Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Herritar orori “enplegua, babesa eta etorkizuna” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Urretxuko Udalak eta Aldundiak
Herritar orori “enplegua, babesa eta etorkizuna” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Urretxuko Udalak eta AldundiakKirolarekin, mugikortasunarekin eta ingurumenarekin lotutako alderdiak daude Urretxuko Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako proposamen nagusien artean. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, bilerak egiten ari da hainbat udalerritan, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzeko eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko. Gaur, Urretxun, Jon Luqui alkatearekin elkartu da, herriko proiektu nagusiei buruzko ikuspegiak partekatzeko, zainketen arloan abian jarritako ekimenak ezagutzeko, eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen nagusiak aztertzeko.
Diputatu Nagusiak, Urretxuko alkatearekin izandako bileraren ondoren, non Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak ere parte hartu duen, adierazi du “lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua garela, pertsona guztiei enplegua, babesa eta etorkizuna eskaintzen diena”; eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela lankidetza-ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Ildo horretan, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko.
“Gipuzkoak, etorkizunean ere, pertsona guztiei babesa, lana eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du. Buru-belarri ari gara lanean helburu hori lortzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da lankidetza. Alde batetik, horrek esan nahi du erakundeen arteko lankidetza- eta harreman-ildoak estutu behar direla, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartu behar direla”, diputatu nagusiak Urretxuko alkatearekin elkartu ondoren azaldu duenez.
Kirola, mugikortasuna eta ingurumena.
Erakundeetako arduradunek tokiko proiektu nagusiak partekatu dituzte bilera batean, eta joan den martxoaren 18an Urretxun kokatutako Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez lortutako ekarpenak eta iritziak aztertu dituzte. Urretxuko biztanleei galdetzen zitzaien nola irudikatzen duten Gipuzkoa 2040an, eta diputatu nagusiak azaldu duenez, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 22 udalerritan eta unibertsitateko lau campusetan egon da, eta 3.000 ekarpen baino gehiago jaso dira.
Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, Olanok gaur azaldu duenez. Kapsulak 314 ekarpen jaso ditu Urretxun, eta horien artean kirol-instalazioen hobekuntzarekin eta aniztasunarekin lotutako proposamenak nabarmentzen dira, baita mugikortasuna eta natura zaintzea ere. Jarraian, azpiegiturekin lotutako alderdiak, mugikortasunaren arloko proposamenak eta gazteen aldeko politiken beharra nabarmendu dira haien ekarpenetan.
Era berean, alkateak Etorkizuna Eraikiz kapsulak Urretxun jasotako ekarpen kopuru handia azpimarratu du, baina gaineratu duenez, “ez da harritzekoa, azken urte hauetan egiaztatu baitut herritarrek parte-hartze prozesuetan duten inplikazio handia, Urretxuren oraina eta etorkizuna guztion artean planteatu, definitu eta eraikitzeko”. Era berean, nabarmendu nahi izan du herritarren kezkak eta eskaerak bat datozela legegintzaldi honetan gauzatzen ari diren proiektuekin, bai azpiegitura fisikoei dagokienez, bai pertsonei ematen zaizkien zerbitzuei dagokienez. “Pandemiak errealitate konplexuak eta aurreikusi gabeak lehenestera eta kudeatzera behartu gaitu, baina Udalaren egoera ekonomiko eta finantzario onak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta erakunde publiko eta pribatu ugarirekin lankidetzan aritzeko dugun gaitasunak aukera emango dute gure bizilagunekin adostu duguna bete ahal izateko”, gaineratu du.
Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik, herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Ahalegin horretan, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” gaineratu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31