriak egin daitezkeen.
Matsariako goiko aldean, dagoeneko garatuta dauden zenbait lokal hutsik egon dira hainbat urtez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Txontako enpresentzat gordeta izan baititu. “Azkenean, desblokeatu egin dira, eta jarduera ekonomikoetarako merkaturatu ahal izango dira”, poztu dira jeltzaleak. Mendicuteren iritziz, industriaren alde egitea kalitatezko enplegua sortzearen aldeko apustua egitea da. “Industriaren eta gizarte kohesionatu baten alde egitea txanpon beraren bi aldeak dira, aberastasuna sortu nahi dugu banatzeko. Ezin dugu desindustrializatzen jarraitu, Eibarrek pultsua berreskuratu behar du”, ohartarazi du.
Ibur-Erreka osatu
Ibur-Erreka poligonoaren kasua konplexua da Eibar, Elgeta eta Zaldibar udalerrien arteko muga-izaera duelako, Eibar eta Ermua arteko bidearen erdian. Hala ere, erreka leheneratu ondoren, haren ekialdeko aldea Eibarkoa da. Indarrean dagoen HAPOan industrialde gisa jasota dago, eta pabiloiak aurreikusi ziren guztira 45.000m2-ko azaleran (Ibur-Errekan guztira 33.416m2-ko aprobetxamendua dago, 45.954m2-ko azaleraren gainean eraikita). Gaur egungo HAPOn 23 partzela daude aurreikusita (A-tik W-ra), finkatuta dauden lurzatiez gain. Gainera, indarrean dagoen HAPOn gizarte-ekipamendu bat, jabari publikoko merkataritza-ekipamendu bat, kirol-parke bat, berdegune batzuk eta bide-sistema lokal bat aurreikusten dira, bide-sistemaz eta ibai-ibilguez gain.
“Egia da Ibur-Erreka osorik garatzea konplexua dela, inbertsio pribatua eskatzen duelako, baina enpresa-aukerak sortzen badira, asko hobetuko da. Horregatik, uste dugu etorkizunean interesgarria izango dela aukera hori izatea”, Mendicuteren esanetan. Zinegotzi jeltzalearen ustez, akatsa litzateke indarrean dagoen plangintza atzera botatzea. “Ez du zentzurik, alde batetik, Ibur-errekan parke handi bat egiteak, eta, bestetik, Barrenan, Txontan eta Otaolan eraikuntza-dentsitatea mantentzeak edo egungo kokapenean Guardia Zibilaren hilerria eta kuartela betikotzeak. Eibarrek parkeak behar ditu hiri barruan, eta industriak lekua behar du industrialdeetan”, azaldu du.
Hori dela eta, udal talde politikoek Ibur-Errekako industrialdearen garapena ez eteteko “epe luzeko ikuspegia” izatea espero du EAJk. “Industriak enplegua eta erosteko ahalmena sortzen ditu, hiriko merkataritza- eta ostalaritza-jarduerek ere lan egin dezaten”, azpimarratu du.
Polo Teknologikoa: funtsezko egitasmoa
Industrialdeez gain, Eibarko EAJ-PNVk aspaldidanik aldarrikatu du Polo Teknologikoaren garapenaren garrantzia, non Udalak lurraren jabetzaren zati bat duen. Gure industriaren modernizaziorako eta lehiakortasunerako funtsezkoa da zientziaren eta teknologiaren alde egitea, amantala zuriko industrien alde, berrikuntzaren eta ezagutzaren alde.
Joan den urtarrilean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak (EAJ-PNV) iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 16 milioi euroko inbertsioa egingo zuela Erisono handitzeko, funts propioekin, industria aurreratu berria erakartzeko. Albiste bikaina Eibarrentzat eta eskualde osoarentzat. Horrekin, Eusko Jaurlaritzak bere jabetzako lurrak garatuko ditu, eta Teknikerren eta Udalaren jabetzako lurrak, berriz, egiteke daude.
“Gure aldetik erabateko borondatea egongo da Eibarko Udalak ere dagokion zatia egin dezan”, Mendicuteren esanetan. Polo Teknologikoa hiriaren aldeko etorkizuneko apustua da, eta EAJ-PNV hori bultzatzeko egon da, dago eta egongo da. EAJ-PNVk hiri jasangarriaren aldeko apustu sendoa egin du: “gure betiko hiriaren ikuspegi berri bat, Eibar izan dadin egunero bizitzeko eta lan egiteko leku hobe bat”.
Horregatik, hain zuzen ere, EAJ-PNVren ustez funtsezkoa da industria-lurzoruaren erreserba bat izatea. “Gu gara Plan Orokor berrian industriaren aldeko apustua egiten ari garen bakarrak”, diote. Udal talde jeltzaleak gaur egungo gobernu taldeak kontratatutako enpresak aurkeztutako Aurrerapen proposamenari egindako zuzenketak 212 dira guztira.
PROPOSAMENAK
1.- Azitain handitzea: 60.000m2.
2.- Matsaria handitzea: 30.000m2.
3.- Ibur-Erreka: 35.000m2.
4.- Matsaria behea berroneratzea: 25.000m2
5.- Erisono-garapena.
6.- Industria garbietarako pabiloiak birgaitzea: Txonta eta Otaola.
7.- Azitaingo bideak ebaztea.
8.- Matsaria poligonorako eta Markinarako tunelerako sarbide berriak.
9.- Dsuasio-aparkalekuak: Azitain, Matsaria, Otaola.
10.- Oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbideak eta industrialdeetarako garraio publikoa.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31