Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak ekainean hasiko dira
Partaidetza prozesuaren bigarren eta azken fasean zehaztu dira etxearen helburuak, funtzionamendua, kudeaketa eta finantzaketa ereduak eta baita ere jarduera eta zerbitzuak.Tolosako Udalak esleitu ditu Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak eta amaiera eman zaio, baita ere, partaidetza prozesuaren bigarren eta azken faseari.
Iazko maiatzean abiatu zuen partaidetza prozesuaren 2.fasea Tolosako Udalak. Denbora honetan, 4 talde aritu dira buru-belarri lanean: talde motorea, lantalde politiko-teknikoa, talde eragilea eta Gune Zabala, kudeaketa eredua finkatu, finantzaketa partekaturako eredua adostu eta etxearen erregelamendua, funtzionamendua eta zerbitzu eta jarduerak zehazteko.
“Hastapenetetik, elkarlanean sortu eta garatutako proiektua izan da Tolosaldeko Emakumeen Etxearena, horregatik, azpimarragarri eta aberasgarria da egindako bidea eta prozesu luze honetan parte hartu duten emakume guztien konpromisoa, inplikazioa eta lana eskertu nahi ditut, talde eragilearena bereziki” esan du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.
Gune Zabalaren azken bileran erabaki zen etxearen izena: ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea. “Emakumeen egoitza, eraldaketarako gune eta tresna izango da sortzera goazen etxea; emakumeak ahalduntzeko, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko, emakumeok indarrak batu ditzagun” gaineratu du alkateak.
Ezaugarri eta printzipio gisa izango ditu ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak: belaunaldiartekotasuna, aniztasuna, errespetua eta irisgarritasuna eta elkargune berria izango da dinamikoa, aktiboa, hezitzailea, inklusiboa, laikoa, parte hartzailea, arnas-gunea eta feminista.
Finantzaketa eredu partekatua
Egun, eskualdeko 24 herri ari dira proiektuan parte hartzen. Udalerri bakoitzak proiektuari egingo dion ekarpen ekonomikoa herri bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa izango da.
Tolosako udalak eraikinak jarri eta eraikinen hornidura (obra) guztia bere gain hartuko du. Gastu arruntetarako, jarduera eta zerbitzuetarako ekarpen ekonomikoa ere egingo du eta udaletxeko berdintasun teknikariak, Emakumeen Etxera lekualdatuko direnak, bertako dinamizatzailearekin elkarlanean arituko dira, etxearen dinamika aurrera eramateko eta honen jarraipena egiteko.
Eskualdeko udalak arduratuko dira etxearen dinamitzailearen lanpostuaren kostuaz eta mantenu gastuei, jarduerei eta zerbitzuei aurre egiteko ekarpena ere egingo dute.
Erabiltzaileak, lan taldeak eta etxearen lehentasunezko jarduera eta zerbitzuak
Etxearen kudeaketa ere partekatua izango da erakundeen eta Eskualdeko Mugimendu Feministaren eta emakumeen taldeen artean. Horretarako, lantaldeak sortuko dira eta Etxearen Elkartea ere sortu da.
16 urtetik gorako emakumeek erabili ahal izango dute espazioa. Etxearen jarduerak emakumeei zuzendutakoak izango dira, oro har. Jarduerak etxean nahiz etxetik kanpora egingo dira, Tolosan zein eskualdeko udalerrietan. Lehentasuna izango dute etxea ezagutarazteko, harremanak eraikitzeko eta bedintasuna eta kontzientzia feminista sustatzeko jarduerek. Hala, ate irekiak, emakumeen etxeen arteko topaketak, tailerrak, ikastaroak, batzarrak, jarduera ludiko edo gastronomikoak (bazkariak, afariak...), jarduera kulturalak, kirol jarduerak, kaleko ekintzak edota ekimen solidarioak egingo dira.
Zerbitzuei dagokienez, aholkularitza zerbitzuak eskainiko dira (aholkularitza psikologikoa, juridikoa, laborala, sexualitatearen ingurukoa...) eta ahalduntzeko gune eta dinamikak ere egingo dira. Emakume sortzaileen gunea ere garatuko da eta baita behatoki kritikoa, azterketa lanetarako.
Astelehenetik ostiralera egongo da etxea irekita, goizez eta arratsaldez, eta publikoari irekita dagoenean etxean izango den dinamitzaileak egingo die harreta bertaratzen direnei.
2023an zabalduko ditu bere ateak ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak
Emakumeen Etxea Inpernu kaleko 5,7 eta 10 zenbakietako lokaletan eraikiko da, elkarren ondoan dauden bi lokaletan, alegia. Tolosako Udalak lokalak egokitzeko eta bertako plaza eraberritzeko obrak egingo ditu; proiektua prest dago eta dagoeneko esleitu dira lanak.
Guztira, 600 metro karratu izango ditu etxeak eta hainbat espazio: harrera-gunea, egongela, areto nagusia, balioanitzeko gelak, bilera gelak, bulegoak... espazioa erakargarriagoa egiteko, kanpokaldeko itxura eraberrituko da eta bateratasuna emango zaie, material berdinak erabilita, bi lokalei zein kanpoko plazari. Espazio malgua izango da, erakargarria eta irekia, erabilera anitzetarako. Espazio txiki zein pribatuak ere izango ditu.
Obrak Urbycolan S.L. enpresari esleitu zaizkio 597.709,22 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Aurreikuspenen arabera, ekaina erdialdean hasiko dira obrak eta 8 hilabeteko iraupena izango dute. Aurrekaldeko lokala 2023ko urtarrilerako prest izango da eta atzekaldeko lokalako eta plaza erabitzeko lanak otsailerako amaituta egotea aurreikusten da. Paraleloki altzarien horniketari dagokion esleipena abiatuko du Udalak 85.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).
Beraz, poliki poliki, baina martxa onean doaz Tolosaldeko Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko lanak eta proiektu estrategiko honen baitan emandako aurrerapausoak “sendoak” eta “garrantzitsuak” direla azpimarratu du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31