Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroa, elikadura katearen etorkizuneko garapena sustatzeko
Etorkizuneko elikadura ardatz duen proiektu ekintzaile zein digitala da ELIKER, elikaduraren balio katearen eragile desberdinekin elkarlanean aurrera eramango dena, enpresen lehiakortasuna hobetzea, proiektu jasangarriak garatzea eta sektorearen erronkei erantzutea helburu hartuta.ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren proiektu berria aurkeztu dute gaur Tolosan sektoreko eragileen aurrean, elkarlanak proiektuan duen pisu eta garrantziagatik.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Tolosako alkatea, Olatz Peon Ormazabal, Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Xarles Iturbe Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduraduna eta Imanol Zubelzu, ELIKER proiektuaren koordinatzailea.
Euskadiko etorkizuneko elikaduran Tolosa erreferentziazko gune
Euskadiko elikadura-industriaren garapenerako Eusko Jaurlaritzak eta Tolosako Udalak lankidetzan sustatutako proiektua da ELIKER. Eusko Jaurlaritzak sektorearekin elkarlanean egindako diagnostikoan du abiapuntua ELIKERek, identifikatutako behar eta erronken gainean osatu baita ELIKER proiektuaren ibilbide orria eta jarduera plana. Zentroak Tolosan izango du egoitza eta kokalekua, Tolosa etorkizuneko elikaduraren inguruko erreferentziazko gune bilakatzeko helburuarekin.
Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu du jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapena bermatzeko ekimen berriak abiaraztea ezinbestekoa dela are eta gehiago elikadurari lotuta gurea bezalako herri eta eskualde batean, paisaiari, gure izaerari eta ekosistema osoari eusteko. “Tolosak eta Tolosaldeak ekosistema indartsua dute; sare eta ehun sendoa elikaduraren bueltan: lehen sektorea, azokak, merkataritza, ostalaritza, elikagaien industria… 100 enpresatik gora ditugu zuzeneko 1890 lanpostu sortzen dituztenak; eta horixe da gure indargunea, ekosistema sendoa, horregatik kokatuko da ELIKER Tolosan. Elikadura kate osoa sustatu eta indartzera dator ELIKER, azokari, gastronomiari eta industriari lotuta, kalitatean azpimarra jarriz, proiektu ezberdinak aktibatuz, egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko” gaineratu du.
Arantxa Tapia sailburuak adierazi duenez “mundu mailako erronka bilakatu da elikadura. Euskadin azken urtetan lanean dihardugu ildo honetan, elikaduraren balio-kate osoan ekosistema publiko pribatu garrantzitsua dugu berrikuntzan oinarrituta. Euskadiko elikagaien balio-kateak ezaugarri bereziak ditu, gure lurraldearen dimentsioagatik, landa-hiri arteko harreman estuengatik eta I+G+b arloan egindako ahalegin handiagatik. ELIKER proiektua ekosistema honetara batuko da eta Tolosa izango da etorkizunean elikaduraren alorreko erreferentziazko gunea Euskadin”.
Enpresen garapena eta merkaturatze estrategia berriak, lan lerro nagusiak
Etorkizuneko elikadura ardatz duen proiektu ekintzaile zein digitala da ELIKER, Tolosa eta Tolosaldeko elikaduraren balio katearen eragile desberdinekin elkarlanean aurrera eramango dena, enpresen lehiakortasuna hobetzea, proiektu jasangarriak garatzea eta sektorearen erronkei erantzutea helburu hartuta. “Horretarako, ordea, ekosistema hori estimulatu, batu, indartu eta koordinatuko duen proiektua behar da, bateratua izan dadin erronka horiek gauzatzeko eta lortzeko bidea. Hori izan nahi du ELIKERek: elikadura katea lankidetzan jarriko duen zentroa, Tolosa gastronomiaren hiriburu bilakatzeko” adierazi du Iturbek.
ELIKERek bi zutabe nagusi izango ditu: batetik, elikadura industriaren elkarlanaren estimulazioa eta bestetik, merkaturatzea. Bi zutabe horietatik abiatuta, Kalitatezko Elikaduraren zentroak 5 lan lerro nagusi izango ditu elikadura-industriaren garapenerako: industria jarduerak, formakuntza, digitalizazioa, ekintzailetza eta berrikuntza, besteak beste, zerbitzu lerro berriak eta sinergiak sortu, sektorearen profesionalizazioa bultzatu, ekoizpen prozesuak egokitu, salmenta bide berriak jorratu edota enpresa berrien sorrera sustatzeko.
Egitasmo zehatzak helburuak lortzeko
Aurrez azaldutako helburu eta asmoak gauzatzeko ekintza zehatzak definitu dira, bi multzotan sailkatuta, eragin esparruaren arabera. “ELIKERen ekintza planaren ardatz nagusi dira kalitatea, etorkizuneko elikadura eta izaera kolaboratiboa” azpimarratu du Zubelzuk.
1. Sektorearen garapen jasangarria
Enpresen lehiakortasuna eta maila gastronomikoa garatzeko jarduerak sustatuko ditu zentroak. Eta proiektu berrien sustatzaile ere izango da. Zentzu horretan, lehenik eta behin:
1) Eskualdeko enpresen saretze lana egingo da, diagnostikoa eguneratuko da eta elkarlanerako aukera berriak identifikatuko dira aliantza berriak sortzeko.
2) Elikadura katea sustatuko da proiektu kolaboratibo ekintzaileen bidez. Aurtengo urterako aurreikusitako proiektuak:
- Haragi ekoizpena, produktu eta erabilera berriak.
- Alkohol baxuko edari berriak
- Barazki, mikro-begetal eta ekoizpen berriak
3) Gozogintza sektorea indartzeko etorkizuneko gozoen inguruko gida eta jardunaldiak egingo dira.
4) Elikadura katearen topaketa ekitaldia egingo da.
5) Packaging molde berriak sustatuko dira, Tolosak paperaren ekoizpenean izan duen ibilbidea eta gaur egun duen paper ekoizpena kontuan izanik.
2. Promozio jarduerak, ekitaldi eta azokei lotuta
Tolosa gastronomiaren hiriburu bilakatzeko azoka berezi, jarduera estrategiko eta ekitaldiak antolatuko dira, beti ere, merkaturatze eredu berrietara egokituta.
Tolosan egiten diren azoka bereziak indartu egingo dira: Haragi, Goxua, Babarruna... eta berriak sustatuko dira: esnekien inguruko topaketa eta azoka, esaterako.
Halaber, bertako produktuen promoziorako, urteko 10 larunbat desberdinetako tokiko produktu desberdinen promozio ekintzak egingo dira larunbateroko azokan. Promozio eta salmenta gune desberdinak aktibatuz. Halaber, Azoka Lagunak proiektu estrategikoaren sustapenean ere bidelagun izango da ELIKER, proiektuan sakontzeko helburuarekin.
Elikadura kate osoan ekintzailetza, berrikuntza eta proiektu kolaboratiboak sustatuko dira, aliantza estrategikoak sortu eta bultzatzeko. Horixe izango da ELIKER zentroaren egitekoa: estimulatu, garatu eta sustatzea, Tolosa etorkizuneko elikaduraren inguruko erreferentziazko gune izateko.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31