Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/05/12

Edadismoari aurre egiteko belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka

200 lagun elkartu dira Etorkizuna Eraikiz Foroaren bigarren edizioan, gaur arratsaldean Donostiako Kursaal aretoan egin dena
Edadismoari aurre egiteko belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka

200 lagun inguru elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean, Etorkizuna Eraikiz Foroaren bigarren edizioan, belaunaldien arteko elkarrizketa ardatz izan duena. Gazteak eta adinekoak, Nazio Batuen Erakundeko aditu bat, erakundeetako ordezkariak eta tokiko eta nazioarteko belaunaldien arteko esperientzien arduradunak ordu eta erdiz aritu dira gai horren inguruan hausnartzen. Guztiak bat etorri dira munduko edozein eskualde edo lurralderen etorkizuneko agendan txertatu beharreko gaia dela azpimarratzerako orduan. Gipuzkoaren kasuan, edadismoari aurre egitea, gazteek zein adinekoek pairatzen dutena, eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea dira landu beharreko bi elementu nagusiak, etorkizunean adin guztietako pertsonen ikuspegia eta premiak integratu eta kontuan hartuko dituen lurraldea eraikitzeko.

Foroa Etorkizuna Eraikiz ekimenak aurten martxan jarri duen komunikazio eta partaidetza-kanal berria da, herritarrak lurraldearen etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidan eta hausnarketan inplikatzeko. Funtsean, plaza publiko berria irekitzea da helburua, non adituek eta herritarrek bat egingo duten hainbat gai interesgarriren inguruan. Esaterako, martxoan Foroaren lehenengo edizioan jorratu zen ziurgabetasunaren gaia, edo belaunaldien arteko elkarrizketa, gaurko ekitaldian landu dena. Foroaren hirugarren edizioa udazkenerako dago aurreikusita, eta aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura izango du ardatz. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzaren emaitza da, eta bi erakunde hauen lurraldeko arduradun nagusiek ekitaldian parte hartu dute.

Horrela, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko lehendakariak egin du ekitaldiaren irekiera, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle, American Universityko Washington College of Lawko irakasle laguntzaile eta NBEko DESC Batzordeko kide den Mikel Mancisidorrek egin du hizlarien aurkezpena. Ekitaldia Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak itxi du. Halaber, ekitaldiaren hasieran bideo bat proiektatu da, gazteen eta adinekoen testigantzak biltzen dituena, eta, denen artea, adin ezberdineko pertsonen arteko elkarrizketa bat osatu dute Foroaren bigarren edizioaren gaiari lotuta, belaunaldien arteko elkarrizketari buruz hain zuzen ere.

Edadismoa gazteengan

Isabelle Legare aditu kanadarraren ustez, edadismoa da belaunaldien arteko elkarrizketarako oztopo nagusietako bat. “Edadismoaz ari garenean, adinean oinarritutako eta norbanakoen edo giza-taldeen aurkako estereotipoez, aurreiritziez edo diskriminazioez ari gara”, azaldu du. Legarek arreta jarri du gazteek jasaten duten diskriminazioan, adinekoek jasaten dutena baino gutxiago aztertua izan dena orain arte. "Gazteen hitza zalantzan jartzeko joera dago,

edozein mugimendu politikotan egiten dituzten ahaleginak mugatzekoa", adierazi du. Europan, zehaztu duenez, 15 eta 24 urte bitarteko pertsonen artean, %55,4k dio errespetu faltarekin tratatu izan dituztela (alde batera uzten dira, tutorizatuak izateko joera dago…), eta % 41,1ek tratu txarra jaso dute (irainak, abusuak….), eta adin talde hau dela edadismo gehien jasaten duen pertsona multzoa.

Legarek defendatu du politika publikoak, hezkuntza eta belaunaldien arteko esku-hartzeak izan behar direla hiru zutabeak diskriminazio mota horri aurre egiterako orduan. Nabarmendu duenez, “belaunaldien arteko elkarrizketa lagungarria izan daiteke parte-hartze politikoa bultzatzeko, politika publiko egokiagoak sortzeko eta epe luzeko pentsamendua lantzeko”. NBEko adituak politika aurreratuen adibideak aipatu ditu, hala nola, Kanadako Generation Squeeze erakundea, zeinak herrialde honetako Gobernuari aholku ematen baitio belaunaldien ikuspegitik orekatuagoak diren aurrekontuak diseinatzeko, bai eta adin guztietako pertsonak alderdi eta prozesu politikoetan sartzeko ere. Azkenik, Legarek proposatu du Europan antzeko tresnen alde egitea, hala nola belaunaldien arteko aholku batzordeak sortzea, alderdi politikoetan gazteen kuotak ezartzea edota afera hau ikertzera baliabide gehiago bideratzea.

Jarraian, Koldobike Olabide Legazpiko alkateak eta María Ruiz ISEAko I+G koordinatzaileak Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen Legazpi Intergenerazionala proiektua aurkeztu dute. Urola Garaian belaunaldien arteko trukerako, esperimentaziorako eta lankidetzarako gune ireki bat diseinatzea eta sortzea da honen helburu nagusia. Belaunaldien arteko zentroaren diseinuaren bidez, adin ezberdinetako pertsonen arteko lotura bultzatu nahi da garapen komunitariorako, asmo partekatuak, aisialdi indibiduala edo partekatua, pertsonen arteko harremanak, lana eta ikaskuntza indibidual edo kolektiboa bultzatuko dituen espazio bat sustatuz. Bigarren esperientzia Leire Ibañezek eta Agnès Gràciak aurkeztu dute Genevatik (Suitza). Zehazki, Child Rights Connect proiektua ekarri dute Etorkizuna Eraikiz Forora, haur eta gazteen parte-hartzea hobetzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube